Komunikazioa. Irrati lizentziak Hego Euskal Herrian (VI). Mikel Bujanda. Euskalerria irratiko zuzendaria

«Konfiantza dugu gure proiektuaren balioan eta indarrean»

Nafarroako 44 lizentzietatik Iruñerrian soilik bi banatuko dituzte.

urtzi urkizu
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
1988. urtetik, Euskalerria irratia sortu zutenetik, han ari da lanean Mikel Bujanda (Donostia, 1955).

1998. urtean izan zen lizentzia banaketaren ostean, nola dago egun Euskalerria irratiaren afera?

Espainiako Auzitegi Gorenean dago auzia. Oraindik ez da bukatu. 1998ko deialdian hirugarren utzi gintuzten. Erreklamatu ostean, ikusi genuen lehiaketa berez guk irabazi genuela. Auzitara jo genuen, eta denbora asko pasa ostean baliogabetu egin zuten. Nafarroako Auzitegiari bost urte eta erdi kosta zitzaion erabakia ematea. Nafarroako Parlamentuan ikerketa batzorde bat ere egon zen eta adierazpen bat egin zuten. 2006an Nafarroako Gobernuak beste erabaki bat atera zuen, eta gu bazterrean utzi. 2010aren hasieran epaileek berriro ere baliogabetu egin zuten banaketa. Eta Nafarroako Gobernuak Madrilera jo zuen. Bitartean, gu ari gara lehiaketa irabazten. Hori da gure tesia.

Europako Kontseiluaren aditu talde batek zer dioen jakingo da laster, ezta?

Bai, zain gaude. Hizkuntza Gutxituen Agiria nola aplikatzen den ikertzen dute bost urtean behin. Adituen batzorde bat dago eta iazko uztailean Madrilen egin zituzten lan saioak. Gure aferaren berri izan zuten eta eskura eman genien txosten bat. Jakin-minez gaude euren ikerketan gaia nola azaltzen den.

Lehiaketa berrirako proiektua prestatzen ari zarete orain. Zer irizten diezu lehiaketako oinarriei?

Iruditzen zait gauza batzuk aurreko lehiaketan baino orekatuago daudela. Behintzat, epaimahaian kazetari batzuk daude, aurrekoan ez bezala. Komunikazio proiektu bati buruz iritzi kualifikatua dutenak kazetariak dira. Bestalde, puntuen erdiak programazioari eta proiektuari berari emango dizkiete. Gero, alor ekonomikoa eta alor teknikoa gelditzen dira. A priori pauso bat da hori. Euskararen balorazioa, berriz, oso txikia da. Euskara gutxietsia dago. Eta ez dute kontuan hartu egungo errealitate demografikoa. Iruñerrian bizi dira Nafarroako biztanleen erdiak baino gehiago, eta 44 lizentzietatik bakarrik bi emango dituzte bertan. Iruñerrian dagoen irrati eskaintza ere ez da kontuan hartzen. Iruñean baimenduta dauden irratiak zortzi dira, eta horietatik bost irrati-formulak dira. Beste larrigarri bat da ez dagoelaEITBren antzeko irrati autonomikorik. Egin duten huts handienetakoa da ez dutela egungo testuingurua kontuan hartu. Interes ekonomiko handiak ere izango dira tartean. Hala eta guztiz ere, guk badaukagu konfiantza gure proiektuaren balioan eta indarrean. Irabaztera goaz.

Euskalerria irratiak gizarteko hainbat alorretako eragileen eta erakunde batzuen babesa badu, ezta?

Euskaltzaindiak, esate baterako, behin eta berriro adierazi du Iruñerrian euskarazko irrati bat beharrezkoa dela. Hitzarmen bat badugu harekin. Nafarroako Parlamentua behin baino gehiagotan mintzatu da, Nafarroako arartekoa ere bai. Epaitegitik bi aldiz atera dena hor dago. Beste elementu bat da Madrilgo Gorteetan 2010eko martxoan onartu zen mozio bat. Irrati batzuen egoera kontuan hartzeko eskatzen diemozio horrek gobernuei. Gogoz kontra egoera irregularrean dauden irratien egoera aintzat hartzeko eskatzen du. Babes moduko bat ere bada hori gure egoera berean dauden irratientzat. Horrez gain, aipatutako Europako adituen kontua dago. Guztia kontuan hartuz, bilduma polita dago esateko irrati honek babes instituzionala baduela. Aintzat hartuko ote dute?

Euskal Autonomia Erkidegoan, batzuek adierazi dute trajea ez dagoela euskarazko irrati txikientzat egina. Nola ikusten duzu EAEko egoera?

Aukera batzuk behintzat badaude, euskarazko erreserbekin. Madrilgo 2006ko plan tekniko batetik atera ziren oraingo frekuentziak. Baina ez dakit zergatik herri batzuetan ematen diren eta beste batzuetan ez. Beste galdera da: zergatik orain lehiaketa eta ez lehenago? EAEn ikusten da hiriburuetan behintzat badaudela eskaintzak, baina Iruñerrian bi lizentzia baino ez dira egongo.Egoera soziolinguistikoak ere ez dira kontuan hartu bi erkidegoetan.

Gobernu autonomikoek eskatutako frekuentzia guztiak eman al ziren?

Bai. Nafarroako Gobernuak eskatutako frekuentzia guztiak eman zituzten Madrilen. Baina azaldu beharko lukete zergatik eskatu zituzten horiek bakarrik, zergatik bi bakarrik Iruñerrirako. Frekuentziak banatzeko orduan, berriz, deialdia egitean ikusi behar da zer balio eman gauza batzuei eta besteei. Bestalde, ikusteko dago irratien teknologiarekin zer gertatuko den. Esaten zen duela urte batzuk emisio digitalak nagusituko zirela, baina ez da hala gertatu. FMk jarraitu egiten du, indar handiarekin. Eta emisio digitalak porrot egin du hasi baino lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.