Eskozia. Independentziari buruzko erreferenduma (VI)

Independentziaren belaunaldia

Burujabetzaren aldekoak eta kontrakoak pare-parean daude Eskozian, azken inkestaren arabera. Gazteen artean, ordea, independentistak dira gehienak. Haien botoak alde batera ala bestera bihur dezake galdeketaren emaitza.

Jon Fernandez.
Edinburgo
2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Hauxe izan daiteke independentziaren belaunaldia». Baieztapen horrekin zabaldu zuen Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak iragan urrian SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren urteroko konferentzia, Invernessen (Eskozia). Iazko maiatzean Edinburgoko parlamenturako hauteskundeetan lortutako gehiengo osoak —129 eserlekutatik 69 bereak ditu— independentziari buruzko galdeketa antolatzeko adina indar eman zion, eta halaxe egin zuen iragan urtarrilaren 25ean. Azken urteetako inkestek galtzailetzat jo dituzte independentistak, baina joera goranzkoa izan da. Aldekoak eta kontrakoak pare-parean daude urtarrileko azken inkestaren arabera: %44 eta %45, hurrenez hurren. Oraindik zalantzan dauden herritarren %11 horiek erabaki dezakete balantzak alde batera edo bestera egitea, eta, oreka apurtzeko lehian, berebiziko garrantzia hartu du gazteen parte hartzeak. «Independentziaren belaunaldia» deiturikoak pisu handia izan dezake azken erabakian, eta horren jakitun dira bai alderdi politikoak eta bai gazteak eurak.

«Gazteak, oro har, idealistagoak dira eta, beraz, independentziaren zaleagoak. Horregatik proposatu du SNPk hamasei eta hamazazpi urteko gazteek ere erreferendumean parte hartzea, baietzaren aukera sendotzeko. Unionistek, bestalde, arrazoi beragatik ukatzen dute proposamen hori. Hemezortzi urtetik gorakoek bozkatzea nahi dute, bozkatzaile independentista gutxiago egon dadin». Cormac Mac Amhlaigh Edinburgoko Unibertsitateko zuzenbide irakaslearenak dira hitzak. SNPko gazteen lider Gail Lythgoek (Bishop Stortford, Ingalaterra, 1988), ordea, ukatu egin du hori. Hamasei eta hamazazpi urtetik gorakoek hauteskunde guztietan bozkatzeko eskubidea izan behar luketela dio Lythgoek —egun Eskoziako Osasun Batzordearen bozetan bozkatzeko aukera dute soilik—. «Printzipio demokratikoetan» oinarritzen dute eskaria, ez bestelako kalkuluetan.

Hala ere, aitortu du gazteen boza erabakigarria izan daitekeela independentzia lortzeko. «Galdeketak egin ditugu Eskoziako unibertsitateetako campusetan, eta ondorio argia atera dugu. Ikasleen %55 eta %70 bitartean independentistak dira. Soilik %10 daude zalantzan. Gazte horiek konbentzituz gero, baiezkoak gora egingo luke nabarmen emaitza orokorrean, garaipenera hurbiltzeraino. Lan handia dugu egiteko; informazioa eta eztabaida zabaldu behar ditugu gaztedian. Mezua argi zabalduz gero, gazteok erabakigarriak izango gara».

Nabarmen zabaldu da burujabetzaren inguruko eztabaida azken urteetan Eskoziako gaztedian. «Independentziarekiko interes handia dago, batez ere unibertsitate giroan. Azken bi urteetan hazi da bereziki, Westmins- terrek goi mailako ikasketen finantzaketa eta ordainketa sistema aldatu ostean». Hala uste du James Harrison Glasgowko Unibertsitateko ikasleak (Glasgow, 1990). «Gazteok haserre gaude azken urteetan Londresek hartu dituen erabakiekin, eta horrek independentziaren eztabaida sendotu du. Nolanahi ere, nire familia ingelesa da jatorriz, eta britainiartzat dut neure burua. Jendea eta nazioak lotzeko zubiak eraiki behar direla uste dut, ez zubiak eraitsi. Horregatik nago Eskoziaren independentziaren kontra».

Autogobernuan haziak

Erresuma Batuan jarraitzearen aldekoen taldean dago Harrison. Gutxiengoa dira gazteen artean —%30 inguru—, baina eztabaida sustatu nahi dute, halere, informazioa eskuratu. Gazte gehienak burujabetzaren alde egotearen arrazoia zein den, bestalde, argi dauka Lythgoek: «Nagusiek baino helburu gehiago dituzte. Txikitatik ezagutu dituzte Eskoziako Parlamentua eta Gobernua [1999an berreskuratu zituen legebiltzarra eta mugatutako autogobernua Eskoziak, hiru mendean lehen aldiz]. Nagusi askok barneratuta dauzkate Westminsterren gezurrak: Eskozia txikiegia eta ahulegia dela bakarrik aritzeko, alegia. Gazteek ez. Edinburgoko gobernua Londreskoa baino hobeto ari dela ikusten dute. 'Zergatik ez geure kabuz aurrera egin?', galdetzen diote euren buruari».

Nolanahi ere, autogobernuan hazi eta hezi izana ez da gazteak independentzia babesteko arrazoi bakarra. Ez, behintzat, Patrick O'Hare St Andrews Unibertsitateko Ikasle Elkarteko presidentearen ustetan (Glasgow, 1986). «SNPren hizkera independentista aurrerakoi izatean oinarritzen da: Irakeko eta Afganistango gerren kontrakoa edo arma nuklearren kontrakoa, esaterako. Eta gazteok borroka horietan garatu dugu gure heldutasun politikoa». Salmonden diskurtso aurrerakoiak, beraz, gazteekin konektatzea erraztu du. «Horixe da, hain zuzen, gure lana», dio SNPko gazteen liderrak. «Gazteekin hitz egiten dugu haiek informatzeko, baina baita haien iritziak alderdira ekartzeko ere. SNPk, horrela, badaki kaleko jendeak zer pentsatzen duen».

Nagusiek ez bezala, gazteek ez diote beldurrik burujabetzari. «Inkestak inkesta, gazteok erabateko konfiantza daukagu independentzian, sekulako fedea». Uste osoz hitz egin du O'Harek. «Lehenago edo geroago iritsiko da independentzia. Halaxe sentitzen dugu; gizartearen energia eta joera bide horretatik doa. Ez dugu atzerapausorik ematen; urtetik urtera gehiago gara bide horretan». Agian, krisi ekonomikoa gizartean burujabetzarako balazta izan daitekeela uste du, baina nabarmendu du gazteek ikuspegi ekonomikotik baino gehiago politikotik begiratzen diotela independentziari, «demokrazia eta askatasun ikuspegitik».

Etorkizuneko Eskoziaz

Eztabaida eta informazioa. Horiexek dira gazteen ahotan gehien errepikatzen diren hitzak, independentziaren alde nahiz kontra egon. «Eskoziako gazteek informazio politiko handiagoa izan behar lukete, hezkuntza politiko handiagoa. Horrela, argiago izango lukete zer bozkatzen ari diren», Matthew Andrewsen arabera (Wellington, 1989). Zeelanda Berrian jaioa da, baina Irlanda iparraldekoa du familia, eta ia bost urte daramatza Eskozian bizitzen. Glasgowko Caledonian Unibertsitateko ikasleen elkarteko bozeramailea da. «Gazte askok ez daki zer esan nahi duen Erresuma Batutik bereizteak».

Azken asteotan erreferendumaren inguruko eztabaidak hartu duen norabideak kezkatzen du O'Hare. «Gehiegi zentratzen ari dira galdeketaren forman. Benetako eztabaida Eskozia independentearen kalte eta mesedeen gainekoa izan beharko litzateke. Gazteen artean eta gizarte zibilean, oro har, eztabaida hori piztea falta da». Etorkizuneko Eskozian Erresuma Batuko monarkiari eutsiko ote dioten eta libera esterlinarekin jarraituko ote duten, esaterako, argitzeko dago oraindik. Lythgoe SNPko gazteen liderrari, monarkiari eutsi ala ez, ez zaio axola. «Ez du botere handirik. Tradizio monarkikoa badago hemen, 1707ra arte monarkia propioa baikenuen. Baina, agian, Eskozia independenteak errepublika izatea erabaki dezake». Diruari dagokionez, ordea, «oraingoz libera esterlinarekin jarraitzea» defendatzen du. «Ez da euroan sartzeko garairik egokiena. Australiak eta Irlandak ere liberari eutsi zioten independentziaren ostean ere».

Nortasun nazionala

Hari mutur ugari ditu independentziaren eztabaidak, eta nortasun nazionalaren definizioa da horietako bat. Eskoziar sentitzen dira batzuk, eskoziar eta britainiar beste batzuk, eskoziar eta ingeles beste batzuk... Zertan oinarritzen dute, baina, nazio nortasuna eskoziarrek?

«Gure nortasuna ez da, ezinbestean, hizkuntzan oinarritzen. Gero eta jende gehiagok hitz egiten du Eskoziako gaelera eta eskoziera, baina gutxi dira», Lythgoek aitortu duenez. «Independentzia eskatzeko daukagun arrazoi nagusia zera da, gure etorkizunaren gaineko erabakiak hartzeko boterea izatea. Westminsterren parlamentari ingeles gehiago daude eskoziarrak baino, eta sarri gure interesen kontra bozkatzen dute. Eskozian, politika egiteko modua zentro-ezkerrekoa da, oro har; justizia sozialaren aldekoagoa da gizartea».

Eskoziarren nortasun nazionala balioetan oinarritzen dela uste du O'Harek ere. «Antropologian lizentziaduna naiz, eta ez dut sinesten esentzialismo eskoziarrean». Independentzia aukera pragmatikoa da, O'Haren aburuz. «Ingelesen kontra, etorkinen kontra edo europarren kontra planteatutako burujabetza balitz, ez nintzateke alde egongo. Arrazoi sozio-politikoengatik, ingelesak baino ezkerrekoagoak gara eskoziarrok, aurrerakoiagoak. Eskoziako lege sistemako berezitasunek edo doako hezkuntza sistemak, esaterako, joera historiko hori baieztatzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.