Liburu aurrerapena

Gure Jerusalem galdua (Erresuma eta Fedea III)

2013ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Egun batean gurea izanen duk berriz, Joanes. Egun batean, buruxut ibiliko gaituk berriz geure hiriburuan». Aitatxi zenaren hitzak kasko barnean ari zitzaizkidan, panpa-panpa, ferratzailearen mailua ingudearen gainean nola. Zazpi-zortzi urte, ez nintzen zaharragoa, lehen aldiz aditu nituelarik. Bortzetan berrituko zizkidan Migel Mailu zenak. Begitartea argitzen zitzaion halakoetan, irriñoa loratzen. Bere sorterria zuen ahoan — «Iruñea. Iruñea. Iruñea…»— azken hatsa ematen ari zelarik ere.

—Gure Jerusalem galdua.

Ezin izan nuen aho barnean atxiki. Aitatxik gaztetan utzi eta berriz ere ikusiko ez zuen hiria aitzinean nuen, 1591ko urri bukaerako egun hartan.

Aiantzek burua bihurtu zuen bere zaldiaren gainean:

—Zer diozu?

Uretako jaunak bere meneko gizonen bati manatzen ahalko zion niri Iruñeraino eskolta emateko lana. Nahiago izan zuen berak egin. Egunarekin batera atereak ginen haren jauretxetik, eta eguerdia ez genuen urrun hiriko harresiak begi parera agertu zitzaizkigularik. Aitzineko eguneko euria atertuz joana zen. Goiz hasieran baizik ez ginen busti.

—Handiagoa zela uste nuen.

Ez zen ihesbide hutsa. Dezepzio tiki bat etorria zen istant hartako pilpira eta aitatxiren oroitzapenaren beroa hoztera. Banekien Iruñea ez zela Paris. Ezta Lyon edo Bordele ere. Ikusmiran nuen hirixkak doi-doi berdintzen zuen Paue edo Baiona.

—Handiagoa? —Aiantzek, mindu itxuran—. 10.000 lagun bizi baitira harresien barnean!

Harrizko ospitale tiki bat utzi berria genuen alde batera. Uretako jaunak erran gabe ere banekien Santa Maria Magdalenari eskainia zela eta hara biltzen zirela inguruko legendunak. Harrizko zubi batek ugaldearen bertze aldean ezarri gintuen. Katedraleko orratz luzeek guri so ematen zuten harresien bertzaldera.

—Arrotxapeko atetik sartu nahi nuke.

Aitatxik gezurra erran ez bazidan, larru-apaintzaileen karrika ez zuen aparte Arrotxapeko ateak. Han behar zuen Antsatarren etxeak, aitatxiren sorlekuak. «San Martin ospitalearen eta San Tirso elizaren artean», zaharrari hainbertzetan aditu nionez.

—Arrotxapekoa? —nire gidariak—. Zertaz denbora gal Arrotxapeko atetik sartzen?

Aiantzi, nire alderako mesfidantza urtu gabe joanak zitzaizkion azkeneko egunak. Umore hobea sumatzen nion goiz hartan. Ez nintzen, beraz, tematu. Bertze egun batean bisitatuko nuen Iruñeko larru-apaintzaileen karrika.

—Teileriakotik, orduan? Edo San Nikolaskotik?

Zuhurrena ez izanagatik, barrenean zerbaitek bulkatzen ninduen erakustera toki horretan zenbateraino nintzen etxeko.

—Ez batetik, ez bertzetik.

Dorre gotorren zola iragan genuen harresiaren kantoiari hegiz hegi eginik. Begi parean genuen hiriko lehen ataria. Teileriakoa behar zuen, aitatxik kasik hogeita hamar urte lehenago eman argibideak zuzenak izatera. Egia erran, eskertzeko zen Aiantzen borondatea gure sarrera bertze toki batetik egiteko. Jende eta animalien pilaketak aitzina egin ezinean atxikitzen zituen sartu nahi zutenak. Atearen bertze aldean, bertze horrenbertze lagun, kanpora nahian.

Hurrengo atean, San Nikolaskoan, gauza bera zela pentsarazi zidan hango zalapartak. Norabide horretan zerbait aitzinatuta ohartu nintzen harrabotsak bertze etorki bat zuela. Alde horretako bizidun gehienak ez ziren hiriratzen ari, lanean baizik. Jendeketa bat eta zamari parrasta bat palastaka zebiltzan lokatzean, bertze elemenia bat aldamioetan goiti eta beheiti, eta ez gutiago txirrikei eragiten edo soketatik tiratzen. Iruñeari konkor alimalea aterea zitzaion saihets horretan, eta hura izaki haien afana. Balezta baten gezia gizon baten bularraldean nola, hala landatzen ari ziren hiriko harresietan bertze harresi garai, sendo eta gotorragoak, jende eta animalia andana horren ahaleginez.

Nire ilundura miresmentzat hartu zuen Aiantzek.

—Zitadela berria. Espainiako gotorlekurik sendoena. Hogei urte du eraikitzen hasi zirenetik.

* * *

Aitatxi Migel munduko gizonik zaharrena iruditzen zitzaidan haurretan. 60 bat urte zituen papistek garbitu zutelarik. Ezagutu ditut gero bertze batzuk, adinean berdintzen zitzaizkionak. Horiek guztiak gazte utziko zituen paperez beteriko mahai baten gibelean gerizatzen zen gizonak. 70ak ez zituen urrun, eta haren itxurari oharturik ezin erran bare eta bakez bizi izanak zituenik. Behialako gerlaria salatzen zuten ezker eskuko hiru hatz bakartiek eta eskuin begia izandako tokian gelditzen zen ore gorri-beltzak. Ezker begitik, pindar bat jalgitzen zen oraino. Polifemo zaharrari ez zitzaizkion arrunt itzaliak garai bateko indarra eta azkartasuna. Ni haren parera agertu orduko, pistola bat atera zuen nonbaitetik, metxarik behar ez dutenetarik, eta eskura utzi zuen, armatu eta gero, paperek tapatzen ez zuten mahaiko zoko bakarrean.

—Ez naiz zutaz fio, Mailu.

Horra niretako zituen lehen hitzak. Aiantzekin solasaldi laburra izana zuen, gaztelaniaz. Horren ondotik, bakarrik geldituak ginen gizon hura eta biok, zitadelako sala batean.

—Eta badakizu zergatik ez naizen zutaz fio?

Nire hizkuntzan ari zen orain. Zuzen egiten zuen, arrotz doinu nabarmenean bazen ere.

—Badakidalako nor eta zer izan zaren.

Ez zen egin nezakeen gauzarik hoberena. Ez nintzen isildu, haatik:

—Nik ere orobat.

Are tinkoago sumatu nuen nigan haren begi bakarraren pisua. Irri motz bat egin zuen:

—Uste baino igualagoak gertatuko gara gu biok, hondarrean.

Kasik iraindurik sentitu nintzen. Hura eta biok igualak!

—Ea, erran nor naizen.

Duda egin gabe ihardetsi nuen:

—Pedro Nafarroakoa, Iruñeko gobernatzailea. Halako izena izanik ere, gaztelarra.

—Sevillarra.

Bizkarrak uzkurtu nituen. Niretako ez zen biziki desberdina.

—Eta beharrik —gehitu zuen—. Nafarra izanez gero, gure erregek ez ninduen inoiz kargu horretarako izendatuko.

—Abantzu 80 urte geroago, nafarrez mesfidatzen Espainiako erregea?

—Noizbait kanbiatuko da hori. Mantso bada ere, ari dira fidagarriago bilakatzen. Zuk oraindik aunitz erakutsi beharko duzu, nik zu halakotzat hartzeko.

«Behar den guztia erakutsiko dut» edo gisako zerbait erran nezakeen. Ez zitzaidan halakorik ahora etorri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.