Zaldieroa: «Umorea galtzea da nire beldur nagusia»

'De Rerum Natura 4' komiki zinten bilduma kaleratu du Patxi Huartek, koloretan eta 'Xaxa' katua omenduz

Maite Alustiza.
Donostia
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
«Gauzak nola diren» kontatzen jarraitzen du Patxi Huarte Zaldieroa marrazkigileak. Hori esan nahi du De Rerum Natura-k, eta izen hori bera eman dio bere komiki zinten laugarren bildumari ere. «Kronika bat da; azken bi urteetan gertatu diren gauzen kronika», azaldu du. Aurreko argitalpenaren jarraipena bada ere, badu berrikuntza eta berezitasunik. Orain arte ez bezala, koloretan kaleratu du oso-osorik. «Koloreaz gehiago ikasi nahi nuela erabaki nuen aurten, eta azkenaldian kolorean murgildu, ikasi, aritu eta lan egin» nahi izan du Zaldieroak. BERRIAn argitaratzen dituen zintak koloretan edo zuri-beltzean izan, egunero koloreztatzen ditu denak, Internetek horrela argitaratzeko aukera eskaintzen diola aprobetxatuz.

BERRIAko zinten antologiarekin batera, bestelako zintak ere jaso ditu laugarren bilduman. Deia egunkariarekin larunbatero kaleratzen duten Ortzadar gehigarriko hainbat zinta daude tartean, baita Serio Demonio ataleko beste zenbait ere. Bildumaren azken orriak Xaxak hartu ditu, Zaldieroaren katua zenak. De Rerum Natura-ko pertsonaia ere bazen, eta urtarrilean hamabost urte betetzekoa zen. «Ez dut uste ordezkorik izango duenik». Horregatik, omenaldia egin nahi izan dio marrazkigileak; horretarako, Eskozian ezagutu zuen ohitura bat ekarri du gogora: «In Loving Memory esaldia jartzen dute parke bateko banku batzuetan plakatxo batekin, norbait gogoratzeko; mendira ere eraman dute ohitura hori».

Pertsonaia aldaketa

Xaxa ez ezik, ama Maritxu ere izan du gogoan, hari eskaini baitio liburua. Proposamena bera ere umorez irudikatu du bildumaren lehen orrian: «Ama, eskaini diezazuket liburua?», Zaldieroak. «Ezta pentsatu ere!», amaren ahotsa urrunetik. Azalean, berriz, «gure konfliktoaren metafora» marraztu du, Pelota Basqua ideiaren bitartez. «Elurte batean marraztu nahi nuen, eta pilota elur-jausi bat da. Ikusten da nola eramango dituen aurretik lehenik eta behin The Organization, eta seguru aski Napoleon Lopez ere bai».

Zortzi urte dira lehenengo De Rerum Natura kaleratu zuenetik, bi urtetik behin argitaratzen baitute bilduma. Geroztik, hainbat pertsonaia desagertu, aldatu, eta agertu dira. «Hemen agertzen diren eguneroko gaiak nobela batean bezala sortu, konplikatu eta konpondu egiten dira». Azalean marraztutako pertsonaiak, esaterako, ez ditu Zaldieroak hurrengo argitalpenean espero; bai agian orain arte apenas azaldu den baten bat. «Demagun Arnaldo Otegi. Inoiz marraztu badut kartzelan marraztu dut, eta pentsatzen dut aterako dela eta bere karikatura egin beharko dudala. Esaten dituen gauzei buruz barre egin beharko dut», dio Zaldieroak umorez.

Politika gaiak ez ezik, gizartekoak eta gai pertsonalak ere lantzen ditu. Hasieran lotsa sentitzen zuen. Haren esperientzia pertsonaletik jarritako zintak egunkari bateko iritzi orrialdetan jartzea «lotsatzeko modukoa» iruditzen zitzaion. Baina denborarekin ikasi du bere lanari balioa ematen: «Azkenean nik zintetan sartzen dut artikulu batean sartu ahal dena».

Umorea egitea, ordea, ez da beti erraza izaten: «Konfrontazioaren garaian oso zaila zen umorea egitea, eta orain ere zaila da. Beti esan dut errukia diedala nire pertsonaiei, eta ez nuke nahi haietaz barrez aritzea tonto bat bezala». Zaila da egunero umorez jaikitzea, zaila gorputzeko minak gainean izanda umorez aritzea. «Umorea galtzea da nire beldur nagusia».

Zailtasunak zailtasun, egunero komiki zinta batekin esnatzea lortzen du Zaldieroak; ez edonolako zinta batekin, Xabier Mendiguren Elizegi De Rerum Natura 4 bildumaren editorearen arabera: «Goizero lortzen du zerbait berria, ezberdina, alaia, kritikoa, zirikatzailea eta toke magiko bat duena egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.