Literatura. 'GURE JERUSALEM GALDUA (ERRESUMA ETA FEDEA III)'

Iragan galduaren menturan

2014ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Egilea: Aingeru Epaltza.

Argitaletxea: Elkar.

Trilogiaren hondar emaitza duzu Gure Jerusalem galdua. Hiru nobelen lema berriz: Erresuma eta fedea. Aurreko biak (Mailuaren odola eta Izan bainintzen Nafarroako errege) irakurri badituzu, hainbat hobe. Damurik, nik ez nuen aurrekoen zoria bizi. Ez nuen federik aski trilogiak prometatzen zuen obran murgiltzeko. Tamainako obran abiatzeko «fededun» izan behar baita, politikan nola literaturan.

Historia kontatzea lantegi neketsua da. Gertakariak ilun antza heldu izaten dira guregana. Nafarroako Erresuma galdu ondorengo XVI. eta XVII. mende dekadenteei itsasargi bat ipini die Aingeru Epaltza idazleak. Istorio kitzikagarriak ehunduz, printzaz printza argitu digu aro ilun eta malapartatu hura. Haren lumak zabaldutako lerroak sakon eta luzeak dira. Erregeen dinastiak eta hirien planoak arakatzen lan gaitza taxutu du, antigoaleko Iruña nola Paris girotu ditu, baita pertsonaiak herri, dukerri nahiz konderrietan kurri jarri ere. Historia arakatu bizkitartean irakurlea abenturan garraiatu du pertsonaien ibilbideetan. Euskaldunek galdu zuten erregea berreskuratzeko mentura piztu digu Joanes Mailu protagonista zoro eta nagusiaren bidez. Fikziozko pertsonaia. Garrüzeko zalduna. Noblea. Sasikoa. Gerrarako hezia. Nafarroako Erresuma galbidean jainkoarekiko fedea zalantzan jarri duen baxenafarra. Pedro Agerre Axular da beste protagonista. Zaildua letretan, elizan nola gorteko politikan. Pertsona erreala, Mailuaren kontrakarrean.

Gure Jerusalem galdua izan gintezkeenaren miraila da. Osatzera iritsi ez ginen historia istorio bihurtua. Euskal nobleziaren —beaumondarrak eta agaramontarrak…— gainbehera erretratatu ahala, herri xehearen iragan galduaren malura deskribatu digu eleberrigileak. Ausart erranik, duela bost mende girotua izanagatik egungo munduaren isla ere badena.

Politika boterean datza. Berau eskuratzeko, mintzoa —gezurra, jukutriak eta gibel asmoak tarteko— berebiziko arma da herria doktrinatzeko. Nobelako pertsonaia nobleen aiurriek eta haien arteko hartu-emanek ederki islatzen dute politikaren taxua, haiekiko enpatia eta hastioa nahasten zaizkigularik.

Eleberrigileak darabilen euskara gure mintzairak izan zezakeen ahalmenaren lagina da. Agian, historiak beste bidetatik aitzina egin izan balu, egungo politikariak ez lirateke noble duke edo konde haien isla izango. Politika ez litzateke jokatuko nobela honetako klase politiko zikoitzak jokatzen duen gisan. Gurean, erresuma galdua osatu zuten lurralde sakabanatuak batuak izan ez arren, hizkuntza lurralde kolektiboa osatzeko mentura genuke. Politika ez litzateke soilik kontseiluetan —edota burdeletan— jokatuko, herriko plazan ere lekua luke. Orduko elite politikoek —nobleek— ez zuten erresuman federik izan, egungo politikoek politikarako «berezko klase» ez duten legez. Herriaren etorkizuna lau «zororen» eskuetan ez uzteko gomendio gisa ere hartu daiteke obra gotor hau. Istorio bidezko historia ikastaldia eman digu egileak.

Mentura gaitezen politika eta literatura jardueren ekarketa eginez. Bi jarduerak kolektiboak dira eta horren araberakoa haien onarpena. Idazleak obra abiatzen du, eta irakurleak osatzen du hark abiatutako proiektua. Idazle eta irakurlea istorioaren bi osagileak dira; bi subjektu nagusi horiek erdiesten dute obraren arrakasta. Politikan ere hala agitu behar duelakoan nago. Behialako nobleen nola egungo politikarien proiektuek kolektiboak izan behar dute, «on(h)artuak» izanen badira. Horretarako, baina, idazleak nola politikoak irakurtzen jakin behar du. Epaltzak historiaren irakurketa egokia egin duelakoan nago, edo horretan sinetsia bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.