Hizpideak
Irtenbide kolektiboa
Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak argi du gaur presoen eskubideen alde Bilbon egingo den manifestazioak ez duela ezertarako balioko. Edo, zuzenago, bi gauzatarako balioko duela: ezker abertzalearen aldarrikapenak indartzeko eta gizartean frustrazioa eragiteko. Mezu hori zabaldu du ekitaldiaren aurretik.
Aresek dio «aurrera egiteko inolako aukerarik ez duten irtenbide kolektiboak» eskatuko direla gaur Bilbon, eta ez dela halakorik izango, besteak beste, legeak galarazten duelako. Alegia, presoek onurak nahi badituzte banakako eskaerak egin beharko dituztela.
Kondena beteta daukaten presoak, gaixorik daudenak, zigorraren hiru laurdenak egindakoak aske uztea, eta, oro har, guztiak Euskal Herrira ekartzea dira gaurko aldarrikapenak. Aresek aipatutako legedi horren barrukoak, denak. Espainiako Justiziak gogor behartu baitu legedia bere nahierara, eta ez banakoen aurka, baizik eta euskal presoek osatzen duten multzoaren kontra, hots, irtenbiderik izango bada, kolektiboa izan beharko duela.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.