Komunikazioa. Zuhaitz Gurrutxaga. ETB1eko aurkezlea

«'Tumatxak' saioari neurria hartu diot, eta asko ari naiz gozatzen»

ETB1eko aurpegi ezagunenetako bat izango da Gurrutxaga. 'Tumatxak' musika saioa eta 'Hizkamizka' lehiaketa aurkeztuko ditu.

BERRIA.
Adrian Garcia.
2013ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Lanpetuta dabil grabaketekin Zuhaitz Gurrutxaga futbol jokalari ohia eta ETBko aurkezlea (Elgoibar, Gipuzkoa, 1980). «Futbolean lanordu asko ez ditut sekula sartu, eta orain errealitatera itzuli naiz», dio txantxetan. Gustura dabil aurkezle lanetan, telebistako «magiak» harrapatuta. Bi saio aurkeztuko ditu ETB1ko denboraldi berrian: Tumatxak euskal kantuei buruzkoa eta Hizkamizka lehiaketa. Kultura orokorreko lehiaketa hori hilaren 23an estreinatuko dute, arratsaldean. Hasier Etxeberria herrikidea du zuzendari, eta 140 galdera egiten ditu saio bakoitzean. «Asko ikasten ari naiz». Tumatxak, berriz, hurrengo asteazkenean emango dute, iluntzean.

Kirola, musika, lehiaketak... Mota askotako saioak aurkezteko gai zarela erakutsi duzu.

Reala Europarako sailkatu zenean egin genuen saioa ondo zetorkidan. Futbolariak normalean hitz gutxikoak izaten dira, eta erraza izan zitzaidan haiekin egotea. Besteetan lan gehiago egin behar izan dut. Tumatxak saioari neurria hartu diot, eta elkarrizketekin asko ari naiz gozatzen. Ezin dut burutik kendu egiten nuenean segurtasun falta sumatu nuen; ez dakizu ondo ala gaizki egiten ari zaren. Jendearen harrera ikusita, konfiantza hartzen duzu.

Ezin dut burutik kendu saioaTumatxak izango da aurrerantzean.

Niko Etxarten abestiaren omenez aukeratu dugu izena. Zorte handia izan dugu, Etxartekin saio bat grabatu baitugu. Miresteko artista da, eta ederki tratatu gintuen bere etxean. Zoratuta nauka Etxartek.

Desberdintasunik ba al dago egitura aldetik?

Ezin dut burutik kendu saioan bi abesti jorratzen genituen, eta haien bueltan, artistari buruz hitz egiten genuen. Orain alderantziz izango da: artista izango da ardatza. Haren ibilbidea aztertzean landuko ditugu abestiak.

Zein artista izango dituzue datorren asteazkenean?

Ertzainak taldeari eta Mikel Laboari buruzkoa izango da. Saioa ikusteko aukera izan dut, eta merezi duen saioa da, oso polita gelditu da. Euskal musikaren historia oso ondo jorratzen du, eta era entretenigarrian, gainera. Ez da dokumental astun bat.

Zein beste artista dituzue buruan?

Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Zarama, Niko Etxart, Errobi... Euskal musikaren historian talde eta bakarlari garrantzitsuenengana joango gara.

Musikarako duzun zaletasuna ere lagungarri izango zaizu saiorako.

Musikazalea naiz, eta gitarra jotzen dut, baita abestiak sortzen ere. Halere, futbolaz askoz gehiago dakit musikari buruz baino. Ez naiz musika aditua. Orio ekoiztetxeko lantalde ona dut alboan. Denon artean eginiko lana da.

Erregistro aldaketa handia nabarituko duzu Hizkamizka egitean.

Hizkamizka oso desberdina da. Plato barruan da, eta bere hoztasuna badauka horrek. Gainera, oso abiadura handikoa da. Galderak azkar egin behar dira, eta arretaz egon behar da; errebotea, denbora... Lehenengo saioetan lan asko egin behar izan dut dinamika hartzeko. Orain nahiko menperatuta daukak, eta lasaiago, pixkanaka neu izateko aukera dut, nire puntutxoak sartzeko. Asko ere ez ditut sartzen, ez pentsa, ez da nik protagonista izan behar dudan saioa. Eguneroko saioa izango da, ordu erdi ingurukoa.

Zer-nolako galderei erantzun behar diete lehiakideek?

Bizkaiko ibairik luzeena zein den galde dezaket, baina baita zein hiritan jaio zen Einstein. Gurea eta munduko kulturari buruzko galderak dira. Hori bai, prentsa arrosako gaiak ez ditugu ukituko.

Zer diote Hizkamizka-ko platotik igarotako lehen lehiakideek?

Uztailean hasi ginen grabatzen. Dirutxoa irabazteko aukera dute, eta lehiakideak etorri direnean asko gozatu dute. Baita dirurik irabazi ez dutenek ere.

Oso galdera zailak egiten al dizkiezu?

Galdera batzuk zailak dira. Ez da La2 kateko Saber y ganar saioa bezain konplikatua, baina ez da Date el bote bezalako lehiaketa. Oso erne ibili behar da. Galdera batzuk oso errazak eta agerikoak dira, baina beste batzuk oso zailak dira. Esaterako: Zein da greziarrentzat jakinduriaren aita? Herodoto. Nik ez nuke bizitza osoan asmatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.