Donald Rumsfelden kontraesanak aurkeztu dituzte Venezian

AEBetako Defentsa idazkari ohiaren «erretratu suntsitzailea» egin du Errol Morrisen dokumentalak

Agentziak
Venezia
2013ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Baieztapenek baino gehiago, besteak zein bere burua manipulatzeko daukan moduak eta egiten dituen hitz-jokoek definitzen dute Donald Rumsfeld 1975 eta 1977 artean eta 2000 eta 2006 artean AEBetako Defentsa idazkaria izan zena, The Unknown Knowen dokumentalean. Lan horrek Rumsfelden kontraesanak jarri ditu agerian, Errol Morris zuzendariaren esanetan, eta pertsonaiaren «erretratu suntsitzailea» eskaintzen duela uste du. Veneziako zinema jaialdian aurkeztu zuen atzo, Sail Ofizialaren barruan.

Defentsa idazkari zenean —82 urte ditu orain—egindako lanarekin pozik dagoela adierazi du Rumsfeldek filmean, eta George W. Bushek hartutako erabakiak defendatzen eta justifikatzen ditu. Sadam Husseinen erailketaz galdetuta, esaterako, zera erantzun du: «Guk ez ditugu beste herrialdeetako buruak erailtzen. Gerrako ekintza bat izan zen». Bostonen egin zizkion elkarrizketak Morrisek, 11 egunez; eta 33 ordu grabatu zituen. «Beste pertsona boteretsu askok bezala, bere burua ez duela ezagutzen uste dut; irudipen hori daukat». Gaineratu zuen zuzendariak Rumsfeldek ikusi duela dokumentala, eta ez zaiola gehiegi gustatu.

Gianni Amelio italiarraren L'intrepido ere aurkeztu zuten Sail Ofizialean. Krisiari aurre egiteko, pelikulako protagonistak ofizio bat asmatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.