Europako hauteskundeak. Kanpainaren hasiera

Euskal Herrian, hasi eta buka

Euskal politikagintzan eztabaidagai diren hiru gai nagusiak egongo dira alderdien agendetan Europako hauteskundeetanEuskal abertzaleak, batetik, eta sozialistak eta kontserbadoreak, bestetik, lehiatuko dira

jokin sagarzazu
2014ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Europan asko dago jokoan. Hori da gaur hasi eta maiatzaren 25era bitarte alderdiek behin eta berriz errepikatuko duten leloa. Eta hein handi batean hala den arren, barrura begirako irakurketak nagusitu dira orain arte alderdien proposamen eta adierazpenetan. Europako bozek hauteskunde ziklo berri bat irekiko dute Hego Euskal Herrian. Datorren urteko udal eta foru hauteskundeei begira, test garrantzitsu bat izango dira alderdi abertzaleentzat bereziki, eta PP eta PSOErentzat, berriz, balioko dute bi urte barru Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira indarrak neurtzeko. Europako hauteskundeak bi zelaitan jokatzen badira ere —Europakoan eta nazionalean—, kasu honetan bigarrenak markatu ditu alderdien estrategiak, euren proposamenak Europaren banderarekin jantzi badituzte ere. Euskal Herrian hasi dute Europarako bidaia batzuek, eta Espainian besteek. Baina hor hasi eta bukatu dute bidea.

Horiek hala, aurrez aurre arituko diren alderdien arteko lehia inoiz baino argiago azaltzen da hauteskunde hauetan. Batetik, Espainiako konstituzionalistak eta, bestetik, Euskal Herriko abertzaleak. Hori hala izango dela argi utzi dute kanpainaurrean batzuek eta besteek. Jeltzaleek beren kritika gogorrenak EH Bilduren aurka egin dituzte, eta erabili duten argudio nagusia izan da instituzioen kudeaketarena; «euskal nazioa eraikitzeko» bi eredu kontrajarri daudela nabarmendu dute: beraiena eta koalizio subiranistarena. EH Bilduk ere azpimarratu ditu eredu sozioekonomikoen arteko aldeak, eta Europako Batasunean, Euskal Herrian bezala, indarrean den eredua «gainditu» behar dela azpimarratu du.

Sozialistek, berriz, esan dute abertzaleen arteko lehiarekin—«obsesio independentistekin»— ez dutela ezer jakin nahi. Nabarmendu dute beren kezka nagusia ekonomia dela eta beren arerio nagusia PP dela, «Europako eskuina». «Hazkunde eta gizarte politikak» dira sozialisten programaren ardatz nagusiak, eta orain arte Europatik bultzatutako «austeritate» politikak eta «egiturazko erreformak» PP eta Frantziako kontserbadoreenak.

Baina eztabaida horretan beste aldagai bat sartuko da: erabakitzeko eskubidearena. Europan pil-pilean dago eztabaida. Izan ere, legebiltzarra osatu eta gutxira Eskoziaren independentziari buruzko erreferendumaren emaitzak, bata edo bestea izan, kudeatu beharko dituzte Europako instituzioek. Eta udazkenean ere egitekoa da Kataluniako galdeketa. Espainiako alderdiek, beraz, ezingo dute eztabaida hori saihestu.

Europan nola kokatu

Euskal herriko abertzaleek ere parez pare jarriko dituzte euren estrategiak alor horretan. Biak ala biak azaldu dira «europarzaleak», baina eredu ezberdinekin. Jeltzaleek nazio gisa kokatu nahi dute Euskal Herria Europan. Estaturik gabeko nazioak aintzat hartuko dituen Europa «federal» batean. EH Bildukoek, berriz, nazioen Europaren ideia defendatzen badute ere, ez dute uste Europaren egungo eredua aldatuko denik, ez behintzat epe motz etaertainera begira. Hori hala, «autodeterminazioaren bidetik» Euskal Herria estatu gisa kokatu nahi dute Europan, beste estatuek bezala, Euskal Herriak ere Batasuneko instituzioetan hitza eta erabakia izan dezan.

PSOEk eta PPk, aldiz, errotik baztertzen dituzte bi aukera horiek. Bata edo bestea, biak Europan ezinezkoa direla diote. Jeltzaleen planteamenduari dagokionez, adibidez, sozialistek argi utzi dute haiek eredu federala babesten dutenean estatuen Europa defendatzen ari direla. Batasuna indartu nahi dutela, baina estatuen mesedetan.

Azkenik, eta pisu gutxiagorekin kanpaina honetan, hirugarren aldagai bat ere izango dute mahai gainean: bakegintzarena. Horri buruzko aipamen gutxi egon dira kanpainaurrean, eta ez dirudi datozen egunetan askotan aipatuko dutenik gaia. EH Bilduk Europako erakundeen parte hartze «aktiboagoa» eskatu du Espainia eta Frantzia mugiarazteko, presoen arloan bereziki. Eta EAJk gogora ekarri ditu Irlandan bizikidetza bultzatzeko Europatik jasotako diru laguntzak. Horraino. Biak ala biak badakite edozein proposamenek sukalde lana behar dutela. Eta hori Euskal Herrian bertan egin behar dela. Hasi eta buka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.