Energia. Alternatiba kontsumoan

Entxufearen atzekoa aldatu

Energia konpainia handien «oligopolioari» aurre egin, eta hainbat kooperatiba sortu dituzte energia berriztagarriak bultzatzeko. Gero eta erantzun zabalagoa jasotzen ari dira Euskal Herrian.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Ezaguna da keinua: etengailua sakatu eta argia piztea. Kausa eta efektua. Argindarra eskatutako entxufera iristea ohikoa da, baina kasurik gehienetan hor amaitzen da norbanakoak energiarekin duen harremana. Ez da pentsatzen energia hori nondik iritsi den, ezta nola lortu den ere. «Ez diogu jatorriari begiratzen, baina jakitun izango bagina, gehiago arduratuko ginateke», uste du Alvaro Campos Bilboko Som Energia taldeko sustatzaileetako batek. Hau da, ikuspegia zabaltzeko beharraz mintzo da, «jendea ez dadila entxufeak ematen duenera mugatu». Haren atzean dagoena aldatzeko beharra aipatu du, energia enpresa handiek daukaten «oligopolioari» aurre egiteko. Eta hori lortzeko, energia berriztagarrien bidetik lan egitea proposatzen du Camposek, eta tresna gisa, energia kooperatiben adibidea.

Ildo horretatik ari da ernetzen alternatiba energetikoa Euskal Herrian. Enpresa handiei indarra kendu, eta botere hori herritarren esku uzteko bidean ari baitira sortzen energia kooperatibak. Helburu jakin batekin: energia berriztagarrien erabilera sustatu eta energiaren kontsumo arduratsua bideratzea. Hori lortzeko, egun ezarrita dagoen sistemaren barruan sartzea da asmoa, «aldaketa barrutik bultzatzeko», Camposen esanetan. Energiaren merkatua lau zutabe nagusitan oinarritzen da: energia sortzea, garraioa, banaketa eta kontsumoa. Eta kooperatibek ekoizpenean eta merkaturatzean aurkitu dute eragiteko modua.

Baina merkatuan sartzeko prozesua urratsez urrats egin behar da. Kooperatiben asmoa euren bazkideei energia garbia ematea da, baina ekoizpenean sakontzeko baliabideak behar dituzte. Hau da, gutxieneko bazkide kopuru jakin bat. Hori edukita, energia berriztagarrien azpiegituraren bat egiteko aukera jartzen dute mahai gainean, baina egun bi aldiz pentsatu beharreko pausoa da, «gero eta garestiagoa delako eraikitzea, eta amortizazio epea ere luzeagoa delako», azaldu du Joanes Imaz Goiener kooperatibaren sustatzaileak. Hori kontuan izanda, kooperatibak lehen pausoak kontsumoaren ildotik ari dira egiten. Nola? Merkatuan energia berriztagarria erosiz, eta ondoren bazkideen artean prezio berean salduz. «Irabazi asmorik gabeko kooperatibak gara», zehazten du Camposek. Era horretan, kooperatibako bazkideek kontsumitzen duten energia guztiz garbia dela bermatzen dute.

«Une bat irits daiteke, non merkatuak ezingo liokeen eskaera guztiari erantzun, eta hori, tragedia bat baino gehiago, oso positiboa litzateke», Camposen arabera. Izan ere, modu horretan energia enpresa handiak estu hartzeko aukera luketela uste du, «herritarren subiranotasunaren adierazpen garbia». Baina aukera hori bideratzeko, oligopolioa alde batera utzi, eta euren kooperatibaren gisako enpresetan sartzea beharrezkoa dela dio.

Hilabetez hilabete hazten

Eta hori ari da gertatzen, poliki. Hego Euskal Herrian hiru energia kooperatiba daude: batetik, Som Energiaren teilatupean sortu diren Iruñeko eta Bilboko taldeak, eta bestetik, Goierriko Goiener kooperatiba. Denen artean 850 bazkide inguru biltzen dituzte, eta hilabetez hilabete hazten doa kopuru hori. Eta hori da datuek erakusten dutena: Nafarroan Energia Gara taldeak 65 bazkide irabazi zituen urtea hasi zenetik maiatzera arte —269 daude orain—, eta beste hiru lurraldeetan Som Energiak %2ko hazkunde izan zuen martxo eta maiatz artean —161 dira egun—. Goiener kooperatibak, azken hilabeteetako bilakaera esku artean ez duen arren, uneon 400 bazkidetik gora dauzka, eta urtea amaitzen denerako, 1.000ra iristea espero du. Era horretan energia ekoizten hasteko moduan egongo lirateke.

Joera, beraz, goranzkoa dela garbi ikusten da. «Jendeak enpresa energetiko handi horiek ezagutzen ditu, eta ez zaie batere gustatzen nola egiten duten lan. Baina gauza bat da protesta egitea, eta bestea alternatiba jartzea. Eta eredu honekin alternatibak mahai gainean jarri dira», dio Andoni Romeo Energia Gara taldeko kideak. Bestetik, krisiak ere eragina izan duela uste du, «autonomia eta hurbileko ekonomia bultzatzearen aldeko aldarrikapenek gero eta leku gehiago daukatelako». Ildo horretan, M-15 mugimenduak izan duen rola nabarmendu du.

Lortzen ari diren datuak positibotzat jotzen dituzten arren, energia kooperatibek oraindik lan handia daukate egiteko enpresa handiei lehia egin nahi badiete. Som Energia egitasmoaren kasuan, esaterako, Herrialde Katalanetan, Hego Euskal Herrian, Galizian eta Espainian 8.434 bazkide ditu gaur egun. Datua «garrantzitsua» dela dio Camposek, baina arrakasta handiagoa izan zitekeen «legeak bestelakoak balira». Baina arauak diren bezalakoak dira, eta «energia berriztagarria sustatuko balitz, emaitzak ikaragarriak izango ziren». Baina energia enpresa handiek «legeak euren interesen araberakoak izateko adinako boterea daukate», eta horregatik, merkatua egungo legeen barruan aldatu behar dela nabarmentzen du Camposek. Baina Espainiako Gobernua sektoreari eragingo liokeen erreforma berri bat prestatzen ari da. «Beldur naiz erreformak merkaturatze enpresa txikien aurka ez ote duen joko», Maizaren esanetan.

Berriztagarriei erasoa

Kezka agerikoa da energia kooperatibetako kide guztien artean. Urtebete igaro da Rajoyren gobernuak energiaren defizitari eusteko azken neurriak hartu zituenetik, eta hurrengoak laster barru iritsiko dira. «Energia enpresa handiek merkatuaren kontrola galdu dezaketela ikusten dute, eta horregatik, euren eragina nabaria izango da», Maizen esanetan. Iberdrola, Endesa, Gas Natural, Hidrocantabrico eta E-on enpresek lobby bat sortu dutela uste du Romeok, eta horregatik, erreforma berriak autokontsumoari zuzenean eragingo diola aurreikusten du. Lehen erasoa ere ildo horretatik iritsi zen: berriztagarrien azpiegiturak jartzeko laguntza ekonomikoak kendu baitzituzten iaz. «Orain proiektuak ez dira bideragarriak», Camposen arabera. Horrek zuzenean kooperatibei eragiten die, euren asmoetako azpiegitura berriztagarriak instalatzea eta autokontsumoa sustatzea ere badelako.

Baina orain areago joko duela salatu dute kooperatibetako kideek, aldaketa fakturan iritsiko delako. Egun, fakturetan bi aldagai daude, finkoa eta aldakorra hain zuzen ere. Gastu egonkorrek sarearen kostuak, kontagailuak eta berriztagarrien laguntzak hartzen ditu bere gain; aldakorrak, berriz, energiaren kontsumoa bera. «Horregatik, gero eta energia gutxiago gastatzen baldin bada, orduan eta gutxiago ordaintzen da faktura», Maizen arabera. Baina susmoa du hori aldatuko dutela, eta gastu finkoek indar handiagoa izango dutela. Horregatik, aldagai finkoak gehiago ordainduko lirateke, eta ondorioz fakturek gora egingo luketela salatu du.

Horrek autokontsumoari ere eragingo dio. «Zure etxean energia berriztagarria sortzeko gailuren bat edukiz gero ez da ahalegin hori kontuan hartuko», azaldu du Camposek. Hain zuzen ere, energia berriztagarriak instalatuak dituztenek ez dute sare orokorretik argindarrik kontsumitzen normalean. «Beharrak estaltzeko adinako ekoizpena jartzen da». Soberakinak edukiz gero, ordea, sare orokorrera bidaltzen da, eta alderantziz. Baina erreforma berriarekin, sarea erabiltzearen truke ordaindu beharko dela uste du, eta «autokontsumora bideratutako pertsona batek ordaindu beharko ez lituzkeen gastuak ordainbu beharko ditu, eta ondorioz proiektuak ez lirateke bideragarriak izango». Horiek horrela, egoerari aurre nola egin da orain kooperatiben erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.