«Euskara atmosfera baldin bada izango da zerbait; bestela, jai dugu»

Horretarako bidean, sinbolo gisa erabiltzen ere jarraitu behar da, «tamalez», Eduardo Apodakaren ustez

Eduardo Apodaka, atzo, soziolinguistika jardunaldietan. IÑAKI BERRIO.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Aldi berean gara denok, euskaldun garen aldetik eta, neurri batean edo bestean, euskaraz bizi garen aldetik, euskararen subjektuak», esan zuen EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle Eduardo Apodakak atzo, soziolinguistika jardunaldietan egin zuen hitzaldiaren hasieran. «Baina aspalditik sortu ziren euskal subjektu horren gainean lan egiten zuten batzuk, objektibatu egin zutenak. Eta hemen gauden gehienok, alde batetik edo bestetik, subjektu hori objektibatu egiten dugu; neurtu, pisatu, ireki, analizatu, ikertu, aztertu». Objektibatzea ez da gaur egun adituen kontu soila, «euskaldun guztiena baizik», Apodakaren ustez. «Euskaldunak euskaraz bizi nahi badu, bere burua aztertuz bizi behar du. Bere buruaren objektu izan behar du subjektu izan ahal izateko. Euskara bizi behar du euskaraz bizitzeko».

Euskara, kasu askotan, diferentzia erakusteko eta identitatea markatzeko erabiltzen dela ekarri zuen gogora, sinbolo bat baino ez dela izaten. Baina euskarak hori baino gehiago izan behar du. Euskarak «atmosfera» izatera iritsi behar du, airean dagoela konturatzen ez garen arren beharrezkoa dugun oxigenoaren antzekoa. «Euskara atmosfera baldin bada izango da zerbait; bestela, jai dugu».

Nolanahi ere, «tamalez», oraindik ere sinboloei eutsi egin behar zaiela uste du Apodakak, batez ere euskarak indarrik gutxien duen inguruetan. «Ez da nahikoa», ohartarazi zuen, hala ere, «eta txarrena nahikoa dela pentsatzea da, sinbolo estatus horretan geratu ahal dela. Askorentzat, hor bukatzen da bidaia, hori da mugarria».

Baina bidaiak jarraitu egin behar duelakoan dago Apodaka, sinbolo izatetik atmosfera izaterainoko bidea egiten, eta atmosfera ahalik eta erakargarriena, gainera. Guraso gisa duen esperientzian oinarrituta, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak jarri zituen adibidetzat, euskaraz ez dakiten guraso askori «mundu bizi, oso eta erakargarri bat» jarri dietelako begien aurrean, mundu horretan euskara sinbolo hutsetik harago atmosfera izanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.