Katalunia. Burujabetzaren bidean (eta VI)

Euskal Herriko ordezkariak, bide katalanaren lekuko

Erabakitzeko eskubidea babestu dute Diadako ekitaldietan parte hartu duten erakundeen eta alderdien ordezkariek

Via Catalana giza katean Euskal Herriko jende eta ikurrak ugari izan ziren. ORIOL CLAVERA.
Erredakzioa
2013ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Kataluniak independentziarako bidean beste urrats bat egin duen egunean, Euskal Herriko erakunde eta alderdietako ordezkariak Bartzelonan izan dira, Diadako ekitaldietan parte hartu eta Espainiako Gobernuaren itxikeriaren kontra katalanen erabakitzeko eskubidea defenditu dute Udalbiltza, EH Bildu, EAJ, ELA, LAB eta Independentistak sareko ordezkariek. Euskal Herrirako irakaspenik ere atera dute, errealitate ezberdinak izan arren bi herrialdeek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela nabarmendu baitute.

Udalbiltzak gradu handiko tratua jaso zuen ANC Batzar Nazional Katalanaren aldetik. Via Catalana giza katean Kataluniako erakundeen artean lekua egin zieten San Jaume plazan. Maite Iturre Udalbiltzako ordezkariak azpimarratu zuen erabakitzeko eskubidearen aldeko prozesua «ariketa demokratiko gisa» hartu behar dela. Kataluniak Euskal Herrirako zer ikasia ere eman duela esan zuen Udalbiltzako ordezkariak, nola egiten ari den hausnartu behar delanabarmendu baitzuen.

Independentistak sareak ordezkaritza handia bidali zuen Kataluniara, eta Via Catalana giza katean boluntario jardun zuten Gracia etorbidean, antolatzaileei laguntzen. Txutxi Ariznabarretak elkartasuna adierazi zien Katalunian independentziaren eskakizuna zabaltzen ari direnei, eta bi herrialdeek duten «konplizitatea» goretsi zuen: «Nahiz eta errealitate ezberdinak izan, asko dugu ikasteko Kataluniako prozesutik, eta laguntzeko ere bai».

EH Bilduk ere Via Catalanan parte hartu zuen. Laura Mintegi, Maiorga Ramirez, Maribi Ugarteburu eta Diana Urrea giza katean izan ziren, eta Ramirezek esan zuen«Kataluniako herritarren aldarrikapena eta hori bideratzeko modua eredugarriak» izaten ari direla. Irakaspen horiek aintzat hartzeko eta esperientziak partekatzeko premia dagoela esan zuen, «Euskal Herrian ere ezinbestekoa den prozesu independentistari bultzada eman nahi badiogu». Kataluniako gizartean gertatu den aldaketa Euskal Herrian sustatzea posible ikusten du Ramirezek: «Lortuko dugu, gainera».

Sortutik Pernando Barrena, Aralarretik Ainhoa Beola, Igor Lopez de Munain eta Asun Fernandez de Garaialde, eta Amaiurretik Xabier Mikel Errekondo, Rafa Larreina eta Jon Inarritu diputatuak izan ziren Diadan, besteak beste. EAJk Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea bidali zituen ekitaldi ofizialetara, ez Via Catalanara. Espainiaren «onespen eza» dela eta, Kataluniari elkartasuna agertu zion Ortuzarrek. «Euskadik eta Kataluniak bakean eta askatasunean etorkizuna erabakitzeko aukera aitortu beharreko eskubide nazional bat» dela esan zuen. Epeen auzian, garrantzitsuena galdeketa bera egin ahal izatea dela esan zuen Ortuzarrek, erreferenduma 2014an edo 2016an izan.

Euskal Herrian Diadarekin bat egin zuten ekitaldiak ere izan ziren. Iruñean, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek esan zuen independentzia, estatu bat eratzea eskubide bat izateaz gain «gure iraupen sozial eta ekonomikorako premia bizia» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.