Aitor Renteria.
Analisia

Lege aldaketa da gakoa

2014ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Frantziako Administrazioak arakatu ditu tiranteak, eta legeen argira egin dezakeen irakurketarik onuragarriena plazaratu du. Prefetak onartu du ez dituela konponduko ikastola guztien arazoak. %80 erran du, baikorki. Parte ahulena ahanzteak arazorik sortuko ez duelakoan. Baina argi mintzatu da prefeta. Estatuaren akuilua dela gogoratu du. Legeak betetzea dela haren eginkizuna, ez idaztea. Engoitik, Seaskaren arazoa politikoa dela ulertarazi du. Seaskaren eta legea egiten dutenen artean konpondu behar dela arazoa.

Zirkularrak argitu du zer egin daitekeen eta zer ez. Argitasun hori ematea Seaskaren onurarako dela erran du. Euskararekiko uzkur diren auzapezek lubaki bat galdu dute: ezin dezakete erran legeak debekatzen diela ikastolen xedea laguntzea. Egoitza zaharrak alokairuan ezar ditzakete. Borondate politikoa da muga bakarra. Baina, horrekin batera, gainditu ezin den oztopoa utzi du auzapez horien esku. Merkatuko prezioan baino merkeagoan ezarri beharko dute alokairua, zehaztu gabe zer den hori. Orain artean, auzapez batzuek euro sinbolikoan ezarri izan dute alokairua. Legeari iruzur egitea dela gogoratu die prefetak. Engoitik aldaketa oro haren eskutik pasatu beharko direla jakinarazi die.

Borondate politikoa izanen da, beraz, Seaskarekiko giltzarria. Giltzarria edo gillotina. Zeren, legea aldatuz gero, aspalditik Seaskak eta euskalgintzak aldarrikatzen duen legea balego, ez legoke prefetaren interpretazio beharrik. Borondate politikorik ez dagoela argi dago. Hollanderen hauteskunde kanpainako hitz ederrak, Miterrandenak bezala, airean gelditu dira. Ez dute lurralde elkargorik sortuko, eta, haren ordez, lausotasunez eta batez ere eskumen gutxiagoz jantzia dagoen sindikatu mistoa proposatuko du. Egiten badu. Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna euskararentzako arriskuz beterik dagoen testu baten bidez berretsi nahi du. Berresten badu. Ikastolentzako legea ere Parisko tiranteetan galdurik dago.

Borondate politikoa, boterea zentralizaturik dagoen estatuan, Parisen dago. Han dago gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.