Komunikazioa

Gaur emango dute, ETB1en, 'Bi eta bat' komedia berrituaren lehenengo atala

90eko hamarkadako telesail arrakastatsua gaur egungo gizartera egokitu dute, orduko gatz eta piperrarekin
Irudian, <em>Bi eta bat</em> fikziozko telesaileko aktore protagonistak eta gidoilari taldea.
Irudian, Bi eta bat fikziozko telesaileko aktore protagonistak eta gidoilari taldea. JON URBE/ ARGAZKIPRESS

Ainhoa Arano -

2012ko maiatzak 23
Facebooken bitartez urteen eta distantziaren oztopoak gainditu eta Antiguako apartamentuan elkartu dira berriro Jaione, Idoia eta Jose Lontxo. Lehengo lepotik burua, hamaika istorio eta korapilotan nahastuko da hirukotea. Joxe Lontxo emakume aberats baten alarguna da, eta Pep izeneko seme bat du. Jaione abeslari ezagun bihurtzeko bidean zen orain 21 urte, baina ametsa erori egin zaio eta aurrerako proiektu guztietan porrot egin du. Idoiak Venezuelara egin zuen alde, aktore izateko asmoz. Baina, urruti joanagatik, ez da egon bizitzaren muturrekoetatik salbu: mutil gazteago batekin ezkondu eta hark sos guztiak lapurtu dizkio. Dirurik, etxerik eta etorkizunik ez, krisiaren adibide gordina da hirukotea.

Ikus-entzuleek berriro gozatu ahal izango dute Jaioneren izaera garratzaz, Idoiaren txolinkeriez eta Joxe Lontxoren inozotasunaz. Gaur emango dute, ETB1en, Bi eta bat fikziozko telesailaren lehenengo atala, labetik atera berria. Asteazkenero, 22:00etan, bi kapitulu emango dituzte jarraian, bakoitza 25 minutukoa, eta asmoa hamahiru ataleko denboraldia osatzea da, «ikus-entzuleek ongi erantzuten badute». Hasierako hiru aktore protagonistez gain, zazpi pertsonaia berri gehitu dituzte. Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala dira telesailaren zuzendariak, duela hogei urte bezalaxe. Ez da eutsi dioten gauza bakarra. Iñaki Salbadorren musika berriz grabatu dute eta Ane Gabarainek jarriko dio ahotsa telesailaren abestiari.

Zailena, esentziari eustea

«Alde artistikoaren ikuspuntutik, erraza genuen hobetzea, baina erronka Bi eta bat-en txispari eta arimari eustea zen, eta lortu dugulakoan gaude», azaldu du Olasagastik. Telesailak hasieran zuen freskotasuna lortzen ahalegindu dira gidoilariak. Krisi ekonomikoa, teknologia berriak, amodiozko pasarteak eta, guztien gainetik, eszena komikoak. Ikus-entzuleak ondo pasatzea da helburua, eta grabazioetan behintzat lortu dutela diote. Agirregomezkortak azpimarratu du lanean giro paregabea dutela, «eta hori ezinbestekoa da komedia bat egiteko». Gaineratu du «lantaldearen maisutasuna» emaitza ona lortzeko bermea dela.

Aktoreak ilusioz beterik ari dira grabaketa lanetan, euren gogoa ikus-entzuleengana iritsiko den itxaropenez. «Bi eta bat gure telesail kutunena izan da beti, eta merezi zuen atal gehiago egitea», dio Gabarainek. Bi eta bat-ek hiru denboraldi izan zituen 1991 eta 1993 bitartean, baina motz gelditu zen egungo telesailekin alderatuz: ordu erdiko 26 atal egin zituzten guztira. Hala ere, ez dute atzerako begiratu sakonik egin behar izan. Gabarain: «Revival bat izan beharrean, jarraipen bat balitz bezala hartzen dut nik; telesaila presente izan dugu beti». Aktore berriek ere gogotsu erantzun diote proiektuari. «Gaztetan, Bi eta bat-en jarraitzaile nintzen. Sekula ez nuen pentsatuko telesaila itzuli eta bertan ariko nintzenik. Ohore bat da», azaldu du Agirregomezkortak. Aktorearentzat erronka handia izan da euskarazko interpretaziora itzultzea: «Gazteleraz lan egiteko ohitura dela eta, euskaraz deseroso sentitzeko beldur nintzen, baina segituan ohitu naiz». Bi udararen ostean, Miramongo platoak Bi eta bat grabatzeko ireki dira, telesailak bigarrengoz arrakasta izango duelakoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna