Katalunia. Legebiltzarrerako hauteskundeak

Katalunia, bidegurutzean

Aldarri independentista puri-purian dagoen unean heldu dira Kataluniako Parlamenturako bozak; bihar izango diraCiUk gehiengo osoa eskatu du behin eta berriz, baina inkesten arabera, ez du lortuko

Katalunia, bidegurutzean.
Samara Velte.
Bartzelona
2012ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Convergencia i Unioren ekitaldi nagusiak hauteskunde gauaren bertsio txiki bat zirudien bart; Kataluniako eta Europako banderazko itsaso baten erdian, konfiantzaz mintzatu zen Artur Mas presidentea, bihar bozak berriz irabaztearen ziurtasunez: «Igandean gure nazioaren etorkizuna eraikitzen hasiko gara».

Katalunia estatu propiora eramango duen presidentea izan nahi du Masek, eta «abentura» horretan barneratzeko deia egin zuen atzo. Katalanetik ingelesera egin zuen jauzi; CiU ziur da mundua Kataluniako prozesu independentistari begira dagoela, eta eskerrak eman zizkien nazioarteko hedabideei kanpainari kasu egiteagatik. Madrili ere zuzendu zitzaion: «Espainiak uste zuen Estatutua gutxietsita ez zela ezer gertatuko. Baina oker zegoen: irailaren 11ko manifestazioak bozak aurreratzea ekarri du, Espainiako Gorteei erakusteko oraingoan bai, oraingoan Kataluniaren nahia beteko dela».

Krisi erdian lehertu da Kataluniako aldarri independentista: %22ko langabezia dute, eta 2,2 milioi herritar pobrezian bizi dira. CiUk urte eta erdi baino ez du egin gobernuan; denbora gutxian, are gehiago piztu du herritarren haserrea, gizarte gaietan egindako murrizketengatik. Krisia neurri handi batean Espainiarekiko mendekotasunak eragin duela ulertuta, independentzia aldarria bere egin du Masek. Irailean, EAEren antzeko itun fiskal bat proposatu zion Mariano Raxoi Espainiako presidenteari; kalabazak jasota itzuli zen Madrildik Bartzelonara. Garai bertsuan, Biltzar Nazional Katalanak inoizko manifestaziorik jendetsuena antolatu zuen Bartzelonan, Diada egunaren harira; milioi eta erdi pertsona atera ziren kalera, estatu propioa eskatzera. Mezua argia zen, eta Masek bere alde erabili zuen: gobernatzeko beste bi urte gelditzen zitzaizkion arren, bozak aurreratu zituen, prozesu independentistaren izenean, eta haren buru jarri zen.

Masen irudi independentistak arrakasta izan zuen; kanpaina hasierako inkesta batzuek gehiengo osoa ere iragartzen zioten bere alderdiari. Presidenteak sutsuki eskatu du «ezohiko egoera baterako, ezohiko gehiengoa». Beharrezkoa du, ez badu alderdi independentisten eta PPren artean harrapatuta gelditu nahi. Batzuekin burujabetzaren alde egiten badu —eta orain arteko jarrerak bide horretan atzera ez egitea eskatzen dio—, besteen babesa galduko du; orain arte, PPren botoei esker atera ditu murrizketak aurrera.

Ez du, ordea, arreta azken urte eta erdiko kudeaketan jarri nahi izan; kanpainan zehar, estatu propioaren banderari heldu dio, arlo sozioekonomikoan zetozkion kritiketan ez hondoratzeko. Hauteskundeak irabaziz gero, Kataluniaren autodeterminazioari buruzko erreferenduma antolatuko duela hitz eman du Masek, «legezkotasuna errespetatuz». Espainiako Konstituzioak eskubide hori aitortzen ez badu ere, Kataluniako Parlamentuak galdeketak egiteko lege bat onartuko duela hitzeman du.

Gehiengo independentista

CiUk promesari eusten badio, esperotzekoa da parlamentuko diputatu gehienak autodeterminazioaren aldekoak izango direla. ERC Esquerra Republicana de Catalunya indartsu agertu da kanpainan; Catalunya Si herri plataformako aurpegi berriak baliatu ditu erakusteko alderdia bera ere aro berri batean dagoela, 2003 eta 2010 bitarteko hiruko gobernuak lagatako itzaletik aterata. CiUren politika neoliberalei muga jarriko dien alternatiba independentista gisa aurkeztu du bere burua. Hala ere, burujabetzaren izenean Masekin nahikoa kritiko ez izatea leporatzen diote.

ICV Iniciativa per Catalunya-Verdseko ekosozialistek, aldiz, ez dute horretan asmatu. Murrizketak salatu dituzte, baina autodeterminazioaren auzia bigarren planoan utzi dute; horregatik, epelkeria leporatu diete bi aldeetatik. Joan Herrera zerrendaburuak Greziako Syriza alderdi ezkertiarreko Alexis Tsipras izan du alboan kanpaina amaieran: hark ohartarazi du Andonis Samaras Greziako presidenteak ere «ahaztua» duela kanpainan iragarritako burujabetza, bozak irabaziz geroztik «sistema finantzarioari saldu» diolako.

PSC ere lekuz kanpo gelditu da burujabetzaren inguruko eztabaidan. Erreferenduma babestuko duela Espainiarekin adostuta egiten bada, baina burujabetzaren aurka bozkatuko duela iragarri du Pere Navarro hautagaiak. Independentziaren ordez, federalismoa proposatu du, baina beranduegi sartu du hirugarren aukera dagoeneko markatuta dagoen joko zelaian: inkestek inoizko beherakadarik handiena iragartzen diote.

Herenegun egin zuen alderdi sozialistak kanpaina amaierako ekitaldi nagusia, Bartzelonako Fira 2 eremuan. Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia ere bertan izan zen. «Espainiaren parte izaten jarraitzeko» laguntza eskatuz, esperotako promesa atera zion Navarrok hari: «Alemanian eta AEBetan funtzionatu duen ereduak egingo gaitu sendo: federalismoak», esan zuen Rubalcabak.

Ezkerrari ñabardura gehiago ematera dator CUP Candidatura d'Unitat Popular; politika «kaletik» egin behar dela ulertuta, azken urteotan udal hauteskundeetara aurkeztu da soilik. 2011ko udal bozetan 62.000 boto lortu zituen, eta gaur egun lau herritako alkatetza du. Nagusiki ERCrenak ziren botoak dira horiek.

PP eta Ciutadans, berriz, geroz eta ahulago entzuten diren ahotsak bihurtu dira kanpaina honetan. Kataluniaren independentzia mehatxu gisa agertu dute kanpainan, Espainiaren diskurtsoari helduta. CiUk «inoizko kanpainarik zikinena» egitea leporatu dio PPri; kanpainako azken astean El Mundo egunkariak ustezko ustelkeria kasu batean nahastu ditu Mas eta Jordi Pujol Kataluniako presidente ohia. CiUkoek atzoko ekitaldian ere aipatu zuten auzia: Pujolek «arma ez konbentzionalak» erabiltzea leporatu zion Espainiari.

Alderdi guztiek bat egiten dute: biharkoa mugarria izango da Kataluniaren historian. Aldarri independentistak gainezka egin die denei; hura bideratzen asmatzea izango da hemendik aurrerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.