Greba orokorra. Herrialdeak. Araba

Oihartzuna industrian, eta mobilizazio ugari

Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu Gasteizko protestetan, eta manifestariei oldartu egin zaie eguerdian

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Arabako industriako enpresetan nabaritu da batez ere greba. Erantzuna ezberdina izan da leku batetik bestera, baina oro har lanuzteak oihartzuna izan du enpresa txikietan zein handietan, sindikatuek jakinarazi dutenez.Emandako datuen arabera, erabateko lanuztea egin zuten atzo herrialdeko enpresen %46k. Michelin enpresa handiaren erantzuna nabarmendu du LABek: goizeko txandan %20k egin zuten greba. Gasteizko Krainer, BIoconpost eta Tublopast enpresek, berriz, ixtea erabaki zuten.

Aiaraldean, enpresa txiki eta ertainetan ia erabatekoa izan da greba, sindikatuen arabera. Aiarako Inausa, Jez, Talleres Gometegi eta Kider enpresetako langileek bat egin zuten grebarekin. Murgako, Laudioko eta Amurrioko industrialdeetan oso lantegi gutxik ireki zuten, eta irekita zeuden gutxi batzuk ixtea erabaki zuten, piketeen eraginez. Eskualdeko merkataritzari dagokionez, berriz, %85 inguruk egin zuten lanuztea. Denda eta ostalaritza gune txikien erantzuna «bikaina» izan zela diote sindikatuek; ez, ordea, saltoki handiena.

Haatik, oso bestelako datuak eman zituen SEA Arabako enpresaburuen elkarteak. Ziurtatu zuenez, lanuztea «erabateko porrota» izan zen, eta %9,41koa izan zen lurralde osoan. Jaurlaritzaren arabera, Arabakoenpresa pribatuetako langileen %20k egin zuten bat lanuztearekin.

Kalean, baina, nabaritu egin zen greba eguna, mobilizazio jendetsuak egin baitziren goiz eta arratsalde. Gasteizen, goizaldetik aritu ziren grebalariak deialdia zabaltzen, piketeen bidez. Ertzaintzaren presentzia handia izan zen hirigunean goizean goizetik, eta istiluak izan ziren manifestariekin eguerdian. Guztira, hiru lagun atxilotu zituen Ertzaintzak Gasteizen, goizean izandako protestetan. Halaber, beste hamabi pertsona identifikatu zituen, eta desordena publikoak eragitea leporatu zien Jose Mardones kaleanpikete batean parte hartzen ari zirenei.

El Corte Ingles saltokiaren parean eta Gasteizko Boulevard merkataritza gunearen ondoanprotesta egin zuten sindikatuek, eta saltoki horiek ixtea lortu zuten ordu batzuetan. Ertzaintzak goizetik hesituta eduki zuen El Corte Ingles saltokia, eta bertako hainbat langile lur azpiko aparkalekua erabilita sartu ziren lanera.

Bitartean, jendetza bildu zen merkataritza gunearen kanpoaldean, eta handik manifestazioan abiatu ziren. Bidean tentsio uneak izanziren Ertzaintzaren eta manifestarien artean, eta Diputazio jauregiaren ondoan pertsonabat atxilotu zuten ertzainek.

Istilu gehiago izan ziren ondoren, gehiengo sindikalak deitutako manifestazio jendetsuan. Bilbo plazan batu ziren hiriko gune bereizietatik abiatutako hiru martxak, bai eta Hiru garraiolari sindikatuko hiru kamioi ere, txalo artean. Manifestazioa amaitu baino lehen, Ertzaintza oldartu egin zitzaien bukaeran zeuden manifestariei, eta istiluak izan ziren: Herrizaingo Sailak dio manifestari batzuek arrautzak, harriak eta margoa bota zizkietela ertzainei. Istiluon eraginez, manifestazioa zatituta geratu zen, eta milaka lagun berandu iritsi ziren Andre Mari Zuriko plazako ekitaldi jendetsura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.