Albistea entzun

Artea. Kritika. Artea

Birsortzea, jabetzea eta interpretatzea

Mikel Onandia Garate -

2013ko abenduak 7

'Garmendia, Maneros Zabala, Salaberria. Prozesua eta metodoa'.

Lekua: Bilboko Guggenheim museoa. Noiz arte: 2014ko otsailaren 14ra arte.

Iragan hamarkadetan, azken emaitza plastikoan baino gehiago, arte garaikideak interesa eta azterketa gaia sorkuntza artistikoaren sorreran, metodoan eta prozesuan jarri du, oro har. Ikerketa, deskontestualizazioa, historiaren berrirakurketa eta diskurtso berrien eraikuntza gailendu da azken kreazioaren esparru esanguratsu batean, eta halako proposamen hurbilenen diagnostikoa egiteko asmoz antolatu du hiru euskal artista garaikideri eskainitako erakusketa Guggenheimek.

70eko hamarkadan jaio ziren Xabier Salaberria (Donostia, 1969), Erlea Maneros Zabala (Bilbo, 1977) eta Iñaki Garmendiarena (Ordizia, 1972) funts esanguratsuko mostra da, oinarri kontzeptual nabarmenekoa. Espazio ezberdinetan banatuta, azken urteotan gauzatu obrez gain, berariaz museoaren bildumarako obra bana ondu dute. Bakoitzak modu eta egikera ezberdinak erakutsita argiki autonomoak badira ere, espiritu antzekoari jarraitzen diote hirurek —posmoderniaren eta globalizazioaren seme-alabak diren heinean, sorkuntza garaikidearen sentsibilitate eta estrategia bertsuei jarraitzen diete—, eta, alde horretatik, bakoitzaren begirada eta ahots propiotik, erakusketak modu bateratuan funtzionatzen du.

Oro har, XX. mendeko ideia eta errealitate artistiko garaikidea da erakusketaren leitmotiva. Artxiboa eta dokumentazioa abiapuntu legez, memoriaren berreraikuntzaren inguruan mugitzen dira, jarrera artistikoetatik gertaera anitz askoak (ber)tratatuz —ETAren atentatuak, arkitektura arrazionalistaren agerpenak, gerraren jarraipen komunikatiboa, Oteizaren eskultura galduak—, horien kontraesanak eta anbiguotasunak agerian utzi guran. Birsortzea eta jabetzea, berrikustea eta deskontestualizazioa dira nagusi, metodo gisa analisi eta dekonstrukzioari segituz, erreferentzia anitz eta irakurketa subjektiboko produkzio artistiko konplexu eta pluralei bide emanez.

Salaberriaren lanak formalki garatuenak dira. Eskultura eta instalazio arkitektonikoek, modernitatearen funtsaren inguruko ikerketaren fruitu, sarritan erdi ezkutuan diren erreferentzia ugari agertzen dituzte. Hondamendia (2009), Egin gabeko proiektuaren II. zatia (2007) eta Fronte hotza (2008-13) pieza esanguratsuen artean, berariaz museorako egindako A.T.M.O.T.W (2013) nabarmentzen da, euskal eskultura etiketa edota museoa errepresentazio gune legez ezbaian jartzen duen hausnarketa plastikoa.

Narratiboagoa da Garmendiaren lana; bideo ugari bildu dituzte, intrahistoria eta subkultura lokala hizpide direlarik nagusiki. Hainbat lan zuzen eta interesekoak dira, hala nola eraldatutako kartografiak, Txitxarro (2000) seriea eta Kolpez kolpe (2003) ikus-entzunezkoa; baina oraingoan ere museorako gauzatu lana nabarmenduko nuke, EQDALOS (burua paretan kontra belaunikatua), Jose Sarriegi pintoreari Oteizak eskainitako eskultura galduaren gaineko berreraikuntza dotorea, bigarren mailako arrazoiengatik zeresana eragin duena —egiaz ez da oso ondo ulertzen museoak Garmendiari trabak jarri izana egile eskubideak aitzakia hartuta, hain justu historiaren eta beste artisten lanen berrinterpretazioa funtsa den erakusketan—.

Memoria bisual historikoa aztertzen duen heinean, Maneros Zabala da kutsu estetikoa gehien zaintzen duena—esaterako, Abstrakzio ariketak (2009-10) eta Titulurik gabea (Ekialdeari buruzko ikerketak) (2010) piezetan—. Historia idazteko iturri zuzenak gordetzen dituzten artxiboetako materiala historialariaren galbahetik baino lehenago artistak landu eta publikoari bistaratzea interesatzen zaio. Karga politiko nabarmenarekin, bere hurbileneko narrazioen konfigurazioen inguruan itauntzen du. Azken lanak, Euskal grafia; tipografia eta apaingintza: 1961-1967 (2013) izenekoak, gure historia kulturalaren alderdi ezkutuenetakoa ageriratzen du; beste askotan egunkarien trataera bisuala da ikerketa objektua, besteak beste, Afganistango bonbardaketen interpretazio piktorikoak gauzatuz.

Zaila da erakusketako lan batzuen balioa momentuan epaitzea, deszifratzeko hainbat faktore eta elementu kontuan hartu behar baitira eta, horretarako, patxada eta ondorengo irakurketak eta hausnarketak eskatzen baitituzte. Karga estetikoa desagertu ez arren, kasu honetan bigarren mailan geratzen da argiki, baina neurri batean erakusketa zaila suerta badaiteke ere, proposamen aipagarriak biltzen ditu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joseba Sarrionandia idazlea, Meaberen liburua irakurtzen, Arriaga antzokian ©Foku

Literatura, azal eta mami

Amaia Igartua Aristondo

Miren Agur Meaberen ‘Kristalezko begi bat’ irakurri dute ahots goran Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Irakurraldi Jarraituan. Meaberen berbak gorpuztu dituzte irakurleek.

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.
Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz, JAI Jardun Artistikoen Institutuko 2023ko tutoreak; artxiboko argazkia. ©Gorka Rubio / Foku

Hamasei sortzailek parte hartuko dute Jardun Artistikoen Institutuaren udako eskolan

Iraia Vieira Gil

Laugarren aldiz egingo dute aurten, eta arte ikasleek nazioarteko profesionalekin egoteko aukera izango dute. Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz izango dituzte tutore.

Xabier Gantzarain, Itziar Ugarte eta Harkaitz Cano, gaur, Azpeitian eginiko aurkezpenean. ©Gorka Rubio / Foku

Formatua berrituta egingo dute Hitzaren Eskolaren laugarren aldia, Azpeitian

Mikel Lizarralde

Amets Aranguren, Irati Gorostidi, Joseba Sarrionandia eta Itziar Ugarte ariko dira irakasle, eta bakoitzak beste irakasle bat gonbidatuko du. Hiru hilabete iraungo du aurten eskolak, irailaren 2tik azaroaren 18ra.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.