'Zutik Euskal Herria' ebazpena izango dute ardatz Sortuk eta Zukguak

Bi erakundeek estrategia politiko berbera izango dutela eta koordinatuta ariko direla nabarmendu dute

Sortzaileko eta Zukguako kideak, atzo Donostian egin zuten prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Gazte Zukgua prozesua amaierara heldu da. Fase berean dago Sorturen eratze prozesua ere. Datorren hilean aurkeztuko dituzte ezker abertzaleko bi antolakunde horiek. «Independentzia eta sozialismoa lortzeko bi tresna sortu ditugu», adierazi zuen atzo eginiko agerraldian Sorturen Sortzaile prozesuaren bozeramaile Maribi Ugarteburuk. Ziurtatu zuten ezker abertzaleko bi talde horiek, «helburu bera» dutenez, koordinatuta lan egingo dutela. Biek uste dute «egungo krisi politikoari» aurre egiteko aukera bakarra feminismoa, independentismoa eta sozialismoa direla, eta horiek guztiak izango dira haien estrategia politikoaren giltzarriak.

Bi erakundeek estrategia politiko bera izango dutela adierazi dute, Zutik Euskal Herria ebazpenak ezarritakoa, hain justu. «Zutik Euskal Herria-ren garapenak jokaleku berria ekarri du Euskal Herrira, eta egoera horretan eratuko dira bi antolakunde berriak», adierazi du Ugarteburuk.

Egungo egoera politikoa «errotik» aldatzearen aldeko hautua egingo duten bi antolakunde horiek nabarmendu dute Euskal Herrian «iraultza demokratikoa» egiteko baliatu behar dela fase politiko berria. Hori guztia «herritarren eskutik» egin behar dutela pentsatzen dute. «Euskal gizarteak botere erreala izan behar du eskura», adierazi dute.

Bi erakundeetako kideentzat Euskal Herrian «esparru demokratiko bat eraikitzea» lehentasunezko ariketa dela esan dute. Horretarako, pentsatzen dute «salbuespen politika eta legediak» indargabetu behar direla eta, hala, «jazarpen eta eskubide urraketa guztiak» amaitu. «Inoiz baino argiago ikusten denez, demokrazia deitzen direnak kamuflatutako diktadura politikoak eta ekonomikoak baino ez dira», esan du bozeramaileak. Horregatik, azaldu dute aldaketa politiko eta soziala lortzeko aukera politikoak eta ekonomikoak planteatu, borrokatu eta gauzatzeko asmoa dutela.

Bakoitzak bere dinamika izango du, baina bien artean koordinazio harremana izango dute.

Amaitu da gazte prozesua

Gazteek bost hilabete pasatu dituzte auzoetan eta herrietan eztabaidatzen; elkar ezagutuz, hausnarketak partekatuz,eta elkarrekin ikasiz, haien esanetan. «Gure geroaren inguruan aritu gara hitz egiten», adierazi du Zukgua prozesuko kide Irati Senrak. Gaur egungo egoeraren eta ziklo politikoaren inguruan hausnartu dute, batez ere, eta etorkizuneko gazte erakundearen estrategia politikoa zehaztu dute bilera horietan.

«Orain arteko prozesuari ezarritako helburuetako bat gure herriarentzat independentzia eta sozialismoa nahi duten gazteak biltzea zen», azaldu du Senrak. Pozik daude Zukgua prozesuak izandako emaitzarekin. Jakinarazi dute 180 herritan 2.500 lagun inguruk parte hartu dutela, eta espero zuten baino hobea izan da, haien esanetan. Uste dute kuantitatiboki emaitza onak lortzeaz gain kualitatiboki ere hala izan dela. «Oso ontzat jotzen dugu izan duen parte hartzea, baina baita bertan egindako eztabaida, jasotako ekarpenak eta egindako ariketen sakontasuna ere», adierazi du Senrak. Egungo krisi egoera ikusirik aukerak eraikitzeko beharra nabarmendu zuten bileretan. «Bestelako eredu baten alde lan egin eta eredua errealitate bilakatzea da gure nahia», gaineratu du.

Amaitu da, beraz, estrategia eta lan ildoa zehazteko garaia. Ezker abertzaleko antolakunde berria martxoaren 2an aurkeztuko dute, Lizarran (Nafarroa) egingo duten aurkezpen kongresuan. Orain arte egindako lanaz eta etorkizununeko estrategiaz arituko dira kongresu horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.