Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: D multzoa. FRANTZIA 1. INGALATERRA 1

Beldurraren ituna

Frantziak joko hobea eta kalitate handiagoa erakutsi du, baina anbizioa falta izan zaio, eta puntu baliotsua utzi dio IngalaterrariBigarren zatia aspergarria izan da, bi taldeek ontzat eman dutelako berdinketa

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Lescottek (29. min.);1-1: Nasrik (38. min.) Epailea: Nicola Rizzoli (Italia). Txartel horiak: Ingalaterrako Oxlade-Chamberlain eta Youngi. Bestelakoak: 50.000 ikusle inguru Donetskeko (Ukraina) Donbass Arena estadioan.

Frantziak eta Ingalaterrak ituna sinatu zuten atzo Donbass Arenako aldageletan. Partidako atsedenaldian sinatu zuten beldurraren ituna. Bi selekzioek galtzeko beldurra zutela onartu eta adostu zuten eta anbizio gutxi erakutsi zuten bigarren zatian. Txapelketa handi askotan selekzioek hautu oso kontserbadorea egiten duten lehen partidetan. Uzkurtzeko joera dute, eta hala gertatu zen. Ingalaterrak, baina, Frantziak baino sari hobea lortu zuen. Joko, talentu eta gol aukera gutxiagoren jabe, puntuak itunkideari baino aho zapore hobea utzi zion.

Frantzia Eurokopa irabazteko faboritoen zakuan dago. Talde ona dauka, zelai erdi sendoa eta jokalari onak erasoan. Atzokoan, baina, izaera falta izan zitzaion, anbizioa. Ingalaterra ez da titulurako hautagai, eta zanbuluka eta ate aurrean giltzapetuta ikusi zuenean, ez zuen behera botatzeko behar den ausardiarik izan. Ezta Laurent Blanc hautatzaileak ere, bukatzeko zazpi minutu falta ziren arte ez baitzuen aulkia astindu. Hark erebeldurra zuen. Berea multzoko talderik onena da eta hasiera apala aski izan daiteke.

Frantziak izan zuen baloia partidaren hasieran, lehen aukera ona, halere, Ingalaterrarena izan zen. Milnerrek Youngen pase ona baliatu eta iskin egin zion Llorisi, baina gehiegi gurutzatu zen, eta angulurik gabe gelditu zen ate barrura jaurti ahal izateko (16. min). Lehen gola ere Ingalaterrak lortu zuen (30. min.), Gerrardek bikain ateratako falta Lescottek buruz sarera bidalita. Diarrak zaintza huts nabarmena egin zuen eta atzeko erdilariak bizkarra irabazi zion jauzian.

Golarekin esnatu zen Frantzia. Bosgarren abiada sartu eta goian presionatzen hasi zen. Atsedenaldira artekoa partidako ordu laurdenik onena izan zen, eta orduan ikusi zenbi taldeen arteko alde tekniko handia. Frantzia selekzio hobea da, eta erakutsi zuen. Lehen fruitua Hartek geldituriko Diarraren burukada izan zen (34. min), eta bigarrena Nasriren gola (38. min). Ribery eta Maloudarekin konbinatu, azken horrek egun iluna izan zuen,eta areaz kanpotik jaurtiki zuen. Behe-behetik joan zen baloia, eta Harten eskuineko zutoinera itsatsita.

Frantziak hobeto bukatu zuen lehen zatia eta bigarrenean gailenduko zela zirudien. Baina ez, baloia izan zuen, baina kontrol antzua izan zen. Ingalaterra atzean sartu zen eta ondo eutsi zion aurkariari. Frantziak, bere aldetik, gutxi egin zuen area zapaltzeko. Zelai erdian zuloren bat uztearen beldur, erdilariak gutxi sartu ziren eraso konbinazioetan eta aukera gehienak Benzemaren urruneko jaurtiketak izan ziren.

Diarra eta egungo Maloudarekin zaila da erritmoa bizitzea, baina Blancek biak mantendu zituen. Alor horretan Ribery izan zen ausartena, oso oldarkor jokatu baitzuen, baloia eskatu eta atzelarien artean sartzen saiatuz. Ez zuen saririk jaso baina. Partidaren bukaeran Ingalaterrako jokalariak zoriontsuago ageri ziren. Logikoa, multzoko partida zailena onik bukatu berri zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.