Ukraina. Krisi politikoa

Putinek du orain hitza

Erreferendumaren ondoren, Errusiak onartu du Krimearen independentzia, baina ez da mintzatu penintsula bereganatzeazAEBek eta EBk Ukrainako eta Errusiako zenbait funtzionario zigortu dituzte

Errusiako banderekin bete zen herenegun arratsean Krimeako Simferopol hiriburuko Lenin plaza, erreferendumaren emaitza ospatzeko. YURI KOCHETKOV / EFE.
mikel rodriguez
2014ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Krimeako erreferendumaren emaitza argien ondoren, Errusiaren teilatuan dago orain pilota. Duma (parlamentua) erreferendumaren aldeko adierazpen bat onartzekoa da gaur, eta Vladimir Putin presidenteak lehenbiziko adierazpen ofiziala eginen du bertan. Oraingoz, Putinek Krimea estatu independentetzat onartzeko dekretua sinatu du, baina Errusiako agintariek ez dute argitu penintsula Errusian sartzearen inguruko jarrera. Dumak etzidamu eztabaidatzekoa zuen bertze estatuetako lurraldeak Errusian sartzeko prozedura errazteko helburua duen lege proiektua, baina hori idatzi dutenek erretiratu egin dute, nazioarteko batzorde batek azter dezan. AEBek eta EB Europako Batasunak zigorrekin erreakzionatu dute erreferendumaren aurka, nahiz eta oraingoz ezarri dituztenak aski mugatuak diren eta arlo ekonomikoa ez duten ukitu. Errusiak datozen egunetan hartuko duen jarreraren arabera, zigor gehiago ezartzeko prest daudela erran dute. Ukrainako gobernu berriak erreserbako soldaduak mobilizatu ditu, eta «gerrarako prest» daudela erran du Oleksandr Turtxinov jarduneko presidenteak. Krimea, ordea, erreferendumaren biharamunean hasi da trantsizioa prestatzen, eta jada eskatu dio Errusiari federazioan sartzeko, eta NBE Nazio Batuen Erakundeari, berriz, independentzia onartzeko.

Bertze estatuetako lurraldeak bereganatzeko lege proposamena hilaren 3an erregistratu zuen Dumak, oposizioko Bidezko Errusia alderdiaren eskariz. Sergei Mironov alderdiko buruak jakinarazi zuenez, horrekin nahi zuten Krimearen bereganatzea Errusiako legedira egokitzea. Dumako Lege Konstituzionalaren Batzordeko buru Vladimir Pliginek atzo prentsaurrekoan jakinarazi zuenez, ordea, proposamena erretiratu egin dute, Veneziako Batzordea agiria aztertzen ari baita. Pliginen arabera, batzordeak uste du nazioarteko legedia urratzen duela proposamen horrek. Europako Kontseiluaren aholkularitza erakunde bat da Veneziako Batzordea —kontseilua, Europako 47 estatuk osatzen dute;horien artean, Errusiak—. Europako Kontseiluko idazkari nagusi Thorbjoern Jaglandek eskatu zion batzordeari Krimeako erreferendumari eta Errusiaren lege proposamenari buruz iritzia emateko, eta batzordeak hilaren 21ean du hori eztabaidatzeko bilkura; hain zuzen, Dumak lege proposamena aztertzekoa zuen egun berean.

Zalantzak argitzeke

Lege proposamen hori onartzea Krimea Errusian sartzeko pauso formal baina beharrezkotzat aurkeztu zen. Orain agiria erretiratzeak zalantza sortu du, Errusiak independentzia onartu bai, baina penintsula bere lurraldetzat onartzeari zein erantzun emanen dion. Dena den, Sergei Narixkin Dumako presidenteak adierazi du zalantza horiek «agudo eta erantzukizunarekin» argituko dituztela.

Putinek eta Dumak izanen dute gaur hitza, eta mundu osoa egonen da haiei adi. Bidezko Errusiaren buru Mironovek —lurraldeak bereganatzeko lege proposamena aurkeztu zuen berberak— aitzinatu du Dumak gaur onartuko duen adierazpenaren edukia. Krimeako erreferendumaren emaitzari «erabateko babesa» agertuko dio, eta penintsulako agintariei eskatuko die herritar guztien eskubideak bermatzeko. Mironov kexu agertu da, ordea, eta jakinarazi du bere alderdiak zuzenketa bat aurkeztuko diola adierazpenari, «ez baitu deus erraten erreferendumaren emaitza indarrean paratzeko legezko prozedurak hastearen inguruan».

Errusiaren adierazpen argi baten esperoan, AEBek eta EBk jada erreakzionatu dute, baina hitzez gogor eta praktikan leun, erran liteke. Zigor pertsonalak ezartzea hautatu dute, Ukrainako eta Errusiako zenbait funtzionarioren eta kargudun publikoren aurka. EBk 21 herritar sartu ditu zerrenda beltzean, nahiz eta hasieran erran ehun izanen zirela. EBra bidaiatzea eta 28 estatuetan dauzkaten ondasunak izoztea erabaki du. Zigortutakoen artean daude Sergei Aksionov Krimeako lehen ministroa, Vladimir Konstantinov Krimeako Parlamentuko bozeramailea, Aleksandr Vitko Errusiako armadak Itsaso Beltzean daukan flotako buruzagia, Sergei Zhelezniak Errusiako Dumako presidenteordea eta Eugeni Buxmin Errusiako Senatuko presidenteordea. AEBek 11 laguneko zerrenda bat egin du, eta EBk jarritakoen antzeko zigorrak ezarri dizkie. Guztien gainetik nabarmentzen da Viktor Janukovitx Ukrainan boteretik kendutako presidentea. Valentina Matvienko Errusiako Senatuko presidentea, Dmitri Rogozin Errusiako lehen ministrordea eta Putinen hurbileko aholkulariek osatzen dute zerrenda. «Etorkizunean, gure erantzuna neurtuko dugu Errusiak egoera okertzea edo hobetzea erabakitzearen arabera», jakinarazi du Barack Obama AEBetako presidenteak.

Trantsizioa hasi du Krimeak

Igandeko erreferendumaren emaitza argia da —%95,6 Errusiari batzearen alde, %83,1eko parte hartzearekin—, eta Ukrainak eta Mendebaldeak onartu ez badute ere, Krimeako Parlamentuak hasi du Errusiara batzeko trantsizioa: Ukrainako estatuaren jabetza guztiak nazionalizatu ditu, Errusiako dirua (errubloa) jada zirkulazioan dago Ukrainakoarekin (hrivniarekin) batera eta hilaren 30erako Moskuko ordutegi eremua hartzeko asmoa dauka.

Trantsizio horrek gatazka foku bat eduki lezake, ordea, Ukrainako armadak Krimeako baseetan jarraitzen baitu, eta uko egin dio amore emateko exijentziari. Penintsula kontrolpean daukaten indar errusiazaleek baseetatik ateratzeko eta sartzeko baimena emana zieten Ukrainako soldaduei, baina erreferendumera arteko epearekin. Ihor Teniukh Ukrainako Defentsa ministroari galdetu diote ea Krimean dauden soldaduek borrokatzeko asmoa daukaten. Zehatz erantzutea saihestu du. «Ukrainako indarrak haien eginbeharrak bete arte geldituko dira».

Ukrainako nazionalistek eta tatarren buruzagiek erreferendumari deitutako boikotak ia ez du eraginik izan. Tatarren Mejlis erakundeko buruzagi Refat Txubaroven arabera, erreferenduma «iruzur bat» izan da, eta erran du 185.000 tatarretatik «milak baino gutxiagok» eman zutela botoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.