Eskozia. SNPren kongresua

Independentea, justua, aberatsa

Independentzia lortu osteko Eskozia irudikatzeko baliatu du SNPren aurtengo kongresua Alex Salmond lehen ministroakLondresen politikei aurre egiteko babes modura aurkeztu du independentzia

Inigo Astiz
Aberdeen
2014ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Oholtza apaintzeko jarritako irudian hitz bakar bat: «Aurrera». Eta haren ondoan atzerako kontu bat independentziari buruzko erreferendumerako falta diren egunekin: 158 egun atzo. 157 egun gaur. Irailaren 18an egingo dute independentziari buruzko erreferenduma eskoziarrek, eta haren historiako konferentzia garrantzitsuenetariko bat da horregatik Eskoziako Gobernua gidatzen duen SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak egunotan Aberdeenen egin duena. Independentzia aurreko azkena izan daiteke, edo independentziaren apustua galdu aurreko azkena bestela. Eskoziarrek gidatutako Eskozia bat defendatu zuen Alex Salmond Eskoziako lehen ministro eta SNP alderdiko buruzagiak atzo itxiera hitzaldian. Independente bai, baina justu, sozial eta aberats ere irudikatu zuen herrialdea. «Mundua begira izango dugu irailaren 18an zer bozkatzen dugun ikusteko. Eta bozketaren ostean jarrai dezatela munduaren begiek Eskoziari so. Ez soilik ikusteko zer aukeratzen dugun, baizik eta liluratuta ikus dezaten zer eraikiko dugun».

Ez zen independentziaren aldarri orokorra izan Salmondena. Bere eta bere alderdiaren independentzia zehatza deskribatu zien lehen ministroak Aberdeengo Exhibition Center-ean bildutako 1.200 pertsonei. Arma nuklearrik gabea; gutxieneko soldata hobekoa; osasun zerbitzu publikoan pribatizaziorik gabea; doako hezkuntzaduna; ezberdintasun sozial txikiagokoa; zerga sistema justuagokoa; lanpostu gehiagokoa; ume pobrezia maila txikiagokoa; eta emakume eta gizonen arteko ezberdintasun urriagokoa irudikatu zuen Londresik gabeko Eskozia. Egungoa baino justuago, aberatsagoa eta sozialagoa, alegia. Eta, azaldu zuenez, horretarako independentzia da puntu horretara heldu ahal izateko beharrezko tresna. «Eskoziaren etorkizuna eskoziarren eskutan jartzea da giltza».

Inoiz baino gertuago dira baietza eta ezetza erreferendumari buruzko inkestetan, eta goranzko bultzada hori baliatzeko deia egin zuen SNPko buruak. «Erreferendum hau ez da alderdi honi buruzkoa, ez eta Eskoziako lehen ministroari buruzkoa ere, eta ezta baiezkoaren aldeko kanpainari buruzkoa ere. Eskoziaren etorkizuna eskoziarren eskutan jartzeari buruzkoa da. Eskoziarrek sostengatzen duten politika bat egingo duen eta eskoziarrek hautatuko duten Eskoziako gobernu bat izateari buruzkoa». Independentzia osteko gobernua ez da zertan SNPrena izan, Salmonden hitzetan. Haren ustez, izan daiteke Laboristen gobernu bat ere, edo izan daiteke koalizio gobernu bat ere. Londresen aurkako murru gisa irudikatu du edonola ere. «Gobernu hori ez da izango Eskoziako legebiltzarrean ordezkari bakar bat duen alderdi batek gidatutako gobernu bat. Amaitu egingo da txiroak eta ezinduak zigortu eta inork hautatu ez dituen tory-en Gobernuen garaia».

Petrolioaren hiriburuan

Tarte handia hartu zuen ekonomiak hitzaldian. Eta ez da debaldekoa izan SNPk konferentziarako hautatutako kokapena. «Europako Petrolioaren hiriburua». Izan ere, ekonomia da azken hilabeteetan Eskoziaren independentziari buruzko eztabaidaren ardatza, eta rol garrantzitsua jokatzen dute Ipar Itsasoko petrolio putzuek. Herrialdearen bideragarritasun ekonomikoaren garantia modura aurkezten du baliabide natural hori SNPk, eta horregatik hautatu dute Aberdeen konferentziarako. Bertan dira petrolio konpainia nagusiak, eta etengabea da portuan petrolio ontzien joan-etorria ere. Gogoan izan zuen erreferentzia hori Salmondek bere hitzaldian. «70eko hamarkadan ezetz esan zioten autogobernuari [independentziaren aurkakoek], gaurko eguna heltzerako petrolioa amaituta egongo zela argudiatuta. Ezetz esan zuten 80ko hamarkadan [...]. 1990eko hamarkadan apokaliptikoek ere ezetz esaten zuten Eskozia ez omen zelako gai bere eskola eta ospitaleak eramateko. Horra ezezkoaren kanpaina: oker 70eko hamarkadan, oker 80koan, oker 90ekoan, eta oker gaur egun ere».

Munduko 14. herrialde garaturik aberatsena izango da Eskozia, independente bilakatuz gero, Salmonden gobernuaren kalkuluen arabera. «Benetan inork serio pentsa dezake mundu garatuko 14. herrialderik aberatsenak ezin duela bere burua herrialde independente modura bere burua mantendu? Noski ezetz!».

Baiezkoaren aldeko kanpaina indartzeko deia ere egin zuen, eta baita kanpaina baikor mantentzearen alde ere. «Hau da gure momentua. Esperantza itsasargi bat izan behar dugu». Ez zen eztenik gabeko diskurtsoa izan, halere. Ezezkoaren kanpainak darabilen estrategia kritikatu zuen, adibidez. «Politika modernoak inoiz izan duen kanpaina miserable, ezkor, depresibo eta aspergarriena da haiena». David Cameron Erresuma Batuko Lehen Ministroari aurrez aurreko eztabaida bat eskatzeko ere baliatu zuen hitzaldia. Orain arteko ezezkoak utzi eta baietz esateko eskatu zion Salmondek bromazale. «Guk bilduko dugu publikoa».

Negoziatzaileen taldea

Erreferendumaren eguna heltzerako bideratuta nahi ditu negoziazioak Salmondek. Irailaren 18a baino lehen alderdi arteko aditu zerrenda bat osatu nahi du, atzo zehaztu zuenez. Independentziaren aldeko hautuak irabaziko balu, aditu talde hori izango baita Erresuma Batuaren eta Eskoziaren arteko zorren eta aktiboen banaketa negoziatuko duena. Izenik ez zuen eman, baina ziurtatu zuen epea: baietzak irabaziz gero, iraila amaierarako abian nahi lituzke eztabaidak. 158 eguneko jauzia egin, eta erreferendumaren osteko egunean kokatu zuen atzo bere burua Salmondek: «Orduan amaituko dira erretorikak, eta orduan hasiko da lana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.