Irailaren 11ko atentatuak. Hamargarren urteurrena (eta VI)

Gaur bezalako egun batean

Asteartea oskarbi esnatu zen New Yorken, 2001eko irailaren 11n; Dorre Bikien aurkako atentatuak mundua aldatu zuen egun hartan3.000 lagun inguru hil ziren atentatuetan; iltzatuta geratu zaio askori egun hura

New York
2011ko irailaren 11
00:00
Entzun
American Airlines konpainiako 11 zenbakidun Boeing 767 hegaldia, goizeko zortzietan, 92 bidaiarirekin, Bostongo Logan aireportutik Los Angelesera atera zen. Hamalau minutu geroago, aireportu beretik, 175 United Airlines Boeing 767ak gauza bera egin zuen 65 lagun barruan hartuta.

08:19an, American Airlines 11 hegaldiko Betty Ong azafata bere konpainiako erreserbak egiteko bulegoarekin harremanetan jarri, eta hegazkina bahitzen ari ziren ustea zuela adierazi zien.

Joe, Lis, Peter eta Osmar New Yorkeko bizilagunentzat ez zen egun berezia. Astearte arrunt bat zen, eta, betiko legez, norbera bere zereginetara bidean jarri zen.

08:21ean, American Airlines 77 hegazkinak (Boeing 757) Los Angeleserako bidaia abiatu zuen, Washingtongo Dulles aireportutik. 64 bidaiari zeramatzan.

Bi urte dira Joe World Trade Center berria eraikitzeko lanetan ari dela. Egun hartan, ordea, 61. Kaleko eraikuntza batean ari zen. Lis, berriz, Midtownera, Manhattanen erdi aldera, joan zen, han zuen-eta lantokia.

08:37an, American Airlines 11 hegaldia bahitua izan zitekeen susmoaren berri eman zioten NORAD Ipar Amerikako Aire Eremuko Defentsa Agintaritzari. Osmar, metrorantz zihoan orduan. «Zero eremutik gertu dagoen Chambers geltokira iritsi behar nuen».

08:41ean, Newarkeko aireportutik (New Jersey), United Airlines 93k (Boeing 757) San Frantziskorako bidaia abiatu zuen, 44 pertsona barruan hartuta.

Peter Brooklynen jaio eta hazitako gizona da. Gaur egun zero eremutik oso gertu dagoen eraikin batean egiten du lan garbitzaile gisa. Egun hartan, ordu horretan, E lineako metroa hartu eta Queeensen duen etxerantz abiatu zen. Ez zuen pentsatu bere trena ordutan azkena izango zenik.

08:46an, American Airlines 11 hegazkinak World Trade Centerreko iparraldeko dorrea jo zuen.«Irratia entzuten ari ginen albistearen berri eman zutenean», gogoratu du Joek. «Horrela jakin genuen eraikin bat lehendabizi, eta beste bat gero, bi hegazkinek jo zituztela».

Hamazazpi minutu geroago, United 175 hegaldiak hegoaldeko dorrea jo zuen. Bigarren kolpe hura mundu osoan zuzenean ikusi ahal izan zen, aurrekoaren eraginez kamerak hara begira jarrita zeudelako.

Lis eta bere lankideek ere telebistaren bidez jakin zuten gertakarien berri. «Hasieran inork ez genuen pentsatu eraso bat zenik. Hegazkinarekin zerbait gertatu zela uste genuen. Jendea ez zegoen batere arduratuta».

Osmarrek ere bazuen lehendabiziko eraikinean gertatutakoaren berri. «Istripua izan zela pentsatu nuen. Chambers eta Canal kaleen artean nengoen, metroan, bigarren hegazkinak hegoaldeko dorrea jo zuenean».

George Bush presidentea, egun hartan, Sarasotako (Florida) lehen hezkuntzako haurrekin zegoen. 09:07an, Etxe Zuriko prentsa arduraduna presidentearengana hurbildu, eta belarrira bigarren dorrean gertatutakoaren berri eman zion —lehendabizikoaren berri bazuen—, eta AEBak erasopean zeudela gaineratu zion.

Minutu bat geroago, New Yorkeko aire eremutik ateratzen edo pasatzen ziren hegaldi guztiak debekatu zituzten. Manhattango tunel eta zubi guztiak ixteko erabakia etorri zen segidan, eta, azkenik, hegazkin zibil guztien aireratzeak debekatu zituzten.

09:31: «Ekintza terrorista»

Bushek ikastetxean jarraitu zuen haurrei entzuten, edo itxura hori egiten. 09:31n, hedabideei mintzatuz, gertatzen ari zena «ekintza terrorista» bat zela aipatu zuen.

Esan eta izan. 09:37an, American Airlines 77 hegaldiak Pentagonoa jo zuen. Ondorioa berehalakoa izan zen: AEBetako presidentearen aginduz, airean zeuden hegazkin guztiek gertueneko aireportuan lurreratzeko agindua jaso zuten.

Gertakari haiek ikusita, 09:48ak zirenean, Kongresua eta Etxe Zuria hustu zituzten. Handik gutxira, 09:57an, Bushek Floridatik alde egin zuen, toki seguruago batera.

Osmar eta beste hainbatek 40 minutu zeramaten metroan. «Handik atera gintuzten. Estaziotik atera, eta lehendabiziko dorrea, hegoaldekoa, erori egin zen». Goizeko hamarrak izateko minutu bat falta zen. Segundo gutxitan dorrea Manhattango paisaiatik desagertu zen. Ondo gogoan ditu Osmarrek jendearen oihu eta lasterketak.

10:03an, United 93 hegaldia Shanksvillen (Pennsylvania) erori egin zen, ustez bidaiariek hegazkinaren kontrola hartu nahi izan zutenean. Handik 25 minutura, bigarren dorrea etorri zen behera, ordu batzuk lehenago tente, harro kokatuta zeuden lekuan hutsune nabarmena utziaz.

Hautsez jositako jendea

Peter Queens auzora iritsi zen azkeneko trenean. «Jende guztia telebistari begira zegoen, eta horrela jakin nuen zer gertatzen ari zen». Ez zuen ezagunik dorreetan, baina gertatzen ari zenarekin «erabat triste» sentitu zen.

Lisek, berriz, lagunak zituen Dorre Bikietan. «Zorionez, alde egitea lortu zuten guztiek. Noski, nire lagunek ezagutzen zituzten bertan hil ziren asko eta asko».

11:04an, Nazio Batuen Erakundearen egoitza husten hasi ziren New Yorken.

Denbora asko telebistari begira pasatu ostean, konpainiatik ateratzeko agindua jaso zuten Lis eta bere lankideek. «Etxera jo genuen, oinez, ez zegoen-eta beste modurik. Gogoan dut nola topo egin nuen hautsez josita, zikinduta zetorren jende mordo batekin. Izugarria izan zen».

Joe ere oinez abiatu zen etxerantz. «Ez nintzen beldur, ziurrenik gertatzen ari zenaren inguruko informazio askorik ez nuelako. Baina minduta sentitu nintzen, erasopean ginelako».

Peterrek ere aitortu du gertatzen ari zena ikusita oso triste sentitu zela. «New York erabat aldatu zuen, gu ginena, pentsatzen genuena, hiria bera, dena aldatu zuten eraso haiek».

Osmarri negar malkoak ateratzen zaizkio. «Min handia sentitzen dut egun hura gogoratzean». Coney Islanden, Brooklyngo muturrean, bizi zen, eta sei ordu behar izan zituen etxera iristeko. «Jende mordo bat gindoazen elkarrekin oinez. Erotuta bezala zebiltzan asko; ez zekiten nora jo. Gainera, ez genekien eraso gehiago izango ziren, eta izuturik geunden».

13:04an, alerta gorena indarrean jarri zuen Bushek, eta, komunikabideen bidez, nazioari hitz egin zion Barksdaleko aire basetik (Louisiana).

Ez zen, ordea, egun hartako azkeneko eraikina oraindik erori. 17:25ean, World Trade Center 7 erori zen, ustez barruan sortutako suteek eraginda.

19:00 inguruan iritsi zen George Bush presidentea Etxe Zurira.Ordu eta erdi geroago, bulegotik nazioari hitz egin zion. 3.000 lagun inguru hil ziren atentatuetan.

Astearte hura eta ondorengo egunak amaigabeak izan ziren askorentzat. Bereziki beraien berririk izan ez eta familiartekoen bila zebiltzanentzat. Hondakin artean geratu ziren maite zituztenak aurkitzeko esperantzak.

Geroagokoak dira odol putzu gehiago ekarri dituzten Afganistango eta Irakeko gerrak, Madril eta Londres hirietako burdinbideetako hilotzak, horien harira segurtasunaren izenean hartu diren neurriak… Izan ere, egun hartako ekintzek, mundua aldatu zutela behin eta berriz errepikatu dute adituek. Izan liteke hori arrazoia, baina ez dago zalantzarik geroztik hartutako erabaki asko orduan gertatutakoan arrazoitu dituztela.

Asko hitz egin da hamar urte hauetan AEBetan gertatutakoaz. Zenbaitzuen ustean konspirazioak bakarrik argitu ditzake ordukoak. Beste batzuentzat konspirazioez hitz egiteak ez dauka ez hankarik eta ez bururik. Lisek, esaterako, egun ez du horretan sinesten, baina lehen bai. «Konspirazioren bat egon izan balitz, urte hauetan zerbait argitara aterako zela uste dut. Beraz, ez dut horretan askorik sinesten gaur egun. Baina nork daki…».

Bin Ladenen hilketa

Peterren ustez, teoria horietan pentsatu beharrean nahikoa da «egunerokoa bizitzea». Joek ere ez du halako ezertan sinesten. Hori bai, Peterrek dio bazekiela Osama Bin Laden eraso haien ustezko burua harrapatuko zutela. «Eta gustura nago, harro, hamar urteren ondoren aurkitu dugulako. Familientzat, norbait galdu zutenentzat oso garrantzitsua izan da».

Bin Laden Pakistanen hil zuten AEBetako tropek iragan maiatzean, eta haren gorpua itsasora bota zuten. Joeren ustez, «Osamak ordaindu du, baina horrek ez dauka bukaerarik. Bat akabatu orduko beste bat jaiotzen da. Al Kaeda ez bada, beste bat izango da. Zergatik? Inor ez dagoelako ados AEBek beste herrialdeetan egiten dutenarekin. Batzuetan asmatzen du, besteetan ez».

Ez zela gizon ona pentsatzen du Lisek. «Baina terrorismoaren beldur eta mehatxu guztiak pertsona bakarraren bizkar jartzea uste dut zentzugabea dela».

2006az geroztik zero eremuan berreraikita dagoen World Trade Center 7 eraikineko bulegoetan lan egiten du Lisek. Leihotik, berreraikitze prozesua jarrai dezake, eta Joe ikusi egunero han lanean. Obrek eragindako zikinkeria ataritik garbitzen jarraitu beharko du Peterrek bi kale atzerago. Eta Osmarri negar malkoren batek ihesi egingo dio handik pasatzen den bakoitzean. Izan ere, milaka new yorktarrei bezala, duela hamar urte, gaur bezalako egun batez gertatu, ikusi, bizi eta sentitutakoa oroimenean eta bihotzean iltzaturik geratu zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.