«EAJk enpresa jartzen du oinarri; pertsona da gure abiapuntu eta helburu»

Oihana Elduaien Uranga.
Andoain
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Buru-belarri aritu da Aralarrekin, EArekin eta Alternatibarekin akordio sozioekonomikoa lortzen. Kostatu zaie, baina adostu dute eredu aldaketa proposatzen duen akordioa. Elkarlanerako ezinbesteko oinarria izango da.

Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak nahiko mamituta daukazue eskaintza sozioekonomikoa. Asko kostatu al da adostea?

Egia esan, onartu behar dugu aste mordoxka behar izan ditugulaeztabaida egiteko, zorionez, lau indar politikoak kultura ezberdinetatik gatozelako. Hainbat arrazoirengatik, oso azkar osatu dugu koalizio hau. Ez bakarrik lauren artean, berriki ABrekin batera ere konpromiso bat sinatu baitugu. Oso denbora gutxian pauso handiak eman ditugu, eta, tartean,bere denbora eskatu du horrelako gai nagusi bat behar bezala eztabaidatzeak, hausnarketa bat egiteak eta proposamenez beteriko norabide bat zehazteak. Baina, oro har, esan dezakegu denok oso pozik gelditu garela, gai izan garelako norabide orokor bat markatzeko eta proposamen jakin batzuk irudikatzen hasteko.

EAJri esan zenioten bere proposamenarekin alderatu nahiko zenuketela jendaurrean. Zein da bien arteko desberdintasun nagusia?

EAJren proposamenak iragana besterikez du planteatzen. Urteetan EAJk eta, harekin batera, PSE-EEk eta PPk aplikatu dituzten politikak berdinak dira. Enpresa jartzen dute oinarri eta giltza nagusi. Eta ekonomia enpresen eta merkatu pribatuen eskuetan utzi denean, eta sektorepublikoak soilik horren mesedetan lan egin duenean, horrek, besteak beste, orain dugun krisialdi ekonomikoa ekartzen du. Eta EAJk hori egiten du gobernuan dagoen tokietan. Guretzat sektore publikoak garrantzi berezia du. Batetik, zerbitzu publiko eta sozialak eskaintzeko, baina baita zer motatako sektore produktiboak garatu nahi ditugun jakiteko ere. Alde horretatik, haiena enpresa den neurrian, guk pertsonak eta langileak jarri nahi ditugu abiapuntu eta helburu. Hor kokatuko nuke desberdintasun nagusia. Baina, diferentzia askoz ere gehiago daude.

Proposamen sozioekonomikoa al da krisitik ateratzeko egiten duzuen eskaintza?

Ez dugu planteatu krisitik ateratzeko bakarrik. Bizitzen ari garen krisia ez da ekonomikoa bakarrik, askoz ere sakonagoa da. Sistemaren krisia da. Horregatik iruditzen zaigu sistema bera defenditzen duten politikek, EAJren proposamenak esaterako, ez dakartela inongo irtenbiderik. Bestelako norabide batean egin behar da lan, etaherri honetan badaude aukerak bestelako eredu bat bultzatzeko. Horretarako, burujabetza ekonomikoa ere behar da. Krisitik lehenbailehen atera behar da, baina krisia ez dugu gainditu behar aurreko egoerara bueltatzeko, horrek bermatuko lukeelako berriz ere krisi bat egotea hemendik 10 edo 15 urtera. Herri honek bestelako politika ekonomiko eta sozial bat behar du.

Eredu aldaketa hori aurrera eramateko lau alderdi horiek nahikoak izango al zarete?

Aurkeztu eta berehala erabaki duguna da eragile sozial, sindikal eta ekonomikoetara joko dugula ekarpenak jasotzeko. Horrelako eredu aldaketa bat ezin dute ez alderdi politikoek ez instituzioek bakarrik egin, eta eragile sozial, sindikal eta ekonomikoek beren funtzioa daukate. Esaten dugunean, adibidez, sektore publikotik bultzatu beharko litzatekeela sektore guztien arteko dibertsifikazio handiago bat, nekazaritzari edo industriari garrantzi handiago emateko, horretarako sektore publikoak bestelako funtzio fiskal bat behar du. Oraintxe badakigu zenbait eragilek zein arazo planteatzen dituzten beste zerga politika bat martxan jartzeko. Lan harremanetarako esparru propio bat garatzeko ere, bertako eragile sindikalekin kontatu beharra dago. Horrelako eredu batek jendartearen parte hartzea eskatzen du, eta, bereziki, eragile sozial eta sindikalena.

Esan duzu ez dela krisia gainditzeko bakarrik egindako proposamen bat; baina zeintzuk dira krisia gainditzeko erakundeetatik ukitu behar diren teklak?

Austeritatearen eta murrizketen tekla etengabe ukitzen ari dira, eta hori alde batera utzi behar da. Bestelako buelta bat eman behar da, eta erabaki behar da gaur egun hainbat azpiegitura erraldoiren inguruan egiten diren gastuak beharrezkoak diren edo ez. Austeritatearen izenean etengabe atzera egiten badugu, amaigabea izan daitekeen zurrunbilo batean aurkitu gaitezke. Politikak ateratzeko baliabideak behar dira, eta horretarako beste zerga politika bat behar da, non benetan diru gehien dutenek gaur egun baino askoz ere gehiago ordaindu beharko duten. Behin diru hori eta neurri horiek lortuta, bi norabidetan bultzatu behar da. Batetik, krisia pairatzen ari diren pertsonei zerbitzu publikoak eta laguntza sozialak bermatu behar zaizkie, eta, bestetik, enplegua sortu behar da. Enplegua sortzeko, berriro ere industria eraberrituaren aldeko apustua egin behar da, ingurumena errespetatuta, teknologia berrietan oinarrituta, eta abar. Gure ustez, badago enplegua sortzea. Azken urteetan, alde batera utzi diranekazaritza, arrantza eta, bereziki, industria. Herritarrek eta, bereziki, langabeek lana behar dute, eta norabide horretan inbertitu behar da.

Zergatik diozue burujabetza ekonomikoa ezinbestekoa dela?

Herri honek erabaki ekonomiko, fiskal eta sozialak hartzeko eskubide guztia du, bereziki bestelako norabide batean aplikatu nahi baditu. Neoliberalismoak azken 30 urteetan aplikatu dituen politikak dira krisi sakon hau sorrarazi dutenak. Raxoiren gobernua aplikatzen ari den, eta Zapaterok martxan jarri zituen proposamenak norabide berean doaz, eta, beraz, etorkizunerako beste krisi bat prestatzen ari dira. Bestelako neurriak eta politikak aplikatzeko, ezinbestekoa da burujabetza. Gainera, Espainiako Estatuaren parte izatea herri honentzat erabat kaltegarria da, batetik ekonomikoki, kupoaren bitartez ordaintzen dugunagatik: armada, monarkia, Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta bestelako gauza batzuk ordaintzen ari gara. Baliabideekonomikoak nahi ditugun bezala kudeatzeko eskubidea daukagu. Horri etengabe egiten zaion kritika elkartasun eza da. Baina, herriek burujabetza ekonomikoa behar dute, nolako elkartasuna izan nahi duten erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.