Protestak herrialde arabiarretan

Botereari irmoki lotuta

Dimisioa emango zuela zabaldu bazen ere, iraila bitartean botereari eutsiko diola berretsi du Hosni Mubarak presidenteakTahrir plazan bildutako manifestariak euforiatik erabateko haserrera pasa dira

2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Hosni Mubarakek ez du amore eman. Hamazazpi egunez Kairoko kaleetan milaka herritarrek presidentearen dimisioa exijitu badute ere botereari irmoki lotuta dago diktadorea. Bart nazioari zuzendu zitzaion eta iragan asteko mezu bera errepikatu zuen; iraileko hauteskundeak bitartean boterean jarraituko duela. Kontzesio gisa botere batzuk Suleiman presidenteordearen esku uzteko aukeraz mintzatu da.

Irailean ez da berriro lehiatuko eta konstituzioaren hainbat artikulu aldatuko dituela iragarri du, boterea uzteko presiorik, baina, ez du onartuko. «Martirien odola ez da alferrik galduko», gaineratu du. Baina Kairoko Tahrir plazan presidentearen mezuak sekulako haserrea piztu du. Izan ere atzo arratsaldean presidentearen dimisioaren zurrumurrua zabaldu zen. Festa giroan ospatu zuten manifestariek ziurtzat jotzen zuten dimisioa. Lehendik bilduta zegoen jendetzari, gainera, dimisioaren hotsek gogoa berotuta kalera egin zuten milaka herritar batu zitzaizkion. Soldaduek plazaren sarrerak libre utzi zituzten eta bilkura onartu zuten. «Mubarak kaleratzea lortu dugu», oihukatzen zuten arratsaldetik, presidentearen hitzak entzun baino hainbat ordu lehenago.

Armadari begira

Armadak herritarren alde egingo zuela pentsatu zuten manifestariek. Izan ere, Kontseilu Nagusiaren bileraren ostean, Hassan al Raueni armadaren buruak euren eskariak beteko zirela iragarri zien Tahrir plazan bildutakoei. Plazan bertan izan zen Raueni herritarrei berria ematen. Egiptoren segurtasuna zaintzea eskatu zien, era berean. Raueniren hitzak garaipentzat hartu zituzten manifestariek. «Herriak erregimena eroraraztea eskatu du eta erregimena erori egin da», oihukatu zuten manifestariek.

Protestak hasi zirenetik armadari begira egon dira herritarrak, presidentearen defentsan ala manifestarien alde egingo ote zuen galdezka. Izan ere, hein handi batean, Mubaraken presidentetza armadaren esku egon da. Protestak hasi eta hainbat egunetara, ordea, «neutroak» izango zirela esan zuten. Herritarrak ez erasotzea hitzeman zuten, geroago.Manifestariek beso zabalik jaso zituzten soldaduak, Poliziaren bortizkeriari amaiera emango ziotelakoan eta euren alde egingo zutelakoan. Jarrera anbiguoa izan du, ordea, armadak, orain arte. Egunotan diktadorearen aldekoak eta kontrakoak bananduta mantentzen saiatu dira, baina ez dute ez alde batera, ez bestera egin. Atzo neutraltasuna hautsi zutela pentsatu zuten oposizioko herritarrek; Mubaraki bizkarra eman eta herritarrekin bat egin zuela uste izan zuten.

Rauenirekin hitzekin batera Ahmad Shafiken adierazpenak heldu ziren. Lehen ministroak Mubaraken ondorengotza negoziatzen ari zirela adierazi zuen eta hori ordu gutxi barru gerta litekeela gaineratu zuen. Geroago atzera egin eta guztia «Mubaraken esku» zegoela esan bazuen ere, manifestarien poza ez zuen itzali.

CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentraleko zuzendariak, Leon Panettak, presidenteak bart boterea uzteko aukera «oso handia zela» azaldu zuen. Hori horrela, garaipena inoiz baino gertuago ikusi zuten hamazazpi egunez Mubaraken aurkako protestetan parte hartu duten herritarrek, eta manifestarien artean euforia gailendu zen.

Herrialdea geldiarazi dute

Hosni Mubarakek baina irmoki eutsi dio aginteari.Herritarrak baretzeko hainbat neurri iragarri ditu egunotan eta horiek errepikatu baino ez ditu egin. Besteak beste, bere semea, Gamal Mubarak iraileko bozetan hautagaietako bat izango ez zela hitzeman zuen. Gobernu berria izendatu zuen, konstituzioko hainbat neurri aldatzea proposatu zuen eta pentsiodunei eta funtzionarioei soldatak igotzea erabaki zuen. Ezein neurrik ez du, ordea, bere aurkako protestak isilaraztea lortu. Herritarrek hasierako eskaera berdinari eutsi baitiote, behin eta berriz; bere dimisioa.

Bestalde, herrialdea geldiarazi duten lanuzte masiboak egin dituzte egunotan. Hainbat urtez isilean egon ostean, langileak euren eskubideen alde borrokatzen hasi dira, iraultza demokratikoak adoretuta. Soldatak igotzea eta duintasuna exijitzera atera dira kalera. Kairoz gain, Egiptoko gainontzeko herri eta hirietara ere zabaldu dira greba deialdiak.

Ostiralero bezala, protesten gorakada aurreikusten zuten gaurko. Hori horrela, Ahmde Abul Gheitek kaos egoera gailentzen bada armadak esku hartuko duela iragarri zuen. Mubaraken mezuaren ostean, protestak indartzea espero da.

AEBek domino efektua gerta litekeela ohartarazi zuten, Tunisiako iraultzak adoretuta egin baizuten kalera egiptoarrek.Etxe Zuritik, zurrumurruen aurrean, Mubarakek boterea uztea ongi ikusten dutela adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.