Euskal lurralde elkargoa. Manifestazioa. Analisia

Ausardiaz jokatzeko unea du

Jenofa Berhokoirigoin.
2013ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Manuel Valls Frantziako Barne ministroaren hitzak gogoan zituzten manifestazioan ziren guztiek: «Ez da euskal lurralde elkargorik gobernuaren egitarauan». Gaurkoak balantzea beste aldera uzkailiko ote du? Zentzuduna eta fede onekoa izanez gero, hala behar luke. Berriz ere frogatu delako euskal lurralde elkargoaren aldarria herri oso batek eramandakoa dela. Gehiengo zabal eta plural baten eskaera ezin du ez kontuan hartu. Baina gure kasuan, zaila da jakitea... Afera honetan Parisek entzuteko eta hitz egiteko gogorik ez duelako. Vallsek azaldu argudioa da froga argiena: «Egin proposamenek zentzua dute soilik Errepublikaren legea eta Konstituzioaren koadroa errespetatzen baldin badute». Ez al du irakurri Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak marraztu proposamena? Alsazian legala dena Ipar Euskal Herrian ilegala ote da? Ez al daki Frantziako Konstituzioko 72. artikuluak planteatzen duela estatutu bereziko lurralde elkargoen sorrera? Vallsen azalpenak ez du balio. Funtsean, iraganean zehar Frantziako Gobernuak erabilitako argudio bakar batek ere ez du gaurko egunean balio. Batetik, hautetsien gehiengoa aurka izatearena. Argumentu hori zaharkitua da: gutxiengo ttipi bat da ezagupen instituzionalaren aurka. Hautetsien Kontseilua eta Auzapen Biltzarra, biak ziren manifestazioaren antolatzaile. Auzapezetik parlamentarietaraino, hautetsien gehiengo zabalak du euskal lurralde elkargoa galdatzen. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 158 auzapezetarik 105 dira alde eta sei parlamentarietarik bost. Gobernuak ezin du segitu erraiten gutxiengo baten eskakizuna dela. Are gehiago, Hautetsien Kontseilua eta Auzapezen Biltzarrari juntaturik direlarik Baionako Merkatal Ganbera, Garapen Kontseilua eta Batera plataforma. Hots, Ipar Euskal Herriko eragile sozial, ekonomiko, sindikal eta kulturalen gehiengoa. Gobernuak ezin du segitu erraiten herritarretarik urrun geratzen den gai politiko bat dela. Urrats berri bat egin zen atzo; Parisek ikusi nahi ez duena begi bistan kausitu zuen: Baionako herriko etxearen plaza beterik geratu zen, jendetza plurala bildu zen. Hemendik datorren aldarria herri oso baten aldarria da. Zaharkituriko beste argudio bat, bortizkeriarena. Zaharkitua hori ere. Bake prozesua martxan da eta indarkeria alde batera utzi eta bake bidera eta aterabide demokratikoetara pasatzeko engaiamendu tinkoak dira Euskal Herritik emandako alde bakarreko pausoak. Aro politiko berri batean gara, eta Parisek ere egokitu beharra du. «Ausardia» eskatu diote François Hollandei Baionatik. Ausardiaz jokatu eta 200 urte dituen jakobinismoa bigarren maila batera utzi beharko du. Ausardiaz jokatu eta Madrilen presioari bizkarra erakutsiz, estatu burujabe gisa erabaki beharko du. Ausartia izanen ote da? Hauturik ez du, euskal lurralde elkargoa sortu beharko du: ezin duelako herri oso baten eskakizunari kasurik ez egin. Balizko oinarri politikorik ez lukete beste erantzunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.