Josu Zabaleta. Itzultzailea

«Bakarrik dabilen itzultzaileak geroz eta okerrago lan egiten du»

Igor Susaeta.
2013ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Guy de Maupassanten Fantasiazko ipuinak (Ibaizabal, 2000) itzultzen gozatu egin zuen Josu Zabaletak (Legazpi, Gipuzkoa, 1948). Antoine Saint-Exupery moldatzea, ordea, ez du gogoko. «Tranpati bat da; eta chauvinista eta fatxa bat, gainera» aitortu du, umorez bezala amorruz. Testu dibulgatiboak eta teknikoak ere itzuli izan ditu eguneroko ogia irabazteko, baina bera literatur lanekin sentitu da gustura.

Nola hartu duzu saria?

Banekien aurkeztu nindutela. Goizean deitu didate [atzo], eta pentsatzen nuen hautagaien artean nengoela esateko-edo izango zela. Izan ere, inondik ere ez nuen espero horrelakorik.

Zure ibilbideari egindako aitorpen bat izan dela iruditzen zaizu?

Hau da ez niretzako bakarrik. Zergatik? Egia da nire curriculumeam gauza pila bat daudela, baina zergatik daude gauza pila bat? Momentu hartan egin beharra zegoelako, eta egin nahi zuen jendea zegoelako. Batek bakarrik ez ditu hainbeste gauza egiten; nire inguruan jende oso ona eduki dut, eta tokatu zait hor egotea.

Aitzindariak izan zineten.

Orain 30 urte lau katu ginen. Gazteagoekin-eta garai bateko hainbat gauzaz hitz egiten duzu, eta esaten diezu: «Ba hor nengoen. Eta hor. Eta beste horretan». Eta haien galdera: «Zu saltsa guztietan ibili al zara?». Nik baietz erantzuten nien. Zergatik? Lau katu ginenez denok ibiltzen ginelako saltsa guztietan; eta guk egiten ez bagenuen, ez zegoen saltsarik. Pentsatzen dut gure belaunaldiak gogoa eduki duela eta elkar hartzen jakin duela.

Inguruan jende ona izan duzula esan duzu. Haiei eskainitako saria da?

Pentsatzen da, beti, itzulpen lana egitea dela monasterio batean bizitzea ia-ia; bakar-bakarrik egiten direla gauzak. Ba hori dena gezurra da.

Baina inurri lanetik dezente du itzulpengintzak.

Bai, baina elkarrekin komunikatzen dien inurriena. Bakarrik dabilen itzultzaileak geroz eta okerrago egiten du.

Zertan aldera daitezke duela 30 urteko itzulpenak eta gaur egungoak?

Alderdi batzuetan modu berean lan egiten da, eta beste batzuetan, aldiz, zeharo aldatu da. Lehen, lapitza zenuen eskuan, hiruzpalau hiztegi aurrean, tira egiten zenion irudimenari, eta egurra! Dokumentatzeko ahal bezala moldatzen ginen. Askoz ere nekosoagoa zen. Orain, berriz, hori dena segundo baten dezima batera daukazu. Duela 30 urteko lan egiteko moduarekin alderatuta, bada gauza bat berdin-berdin mantentzen dena: egunero-egunero landu behar duzu zeure hizkuntza, entrenatu. Izan ere, oso erraz ohitzen zara, esaterako, esamolde traketsetara, eta azkenean sortzen duzu zeure monolecto bat kasik. Hori da bakarrik dabilenaren arriskua.

Eta estiloa asko aldatu al da?

Itzulpenaren azpian, itzultzailearen barrenean dagoen itzulpenari buruzko jarrera dezente aldatu da; teoria, alegia. Itzulpenaren pertzeptzioa ere apur bat aldatu da gizartean; asko ez, baina ari da.

Itzulpengintzan dabilenak ere literatura egiten al du?

Gurea literatura da; ez dago dudarik. Bai, literatura irakurketa askotatik dator, baina itzulpenaren azpian dago bere hizkuntza menperatzen eta irakurtzen oso ondo dakien bat. Itzultzaileak begi literario ona behar du, eta hori landu, gainera, ahalik eta ñabardura gehienak harrapatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.