Frantziako lehendakaritzarako bozak

Engaiamendu gutxi harturik

Presidentetzarako hautagaien programetan ez da agertzen Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko konpromisorikSarkozyk ez du izenpetuko Europako hizkuntza gutxituen ituna; Hollandek bai

Martxoaren 1ean etorri zen Sarkozy Euskal Herrira. Etxalde bat bisitatu zuen, eta protesta ugari izan ziren bisitaren kontra. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Kanpainaren kari hautagaiek Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan gaindi egindako bisita kopuruak isla dezake hobekien hautagaientzat Euskal Herriak duen garrantzia. Hamar hautagaietarik bi dira bakarrik etorri: NPA alderdi antikapitalistako Philippe Poutou abenduan, eta UMPko Nicolas Sarkozy martxo hastapenean. Europe Ecologie Berdeak taldeko Eva Joly ere etorri beharra zen martxo bukaeran, baina ukandako istripu batengatik ezeztatu behar izan zituen bisitak. «Ez dut imajinatzen sozialisten kanpaina hautagaia hona etorri gabe», zioen Frantxua Maitia hautetsi sozialistak otsailean. Alta, horrela gertatu da; Sarkozyren aurkari nagusia, zundaketek igandean garaile kokatzen duten hautagaia ez da Euskal Herritik pasa. Ez zela oraindik hautagai izendatua, Larrainen egin pastoralera agertu zen, baina ez zuen inolako adierazpenik egin. Etorri gabe ere, Ipar Euskal Herritik eginiko aldarriei buruz egin ditzakete adierazpenak. Izan dira batzuk, baina ez dira inolaz ere hautagaien lehentasunetan kokatu.

Aurkezturiko programei doakienez, ez da bakar bat ere engaiatzen gatazka politikoaren konponketaren alde edota euskal preso politikoen Euskal Herriratzearen alde. Adierazpen batzuk egin dira, haatik, kanpainan. Sarkozyk Itsasun egin bisitan argiki azaldu zuen berriz presidente izendatua balitz orain arteko logikan segituko zuela. Bake prozesua abiatua denez geroz, beti errepikatu izan du Frantziako Gobernuak «Espainiako demokraziaren ondoan segituko» duela. Hots, urtez urte Espainiarekin eramandako elkarlanean segitu gogo du. Haren lehiakide nagusi François Hollande Alderdi Sozialistako hautagaiak ere jarrera bera du: «Ez dut ETArekin elkarrizketarik aurreikusten [...]. Terrorismoaren aurka eraman borrokan Espainiarekin ditudan harremanak mantenduko ditut, ondotik aterabide politikoak atzemateko gisan». Horra zer adierazi zuen Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiarekin bildu zenean, martxoan. Alta, lokalki, alderdi sozialistako ordezkariek ez dute ikuspuntu bera. Besteak beste, Hollandez oso hurbila da Frederique Espagnac, eta hark dio Frantziako Gobernua gatazka politikoaren barne den heinean konponketan ere engaiatu beharra duela. Parisen eta Euskal Herriaren artean den arroila ontsa islatzen du kontraerran horrek. Izan ere, UMPko, Alderdi Sozialistako eta zentroko Euskal Herriko ordezkariak egon ziren Aieteko Nazioarteko Konferentzian. Guztiek zuten erran Frantzia ere konponketan inplikatu beharra dela. Agian, abertzaleen bozek garrantzi handia ukan dezaketela dakitelako eta horiek bildu nahian aridirelako.

Joly, Jacques Cheminade (Solidarite et Progres) eta Poutou dira bake prozesuan inplikatzearen alde agertu. Bayrouk ez du adierazpenik egin. Haatik, jarreraz ez baldin badu aldatu behintzat, ez du Frantziako Gobernuaren parte hartzerik nahi konponketan. Aitzineko prozesuan argiki adierazi zuen: «Frantzia ez da inplikatuko gatazkaren konponketan, zeren eginen balu erran nahi luke krisi horren barne direla bi estatuak, eta hori gezurra da». Izan eskuin ala ezker, beste muturreko alderdiak edo aurka agertu dira edo ez dira mintzatu.

Lurralde elkargo promesik ez

Hautagai bakoitzak banatu esku orrietan, ez da euskal lurralde elkargoaren aipamenik ageri. Hala ere, engaiamendu batzuen gibelean, Ipar Euskal Herriaren ezagupena aurki daiteke, nahikeria politikoa izanez geroz. Adibidez, Jolyk dio «eskualdeen boterea eta autonomia azkartuko duela». Euskal Herriko Europe Ecologie Berdeen bozeramaile Jean Lissarrek jakinarazi zuen iragan astean euskal lurralde elkargoaren alde dela Joly. Poutouk ere dio bere programan «lurralde maila guztietan erabakitzeko aukera ematea» dela benetako demokrazia. Le Journal du Pays Basque kazetan jakinarazi zuen «biztanleriaren gehiengoa ados balitz»instituzio bat sortuko lukeela. Hollanderi doakionez, 54. proposamenean dio gobernuak planteaturiko lurralde erreforma ezeztatuko duela eta dezentralizazio pauso berri bat gauzatuko duela. «Demokrazia eta tokiko askatasunen azkartzea dakarren lege bat bozkaraziko dut». Aipatzen duten dezentralizazioaren III. akta horretan gauzatu daiteke lurralde elkargoa. Baina horrela izango denik ez du erran Hollandek. Duela urte bat, kontseilu orokorreko hauteskundeak zirela, Georges Labazee hautagai sozialistak argiki erran zuen erreforma horren barne, «beste lurralde batzuen gisara, Euskal Herria esperimentazio gune» izan daitekeela. Sarkozyren gobernuak erabaki erreforma zentralista indargabetzearen alde engaiatu dira Melenchon, Bayrou eta Jacques Cheminade ere (Solidarite et Progres).

Kanpainan egin izan diren hitzaldietan argitu dira iritzi batzuk. Adibidez, Bayrouk apirilaren 10ean Roazhonen (Bretainia) egin mitinean honako hau erran zuen bretainiarrei: «Alsazian eginen da, ez dago arazorik; beste nonbait egin daiteke ere, arlo horretan erabakiak hartzeko eskubidea duzue [...]. Esperimentaziorako den eskubidearen ezagupena beharrezkoa izanen da eraiki nahi dudan frantses modelo berrian [...]. Frantziak irabaz lezake, lurralde elkargoei autonomia emanez». Sarkozyk ez du bost urtez inolako adierazpenik egin horretaz, eta Itsasura etorri zenean ez zuen ezer berririk erran. Zehaztu zuenez, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren aldarria hiru parametro kontuan harturik eraman behar da aitzina: hautetsi gehienek alde izan behar dute, Frantziako Errepublikaren esparruan izan behar du, eta bortizkeriarik gabe eraman behar da aitzina.

Euskararen ezagupenaz

«Ez dut nahi etorkizunean Europako epaile batek erabakitzea eskualde bateko hizkuntza Errepublikaren hizkuntza dela, frantsesaren mailan ezarriz». Ez du, beraz, Europako hizkuntza gutxituen ituna izenpetuko, orain arte bezala, ezagupenik gabe utziko duela euskara. Le Pen, Melenchon, Dupont-Aignan eta Arthaud ere ofizialtasunaren aurka mintzatu dira. Hollandek, haatik, ituna izenpetzeaz gain, Frantziako Konstituzioa aldatzea «aurreikusten» du, «hizkuntzen ituna berresteko gisan». Jarrera bera du Bayrouk, eta euskararen ofizialtasunaren alde dira ere Joly eta Poutou.

Sarkozy Frantziako presidenteak lege egitasmoa osatuko zuela agindu zuen 2007an. Christine Albanel Kultura ministroak emandako hitza berretsi zuen 2008an, baina, ororen buru, lege beharrik ez zegoela adierazi zuen Frederic Mitterrand Frantziako Kultura ministroak. Geroztik ez dago gobernuaren lege xederik, eta diputatuek osatu dituzten lege proposamenak ez dira oraindik sartu parlamentuko egitarauan. Milaka lagun atera ziren karrikara martxoaren 31n, ofizialtasuna aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.