Kritika. Musika

Egitarau konplexua

2014ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Txi-Iong Txung. Bakarlaria: Alberto Urretxo. Egitarua: Ludwig Van Beethoven, Henri Tomasi eta Dmitri Xoxtakovitx. Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo. Eguna: martxoak 28

Modu egokian jo du Bilboko Orkestra Sinfonikoak Txi-Long Txung Koreako zuzendariaren eskuetan egitarau konplexua eta zorrotza. Hasieran, zuzendariaren agindupean, orkestrak erraz haizeratu zuen Beethovenen Leonora III.aren Adagioa eta horren atzetik datorren Allegro-aren bi gai sonataren egiturari jarraituz. Harizkoen taldeak, gainontzeko senideen laguntzarekin, aise gainditu zituzten izen bereko operatik ateratako pasadizo dramatikoak eta beharrezkoak ziren tutti-ak presto-n egin beharrekoak, gora eta beherako eskaletan.

Hain ezaguna ez den Henri Tomasiren Tronboi eta Orkestrarako kontzertua entzun genuen ondoren. Alberto Urretxo BOSeko bakarlaria da, Musikeneko irakaslea, eta denbora da bakarlari moduan jardun duela tronboiarekin. Berak tronboiaren aukerak erakutsi dizkigu exijentziazko partituraren barnean. Hor azaltzen baita jazzaren eraginetik aparte, instrumentuarentzat hainbat konpositorek egin dituzten ekarpenak. Antzokian zegoen publikoa gustura geratu zen Alberto Urretxok azaldu zuen maisutasunarekin, eta, haien txaloaldia eskertzeko, bakarlariak Astor Piazzolaren milonga bat oparitu zion.

Ez da bat ere erraza Dmitri Xoxtakovitxen musika jotzea egokiro, ezta errusiarren arima eta garaiko sobietarren egoera islatzea ere. Baina BOSen ahalegina ez da erdibidean geratu, eta Txi-Iong Txung Koreako zuzendari jakintsuarekin asko hurbildu zen Stalinen denboretan sortu zen musika handira. Ezinezkoa litzateke laburtzea Re minorrean egindako sinfoniaren lau zatiak. Konpositoreak burua altxatu zuen Stalinen zaleek formalista izateaz eginiko salaketaren aurrean. Hau da, diktadoreak ezarri zuen errealismo sozialistaren aurka altxatu zen, eta, kontzesio pare bat eginez, bere estilo estetikoari jarraitu zion. Beraz, modu ederrean islatu zuen hango biztanleriak jasaten zuen zapalkuntza —iraultza sozialistari traizio egin eta gero—, eta, horren ondorioz, bere bizitza propioa kinka larrian jarri zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.