Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala. Kritika.

Ene etsaia

Angel Aldarondo.
2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun
'Enemy'

Zuzendaria: Denis Villeneuve. Aktoreak: Jake Gyllenhaal, Melanie Laurent, Sarah Gadon, Isabella Rossellini. Herrialdea: Espainia-Kanada. Iraupena: 90 minutu.

Film handi bat izateko osagai guztiak zituen: Incendies handiaren zuzendaria, Saramagoren nobela bat, Gyllenhall bikoitza, doppelgänger bat eta Isabella Rossellini. Hiri handi batean bizi diren eta iparra galdu duten pertsonaien inguruko istorio hau, ordea, ez da guztiz mamitu. Luzatutako film labur baten aurrean gaude; horixe da lehen inpresioa. Zer pentsatua ematen du Enemy 90 minutu ofizialetara luzatzeak film luze gisa aurkezteko. Hori agerian ez uzteko Villeneuve estetikarekin jolasten da: filmeko protagonista bihurtzen den hiri itogarri baten plano estilizatuen errezitaldi bat eskaintzen dio ikusleari.

Tentsioa eta giro asaldatzailea lortzeko meritua —dudarik gabe, filmaren onena— ez da nahikoa bikoiztutako -—edo zatitutako, Jeckyll eta Hide bezala-— gizon bati buruzko istorioa aurrera ateratzeko. Ez da sinesgarria. Guztia da oso intentsua, efektista eta artifiziala. Gyllenhaal bera —begirada arduragarriko aktorea— eta bigarren aktore zoragarriak ere ez dira gai horrelako pertsonaia adoregabeak interesgarri egiteko.

Pertsonaia protagonistak bere benetako nortasuna aurkitzen ez duen bezala, Villeneuvek ere berea bilatzen dihardu: zuzendari eta autore gisa duen nortasunaren bila jarraitzen du. David Fincher eta Stanley Kubricken artean mugitzen da; ez du bere eskua oharkabean pasatzerik nahi. Eta ondo egiten du. Villeneuve zuzendari dotorea da, eta segurtasun handiarekin lan egiten du. Gehiegikeriak egitea gogoko du. Arriskatzeko prest dago, eta saiatzeko ahaleginean huts egiteko ere bai. Kontuan hartu behar dugu bi film estreinatzen dituela urte berean, eta biak Zinemaldirako hautatu dituztela.

Incendies filmean ere arriskatu egin zuen, eta izugarri korapilatsua eta nekez sinesgarria zen istorio batetik garaile atera zen. Izan ere, era horretako drama batean Radiohead taldearen abestiak —bideoklip batean bezala— erabiltzeko oso lotsagabea izan behar duzula uste dut. Oraingo honetan huts egin dit. Halere, arriskatzeko prest dagoen zuzendariarekiko —eta adi... entomologo frustratua ere bada-— sentitzen dudan miresmenak bere horretan jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.