Hatsaren poesiaren 15. bilduma aurkeztuko dute bihar Senperen

Olerkiaren Eguna izendaturik gaurkoa, nahi duen oro gomitatzen du olerkiaz gozatzera Hatsak

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2013ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
100 bat olerkari elkartzen dituen Hatsaren Poesia 2013 olerki bilduma aurkeztuko du bihar Senpereko Larraldean Hatsa elkarteak. Aitzinekoetan bezala, adin guztietakoen olerkiak ditu elkartzen hamabosgarrena den bildumak. Halere, ikastetxeetako ikasleen parte hartze berezia nabarmendu du elkarteko Auxtin Zamorak; haien artean, Zornotzako Larrea. Taldeka, 150 bat haur dira bertatik parte hartu dutenak.

Horien guztien olerkiak publikazioan elkartu izanaz gain, urteurrena baliatuz, hasieretatik bildumetan parte hartu duten guztien izenak argitaratu dituzte bilduman. Hau da, 300 bat heldu eta 1.600tik gora haur. Urteurrena dela eta, justuki, lehen urteetatik eraman bidea nola baloratzen duen galdegiterakoan, Zamorak iraganari begiratzea baino geroari jarri da begira, eta oraindik gehiago nahi dutela zabaldu dio, ikastetxeetan-eta «badelako anitz egiteko. Hor dira hurbilenak poesiatik». Zailtasun nagusia iraupena duelarik Zamorak, bereziki helduen artean: «Gure bizimoduak olerkariak desagerrarazten dituela deritzo».

Desagertze horren aurka, hain zuzen, Olerkiaren Egunean parte hartzera gomitatzen du Hatsak. Ideia sinplea da eta nonahitik parte har daiteke. Olerkiak irakurriz, musikatuz, antzeztuz edo nahi delakoa eginez. Kontua da egitasmoa jakinaraztea olerkarieneguna3.blogspot.fr blogean idatziz.

Igandeko egunari dagokionez, 12:00etan hasiko da bildumaren aurkezpenarekin, eta bazkaria dago ondotik. 17:00etan guztiei ireki Hatsaren olerki bustiak 2013 apailatua dute. Olerki eta argazkiak nahasiz bideo proiekzioa proposatzen dute. Egunaz baliatuko dira baita Maite Ramosen akuarelen erakusketa estreinatzeko ere. Ura izenekoa, apirilaren 20ra arte egonen da hor. Urak eragiten dituen kristaletan oinarritua da; haien artean, Masuru Emotok egin kristalei buruzko ikerlanak izan ditu inspirazio iturri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.