Frears, Ming-liang, Groning eta Miyazaki dira faboritoak Venezian

Atzo aurkeztu zen azkeneko filma, Merzak Allouacheren 'Es-Stouh', eta gaur jakinaraziko da nortzuk diren sarituak

Agentziak
Venezia
2013ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Stepheen Frearsen Philomena, Tsai Ming-liangen Jiaoyou, Philip Groningen Die Frau des Polizisten eta Hayo Miyazakiren Kaze tachinudira Veneziako zinema jaialdiko Urrezko Lehoia irabazteko hautagai nagusiak, Sail Ofizialeko filmak ikusi dituzten zinema kritikarien ustez. Oro har, aurtengo ekitaldian maila ikaragarriko filmik ikusi ez delakoan daude kritikariak, baina haietako asko bat datoz Philomena-ri egindako laudorioetan. Legez kanpoko adopzio kasu bat kontatzen du Frearsen lanak, eta filmean egin duen lan bikainak emakume aktorerik onenaren Volpi sarirako hautagai nagusi bihurtu du Judi Dench. Frearsen filma, nolanahi ere, konbentzionalegia izan daiteke Veneziako jaialdiko sari nagusia jasotzeko.

Lehiaketako azkeneko filma, Merzak Allouache aljeriarraren Es-Stouh, atzo aurkeztu zuten. Arjeliako egungo bizimoduaren hipokrisia agerian uzten duten bost istorio labur harilkatzen ditu. Ondo kontatuta daude istorioak, eta oso ezberdinak izan arren badute batasun bat.

Felliniren omenezko filma

Ettore Scolak Che strano chiamarsi Federico. Scola raconta Fellini filmaren bidez Federico Fellini zenari egindako omenaldia ere albiste garrantzitsua izan zen atzo Veneziako jaialdian. «Argazkiz, idazkiz, ebakinez eta oroitzapenez betetako filma da», Scolak adierazi duenez. Filma egitean, ordea, tristuratik eta penatik ihes egin du. «Gaur jendea gehiegi hunkitzen da», haren ustez. Gainera, ikuslea negar egitera bideratzen duen filma egitea Fellini traizionatzea izango zela uste du. «Film tristea egin izan banu, Federico sumindu egingo zen, oso pertsona alaia baitzen, oso ironikoa». Filma «gazteentzako album txiki bat» dela esan zuen Scolak. «Haren filmak ikusi ez badituzte ere, gazteek haren arrasto ugari aurkituko dituzte beti nonahi». Urriaren 31n 20 urte izango dira Federico Fellini hil zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.