Europako hauteskundeak. Izaskun Bilbao. EAJren europarlamentaria

«Egoera ez da erraza izan, baina gure lekua mantendu dugu; pozik gaude»

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Egun luzea izan du Izaskun Bilbaok (Bermeo, 1961) hauteskundeen ondorengoa. Sabin Etxean ordu luzez bilduta egon ondoren, arratsean erantzun dio BERRIA-ri.

Zer moduz joan dira bozak?

Ondo. Bi helburu genituen: hauteskundeak irabaztea eta koalizio gisa hiru ordezkari izatea Europako Legebiltzarrean; eta helburu biak lortu ditugu. Iparraldean ere oso emaitza onak izan ditugu. Beraz, oso pozik gaude.

Edozein kasutan, boto gutxi batzuk galdu egin dituzue. Gehiago lortzea espero zenuten?

Gu mantendu egin gara eta lehenengo alderdia izan gara hauteskunde hauetan ere. Egoera ez da erraza izan baina, hala ere, gure lekua mantendu dugu; beraz, pozik gaude.

PPk eta PSEk jipoia jaso dute, EH Bildu eta EAJ parekatuta geratu dira...

Tira, parekatuta ez, zeren lau puntuko aldea atera diogu EH Bilduri; parekatuta egotea berdin egotea da.

Asko hurbildu zaizue EH Bildu...

Bai, hurbildu bai, hori egia da.

Nola begiratzen diozue hurbiltze etengabe horri?

Datua hor dago; egia da hurbildu egin dela eta egoera politikoa ere aldatu egin dela herri honetan. Azken batean, normaltasuna iristen ari da, behar den moduan. Kontutan izan behar da, baita ere, hauteskunde hauetan abstentzio oso handia izan dela. Beraz, hauteskunde hauei begirako azterketa egin behar da eta gero ikusiko da etorkizunean zer gertatzen den. Egia da hemen porrot egin dutela Espainian tradizioa izan duten alderdiek. Bipartidismoa krisian dago eta horren aurrean beste alternatiba batzuk sortu dira. Bipartidismoak porrot egin du, azken batean, urte guzti hauetan jendearen konfiantza izan dutelako eta ez dituztelako gauzak ondo egin. Jendeak erantzun egin du eta konfiantza kendu die.

Aukera berriak zabaltzen ditu horrek, zure ustez?

Bai, oraingoan ikusi dira aukera berriak. Krisi ekonomiko egoeratan halako mugimenduak errazago sortzen dira. Jendea txarto pasatzen ari da, eta halakoetan pazientzia txikitu egiten da. Konponbiderik ez badago, proposamenik ez badago, jendeak beste aukera batzuk bilatzen ditu ea irtenbideak etortzen diren.

Uste duzu hauteskunde hauetako emaitzak aurrekaria izan daitezkeela aurrera begirako joerei begira?

Foru eta udal hauteskundeetan pertsonek eragin handia dute. Jendeak gehiago begiratzen du nork aginduko duen bere herrian, nork zainduko duen, eta nork egiten dituen proposamen onenak bere herriarentzat. Pertsonaren faktoreak zuzenago eragiten du. Beraz, uste dut ez dutela zerikusi handirik; baina joera batzuk mantenduko dira, bai.

Aurreko legealdia Europako Legebiltzarrean eman duen ordezkari abertzale bakarra zara. EH Bilduk parlamentarioa lortuta, bi izango zarete orain. Laguntza gisara hartu duzu?

Tira, ordezkari bakarra izan nintzen lehen lau urteetan, azken zortzi hilabeteetan Aralarreko Iñaki Irazabalbeitia egon zelako. Kasu honetan, Josu (Juaristi), Bildukoa, hasieratik egongo da, baina kontutan hartu behar da akordioa dutela BNGrekin, eta beraz, hasieran egongo da, baina ez dakit legealdiaren amaiera arte egongo den ala ez.

Edozein kasutan, elkarlanerako aukerak ikusten dituzu?

Guk Aralarrekoekin esparru batzuetan egin dugu elkarlana eta ez dago aldaketarik arlo horretan. Esparru batzuetan elkarlanean aritzeko aukera badago, arituko gara; ikusi beharko da.

Ezker Anitzak eta Ahal Dugu taldeak nabarmen egin dute gora. Zein irakurketa egiten duzu ezkerraren igoera deigarri horri buruz?

Nik uste dut Alderdi Sozialistak galdu duen guztia talde horietara joan dela. Datuek hori diote. Beraz, ezkerreko alderdietan mantendu dira boto horiek, baina beste ikuspegi bateko alderdietan.

Noiz zoaz Bruselara?

Datorren astean. Asteartean daukagu taldearen lehenengo bilera balorazioak egiteko.

Gustura zoaz, gogotsu?

Bai; ez bada gustura, ez da joan behar. Ilusio apur bat ez baduzu eta ez baduzu sinesten egin behar duzun horretan, hobe da etxean gelditzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.