'Herriko tabernen' auzia. Epaiketa Madrilen

Hasi ere ez da egin

Aurretiazko gaiak proposatu dituzte defentsek, eta epaiketan dauden 34 akusatuak gaur hasiko dira deklaratzenJosu Iraeta eta Jose Antonio Ejido auzitik ateratzeko eskatu dute defentsek

Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2013ko urriaren 18a
00:00
Entzun
36 euskal herritarren eta 110 herriko taberna edo elkarteren kontrako epaiketa atzo zen hastekoa Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina hasi ere ez zen egin. Gaur hasiko da. Anabasan ordena pixka bat jarri, eta epaiketa nola egin prestatzeko eguna izan zen atzokoa. Aurreatiazko gaiekin hasi ziren, eta ez zuen ezertarako gehiagotarako astirik eman. Erabakiak hartu gabe. Baina aurretiazko gai guztiak planteatuta, gaur hasiko da 35/02 sumarioko epaiketa, akusatuen deklarazioarekin. Sumarioa abiatu eta 11 urtera deklaratuko dute urte luzez sumarioan nahastuta izan dituzten lagunek. Argitzeke dago Josu Iraeta eta Jose Antonio Ejido auzipetuak epaituko dituzten edo ez, haien kasua preskribatuta dagoenez, auzitik kanpo uzteko eskatu baitzioten defentsek Angel Hurtadok, Julio de Diegok eta Clara Bayarrik osatutako epaimahaiari.

Izan ere, luze jo zuen sala osatzeko prozesuak. 36 auzipetu eta 110 taberna eta elkarteren ordezkariak auzitegira sartzeko kreditatzeak lana eman zuen. Gainera, auzitegiaren egitura epaiketara moldatu behar izan zuten, sala handia izanagatik ere 144 lagun sartuta ez zelako gelditzen tokirik ez publikoarentzat eta ez kazetarientzat ere. Beraz, telebistaz ikusi zuten epaiketa akusatuen aulkian eseri ez ziren guztiek. Kazetariek, ohiko gelan; eta publikoak, haien alboan prestaturiko beste gela batean.

10:00etan hasteko ordua zuen auzi saioa eguerdi aldean hasi zen. Josu Iraetari eta Jose Antonino Ejidori egozten zaizkien delituak preskribatuta daudela azaldu zuten defentsek, eta, beraz, bi auzipetu horiek inolako epaiketarik gabe libre uzteko eskatu zuten, hurrenez hurren haien defentsa egin zuten Iñigo Iruin eta Gonzalo Boye abokatuek.

Iruinek ohartarazi zuen, fiskalaren txostenean hiru lerro besterik ez direla azaltzen Iraetari buruz, eta haietan esaten dela Hasiko kidea izan zela 1988ra arte, eta HBko mahai nazionaleko kidea 1988tik aurrera. Fiskalaren tesien arabera, Hasikoak ziren ETAren ordezkariak HBn. Tesi hori ontzat joko balitz ere, ordea, Iraeta gehienez 1992ko martxo edo apirilera arte izan zitekeen HBko mahai nazionaleko kide, UCIren txosten baten arabera Iraeta ez baita agertzen 1992an aukeratu zuten mahai nazional berriaren zerrendan. Beraz, Iraetari egozten zaion «talde terroristako kide» izate delitua egia balitz ere, 1992an talde horretako kide izateari utzi zion, datu horien arabera, mahai nazionaleko kide izateari utzi ziolako. Hori horrela, eta 1973ko zigor kodearen arabera epaitu behar direla kontuan hartuz, Iraetari egozten zaion delitua hamar urtean preskribatzen du. Ustezko delitua gertau zenetik, baina, hamar urte baino gehiago pasatu ziren Baltasar Garzon epaileak 2002ko azaroaren 21ean Iraeta inputatu zuenera arte.

Argudio horiek bere egin zituen Boyek ere, kasu berberean baitago Ejido hori ere. Boyek Iruinek esandakoari gehitu zion, gainera, fiskalak bere txostenean ez duela esaten urte horietan akusatuek nola eragiten zuten HBn, ETAren izenean.

Datuak kontrastatu ostean Vicente Gonzalez Mota fiskalak ere arrazoia eman zion defentsari, preskripzioari dagokionez, baina AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek ez. Erabakia astelehenean jakinaraztekotan gelditu zen epaimahaia.

Ez zen hori izan epaimahaiak erabaki gabe utzitako gai bakarra. Egoera pertsonal konplikatuak dituztelako beraien kasu zehatzetaz arituko ez diren egunetan auzi saioetara ez joateko baimena eskatu zuen Jone Goirizelaia abokatuak Esther Agirre eta Jasone Manterola auzipetuentzat. Bixente Enekotegi, Jose Luis Franco, Karlos Rodriguez eta Andres Larrearen kasuetan gauza bera eskatu zuen, gaixotasunengatik bidaiatzen ibiltzea ez delako egokia haientzat. Aurreneko biei buruzko erabakia gaur jakinaraztekotan gelditu ziren, eta gaixotasuna alegatu duten laurak auzi medikuak ikusiko ditu epaimahaiak erabakia hartu aurretik.

Joseba Alvarezi epaiketa geroago egiteko ere eskatu zuen Iruinek, ebakuntza egin diotelako eta gutxienez datozen hiru asteetan deskantsatzeko agindu diolako medikuak. Alvarez atzo ez zen epaiketan izan, ezta Santiago Hernando auzipetua ere. Hernandori familiako bat hil zaio, eta, presazko baimena eskatu ostean,atzoko saiora ez joatea onartu zion epaimahaiak. Astelehenean epaiketan egon beharko duela ohartarazi zion epaimahaiak, hala ere, Goirizelaia abokatuari.

Luze eta ezjakin

Luze joan zen atzo auzi saioa hasi arteko esperoa. 09:00 alderako, auzitegiaren atarian pilatuz joan ziren auzipetuak, herrikoetako ordezkariak eta haiei babesa ematera joandako senitarteko eta lagunak. Inork ez zekien oso ondo zer gertatuko zen atzo, eta,herrikoetako ordezkariek atzoko saioa egin eta Euskal Herrira itzultzea espero zuten arren, hori ez zen erabat argitu azkenengo unera arte. Ez zekiten oso ondo zer egitea tokatuko zitzaien.Akusatuek ere ez zekiten deklaratzen hasteko astirik izango zen edo ez.

Auzitegiaren atarian bildu ziren guztiak. Xabier MikelErrekondo, Maite Aristegi eta Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak ere joan ziren, baita aurreko eguneta auzitegi berberean epaitutako gazteetako batzuk ere. Haien guztien babesean, «makroepaiketa politiko» horiek une politiko jakin honetan egiteak zentzurik ez duela salatu zuten Karmelo Landak, eta aukera bakarra absoluzioa dela aldarrikatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.