Venezuela. Hugo Chavezen heriotza

«Chavezen aberria, gurea»

Hugo Chavezen hilkutxaren ondoan zeharkatu zuten atzo Caracas gorriz jantzitako milaka herritarrek, atsekabetutaMadurok hartuko du presidentetza hilabetean, hauteskundeak egin bitartean

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Hugo Chavezek kantari agurtu zuen venezuelar herria, Kubara ebakuntza egitera joan aurretik, iazko abenduaren 8an: «Aberria, aberri maitea, zurea da nire arima, zurea nire maitasuna». Ospitale militarretik atzo goizean hilkutxa atera zutenean, tonu hori emanez joan zitzaizkion ondoan milaka herrikide, ibai gorri handi bat, errekaz inguratuta, hamalau urteko agintaldian hura babestu zuten asko, ez dela inoiz haiengandik joango esanez, nigarrez, bidea egiten jarraituko dutela, hori eta gehiago zor diotela.

Chavezek hala nahi zuen, herria izatea bere etorkizunaren jabe. Hemendik aurrera, hauteskundeak egin bitartean, Nicolas Maduroren esku egongo da Venezuelako gobernuaren gidaritza, Chavezentzat horretarako prestatuena eta aproposena zelako. Chavezek presidenteordearengan zeukan konfiantza eskatu zien herritarrei ere. Konstituzioaren arabera, buruzagiaren «falta absolutua» gertatzen denetik 30 egun dauzkate hauteskundeetara deitzeko, eta Maduro izango da herritarrek beste ezer erabaki arte gabezia hori beteko duena, oposizioak Diosdado Cabello Batzar Nazionaleko presidentea nahi badu ere, tarte hori betetzeko. Polemika hasi da dagoeneko.

Hauteskunde ataria, Chavezen egiteko modua gaitzesten zutenen —denek ez baitiote negar egingo— eta chavisten arteko giro gaiztotuaren agertokia izango da, mandataria hil aurretiko antzekoa; baina dolu egunotan, lasaitasuna eskatu du Madurok. Herenegundik, heriotzaren berri eman zuenetik, herritar orori hitz egin dio buruzagi nagusi gisara dagokion lekutik. «Ez dadila gorrotorik egon. Nagusitu dadila komandantearen bihotzean habia egin zuen sentimendu bakarra: maitasuna». Aldekoen eta kontrakoen iskanbilak sor daitezkeela-eta «errespetuak eta bakeak eskutik» joan behar dutela esan du, «gure aberriari gaur bizitzea egokitzen zaion min intentsoko tragedia honetan».

Henrique Capriles oposizioko buruak ere,«elkarbizitza eta bakea» aipatu ditu MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiaren izenean, gobernuari dagokiola hori bermatzea herritarren artean. Oposizioko buru guztiek inguratuta irakurri du oharra, talde sendoaren itxura emanez.

Lehenik eta behin «atsekabea» azaldu die senideei, baina berehala aldatu du diskurtsoaren norabidea, etor daitekeenari begira.Venezuelak edozein zailtasun gainditzeko gaitasuna izango duela espero du, baina «beti ere egiak eta konstituzioak gidatuta». Venezuelar gisara hori eskatu dio gobernuari, «konstituzioari erabat lotutako erabakiak hartzeko», beste hitz batzuetan esanda, eta besteak beste, Maduroren ordez, Cabellori bidea egiteko.

Negar malkotan

Bihar estatuaren hileta ofiziala egin bitartean, Chavezen aldekoek ez dute kalea uzteko asmorik, dolua elkarrekin bizi nahi dute, «ez dagoela bakarrik» erakutsi nahi diote, herritar gehienek lau aldiz aukeratu dutelako presidente, eta ez dutelako berak hasitakoa alferrik galtzen utziko: «Chavez aberria da, gure aberria», oihua nagusitu zen atzo egun osoan. Chavez hil zenean zerua gorria jarri zela esaten zuten atzo, negar malkotan, lainoa jaitsi zela eta euria hasi zuela. Atzoko martxa luzea Indar Armatuek egindako 21 kanoikadekin hasi zen, eta kanoi hots bat entzun zuten orduoro. Akademiara iritsita Chavezen hil kapera jarri zuten, nahi zuten herritar guztiek agurtu dezaten, bihar arte. Zazpi dolu egun ezarri ditu gobernuak.

Herritarrak ez ezik, mandatariak ere izan ziren atzo Caracasen, besteak beste, proiektu bolivartarrarekin bat egiten duten mandatariak: Boliviako Evo Morales, Ekuadorko Rafael Correa, Uruguaiko Jose Mujica, eta Argentinako Cristina Fernandez. Peruko Ollanta Humala eta Brasilgo Dilma Rousseffek ere esan zuten bihar azken agurra ematen izango direla. Latinoamerikako herri askotan dolu egunak jarri dituzte, eta minutu bateko isilunea egin zuten erakunde askok.

Kubako Gobernuak komunikatua atera zuen, Chavezi «betiko leialtasuna» adieraziz. Bere iraultza bolivartarraren memoriari eta legatuari «mugarik gabeko babesa» eskaini dio. «Chavez kubatarra da ere. Bereak sentitu zituen gure arazoak eta zailtasunak, bereziki Garai Bereziko urte gogorretan. Fidelen ondoan egon zen benetako seme bat bezala, eta Raulekiko laguntasuna bihotzekoa zen». Gaur egun osoan omenaldi «sentitua» egingo diote Kuban.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.