Donostiako 61.Zinemaldia. Perlak. Kritika

Ikasten

Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun
'Soshite chichi ni naru'

Zuzendaria: Hirokazu Kore-eda. Herrialdea: Japonia. Iraupena: 120 minutu.

Hirokazu Kore-edak ez du hutsik egiten, eta beste behin Donostian da bere azken lana aurkezten. Cannesen Epaimahaiaren Saria irabazi zuen guraso izateari buruz galdegiten digun film atsegin, polit eta xalo honekin, eta egun klasizismoaren ordezkari esanguratsuenetakoa dela ez dago zalantzarik. Akzioa nahi dutenek asperdura aurkituko dute aurrez aurre, nahiz eta, itxura guztien arabera, istorioak interesgarria dirudien. Alabaina, estiloan dago gakoa, argumentua gutxienekoa izaten baita kasu gehienetan. Hasieratik argi ikus daiteke Kore-edak zer asmo duen, baina horrek ez du esan nahi filmak ezustekorik gordetzen ez duenik.

Egileak soiltasunaren aldeko hautua egin zuen aspaldi, eta bide horretan tinko jarraitzen du. Eredu klasikoan ohikoa zen moduan, hasieran zehaztuta geratzen da film osoan hizpide izango den gaia. Familia du aztergai, gurasoen eta seme-alaben arteko harremana, hain zuzen (kasu honetan, alabarik ez badago ere).

Familia bat aurkezten digu, eta pertsonaiak ezagutzeko aukera emango digu lehenengo unetik. Ryotak, Keitaren aitak, arkitekto arrakastatsua eta lehiakorra bera, mutikoaren izaeraren inguruan hitz egiten digu. Beraren ustez, lasaiegi hartzen ditu gauzak, eta ontasuna egundoko gabezia dela uste du. Inguruko guztiak galtzailetzat jotzen ditu; berak, ordea, etxe ederra, kotxe dotorea eta emazte leial eta polita ditu. Horregatik, 6 urteko mutikoari gogor egin behar zaiola pentsatzen du, bestela, munduak laster batean irentsiko baitu. Ez du ulertzen umearen jarrera, badirudi ez dela bere kastakoa. Eta Kore-edak jolas dibertigarri bat proposatuko dio. Arrazoia emango dio: Keita ez baita, antza, euren benetako semea. Ospitalean umez nahastu ziren. Egileak guraso izatearen paradoxa azpimarratu nahi du; nola arraio irakats diezaioke haurrari pertsona izaten, bizitzaren gauzarik ederrenak ahaztu baditu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.