Burujabetza. Independentzia prozesuak Europan

Partida ez da amaitu

Independentzia. Zaharkitutako ideia ei zena indarrez sartu da XXI. mendeko plaza politikoan. Katalunia joko horretarako zelai garrantzitsu bilakatu da. Eskozian, bi urte barru jakitekoak dira hango partidaren emaitza.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Edinburgok bi galdera nahi zituen, Londresek datorren urtean egin nahi zuen galdeketa. Azkenean, eskoziarrek Erresuma Batuari lotuta segitu ala ez erabakiko dute 2014ean, independentzia bai ala ez galdera bakarrari erantzunda. Astelehenean bilduko dira berriz alde biak. Bi urte dituzte independentziaren aldekoek zein kontrakoek aspaldiko partida erabakiorrena behar bezala prestatzeko.

«Zientifikoki hitz eginda, argi dago Espainiako estatuarekiko independentzia nahi dutenek besteek ez bezalako liga batean jokatzen dutela». Jaume Lopez Hernandez ez da kirol kazetaria, baina igandean Camp Nou futbol zelaian —Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko partidan— egin zen independentzia aldarrikapena normaltzat jotzen du. «Espainiaren jokaera berezia delako mendebaldeko demokrazien artean, burujabetza eta independentzia eskaerei emandako erantzun ez demokratikoen ikuspegitik». Erresuma Batua Eskoziaren independentzia nahien aurrean erabiltzen ari den taktikak kontuan edukita, are nabarmenago.

Espainia, bakarra

Garai batean handi eta libre izan nahi zuen Espainia, zalantzarik gabe,bakarra baita Europan burujabetza eskaeren aurrean, iaz aurkeztutako ikerketa baten arabera. Jaume Lopez Hernandez zientzia politikoen irakaslea da Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Estatalitate berriak eta subirautza prozesuak lana aurkeztu zuen iazko urtarrilaren 11n Bruselan, Europako Legebiltzarrean, eta ikerketa horren ondorio nagusia esaldi bakarrean laburbildu ohi du: «Demokrazia gutxitu, independentzia areagotu». Katalunian azkenaldian jokatzen ari den partida horren adibide garbiena da, bere esanetan: «Tratuan injustizia ez gertatzea, hori da aldarrikatzen dena, eta Katalunian independentistak eta federalistak pareko samar daude. Espainia irekia balitz, beste era batera erantzungo balio Kataluniari, independentismoaren puxika hustu egingo litzateke. Ez du hori egiten, ordea».

Espainiak, zehazki, bere Konstituzioa ezin dela ukitu erantzun dio Kataluniari. Eskura dituen «tresna guztiak»erabiliko dituela ere esan du Madrilek. Eta erreferendumera deitzen dutenak delitugile bihurtzeko —EAEko lehendakari Juan Jose Ibarretxerekin halaxe egin zuten— eta militarren esku-hartzea prestatzeko eskatu dute ozen eragile batzuek. Aleix Vidal-Quadras eurodiputatu popularrak, esate baterako, gutun bat bidali zien joan den astean Europako Legebiltzarreko diputatu guztiei, Kataluniak erreferendumarekin aurrera egingo balu Espainiako Gobernuak Guardia Zibilaren esku hartzea eskatzeko eskubidea daukala argudiatuz, eta mugimendu independentista katalana ez dela «ez baketsua eta ez demokratikoa» nabarmenduz.

Europako Legebiltzarreko Kanpo Arazoetarako batzordeko presidente alemanak, Elmar Brok popularrak, Espainiak indarra eta beto eskubidea ez erabiltzea espero du. Kataluniak independentzia ez aldarrikatzea ere bai. «Negoziatzea da kontua».

Eta Espainiak baditu negoziatzeko ereduak Europako hainbat kideren artean, Lopez Hernandez politologoak kontinenteko 17 unibertsitateren laguntzaz zuzendutako ikerketak nabarmendu duenez. Erresuma Batua dauka batetik, esan bezala, Eskoziarekin negoziatzen eta Ipar Irlandarekin Ostiral Santuko Akordioak sinatuta. Belgika ere hor dauka, Flandriari formula federal bat eskainita. Eta Danimarka, azkenik, Groenlandiari autodeterminazio eskubidea eta nazio estatusa onartuta.

Eta Euskal Herriak, Kataluniak, Eskoziak, Ipar Irlandak, Flandriak eta Groenlandiak Mendebaldeko independentzia prozesuen «lehen mailan» jokatzen dute, hitzez hitz, ikerketaren arabera. Aldarrikapen subiranistak gehien egituratuta daudelako sei herrialde horietan, bai gizarte bai politika mailan. «Hiru ezaugarri komun dituzte denek: aro modernoan erakunde propioak eduki dituzte; lotzen dituen ama estatuko kultura nagusikoak ez dira; eta administrazio publiko propioren bat daukate, dezentralizazio prozesuren baten ondorioz».

Ezin iragarri

Horrek guztiak ez du, berez, herri horiek estatu bihurtuko direnik ziurtatzen. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegitean halako ezaugarririk gabeko hainbat estatu sortu ziren. «Ezin dugu iragarle lanik egin, jakina, baina prozesu sozial eta historikoak azkartzen eta moteltzen dituzten mekanismoak, faktoreak azter ditzakegu. Eta XXI. mende hasierako Europan bizi-bizi daude eskualde batzuen burujabetza eskakizunak».

Eskakizun horiek Europako estatu berri bilakatzeraino garatuko ote diren, ikusteko dago. Demokrazia gutxitu, independentzia areagotu tesiaren garrantzia nabarmendu du berriz ere Lopez Hernandezen esanetan. Joan den mende hasieratik Europan izandako independentzia prozesuen —XX. mendeko bigarren zatiko deskolonizazioak ez ditu aintzat hartu— azterketa esaldi horrekin laburbil daiteke politologoaren ustez, eta Ukrainaren kasua paradigmatikoa iruditzen zaio. SESB desegitean, Ukraina federazio sobietarrean segitzearen alde bozkatu zuten erreferendumean parte hartzaileen %70ek; beste erreferendum bat egin zuten 8 hilabetera, eta parte hartzaileen %90ek Ukraina independente baten alde bozkatu zuten. Tartean, estatu kolpe saio bat izan zen, deszentralizazio eta demokratizazio urratsetan atzera egiteko.

Txinpartak

SESBekin eredu jakin bat erori zen Europan, bloke komunistaren gainbehera ez zen arrazoi ekonomikoengatik bakarrik gertatu. Testuinguru horretan ernetu ziren hainbat independentzia prozesu. Egun, eredu kapitalistaren zutabeak daude zalantzan, krisi ekonomiko eta sozial betean. «Astindu bat ari da gertatzen orain ere, eta halako egoerak testuinguru egokiak izan daitezke independentziaren sua pizteko. Txinparta izan daiteke». Estatuek gero eta subiranotasun gutxiago duten mundu globalizatuan halakoak amets anakronikoak direla diotenen kontra. «Independentistek ez dute besteek baino gehiago erabaki nahi; besteek bezain beste erabaki nahi dute».

Partida noiz bukatuko ote den, ikusteko dago. Talde bateko zein besteko jokalarien arabera, Lopez Hernandezen esanetan. Eskozian, adibidez, independentziaren aldeko sare soziala trinkotzea da erronka datozen bi urteotan. Katalunian, berriz, independentzia «atzeraezina» izango da bere ustez prozesua denboran luzatuko balitz ere. «Euskal Herrian egoera soziala ez da berdina, baina Kataluniak bezalako erantzunjasotzen ditu; errezetako osagai ezinbestekoa, estatuaren jarrera, berdina da bien kasuan, eta horrek bietan du eragina».

Flandriak, berriz, bere horretan segi ei dezake puska batean, geografikoki flandriarra baina kulturalki frankofonoa den Bruselako korapiloa askatu ezean, «politikariek akordioak lortu ez arren erakundeek funtzionatu egiten dutelako». Groenlandia, azkenik, Danimarkatik joateko aukera izan bai baina joan nahi ezta ikusten du politologoak, «hain zaio erosoa emana dioten estatusaren arabera Danimarkaren barruan bizitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.