Herrira-ren kontrako polizia operazioa

Bihar eguerdian lantoki aurrean protestatzeko deia

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek plazetan eta lantegietan biltzeko proposatu dute

Bilbon sindikatuetako ordezkariek emandako prentsaurrekoa LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Herrira-ren aurkako polizia operazioa «Euskal Herriaren kontrako erasoa» dela argi du Ainhoa Etxaide LABen idazkari nagusiak. Helburua «konponbiderako prozesua baldintzatzea, oztopatzea» dela dio Adolfo Muñoz ELAren buruak. Eta horri aurre egin behar zaiola, horretan bat egiten dute biek. «Langileak, herria» mobilizatzeko premia azaldu dute: «Instituzioek ekartzen ez dituzten irtenbideak eskatzera atera behar dugu kalera» esan du Etxaidek. Muñozen hitzetan, «herriak» hartu behar du oztopoei aurre egin eta konponbidea bultzatzeko protagonismoa. Hausnarketa hori eginda, bihar eguerdian kalera ateratzeko deia egin diote langile klaseari zortzi sindikaturen izenean: 12:00etatik 12:30era bitartean lantokien zein udaletxeen kanpoaldean bilkurak egiteko deia.

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek egin dute biharko elkarretaratzeetan parte hartzeko eskaera. Ordezkaritza batek egin du deialdia hedabideen aurrean, Herrira-ren elastikoak soinean dituztela. «Herrira defendatzen dugu», esan du Muñozek. «Ontzat ematen dugu haren lana». Areago, presoen korapiloa oraindik askatu gabe dagoela ohartarazi du, eta konponbiderako ezinbestekoa izango dela horri heltzea. «Guk ez dugu sufrimendurik nahi ez guretzat ez inorentzat. Horrela pentsatzen duten guztiei eskatzen diegu, mesedez, ostiraleko bilkuretan eta larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko».

Etxaidek plazaratutako irakurketaren arabera, «presoen eskubideen aldeko borroka kriminalizatuta, presoak bakarrik uztea» nahi du Espainiakok Gobernuak, «horrela urratu ahalko zaizkielako eskubideak». LABeko buruaren hitzetan, «beti egin nahi izan du hori», baina ez du lortu, eta aurrerantzean ere ez du lortuko.

Muñozen hitzetan, «Espainia kaos batean sartuta» dago, eta «agenda mediatikoa baldintzatzea» erabaki du. Hor kokatu du polizia operazioa

Mobilizaziorako deia egin duten sei sindikatuek aitortu dute Herrira-rekin harremanak dituztela; presoen eskubideen aldeko elkarlanean aritu direla harekin. Eta lan horretan segituko dutela agindu dute, gainera.

CCOOk ere baditu harremanak polizia operazioaren jomuga izan den mugimenduarekin, eta «kezka» azaldu du asteleheneko atxiloketengatik. «Normalizazioaren aurkako bidean doaz». Herrira-rekin izandako «harreman normalizatua» espetxe politika aldatzeari begirakoa izan dela azaldu du; «Parot doktrinari edo presoak gerturatzeari begirakoa, bake eta normalizazioa egonkortzeko helburuarekin».

CNT eta CCOO ere Bilbora

CCOOk «errefusatu» egin du, hortaz, Herrira-ren aurkako operazioa. Hala ere, dozenaka eragilek deituta larunbatetan Bilbon egingo den manifestaziorako deia egiteko manifestuaren puntu batzuekin ez du bat egiten CCOOk. Hori dela eta, ez duela deialdia bere egin azaldu du, baina, hala ere, CCOOko hainbat kide manifestazioan izango direla ziurtatu du, sindikatuak «espetxe politikan» aldaketak egin daitezela aldarrikatzen duelako, normalizazioa, bakegintza eta elkarbizitzarako bidean aurrera egin dadin.

CNTk, berriz, Bilboko manifestazioarekin bat egin, eta bere militanteak parte hartzera deitzea erabaki du. «Espainiako Gobernuaren ekintza errepresibo honiaurre egiteko, preso guztien eskubideak aldarrikatzen ditugu,eta eskubide zibilen kontrako gehiegikeria berri honen biktimak berehala askatzeko exijitzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.