Liburu aurrerapena

Versus

2013ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
25
Egia ote, Ruper Ordorikak kantatzen duen bezala, zerua itsaso zikin bat dena? Versusek ez du Sarriren poema hau ere ezagutzen, baina bai Martin Larralde Bordaxuri bertsulariaren bizitza zorigaiztokoa. Eta bai, halaber, Galerianoen kantua, Larraldek berak idatzi eta Pantxoak eta Peiok hain samurki kantatzen zutena. Versus asko akordatzen da kanta harekin. Berari ere galeretan dagoela iruditzen zaio behin eta birritan. Behin eta birritan, galeretan. Bere aita hil omen zuen Martin Larraldek, tiroz. Latza da hori, gero. Inon bada bekatu latzik, horixe latzena. Baina Versusek ez du bekaturik egin. Eta, bekaturik egin gabe, galeretan dago. Zerua itsaso zikin bat ote? Ala itsasoa da zeru zikin bat? Versusek ez du Ordorikaren ahotsa entzuten, galdera galdu egiten da misterioaren huntz gorrikaran gora. Baina galdetuz gero, zer erantzungo luke naufragoak? Itsasoa bera zeru guztizko denean, eta zerua bera itsaso guztizko, non dago bien arteko aldea edo ñabardura? Batek daki. Edo guk, bederen, ez dakigu.
26
Behinola ahatebeltz hegozuri (Melanitta fusca) bat iritsi zen Versusen uhartera. Jaio berria zen eta gaixorik zegoen. Hautsita zeukan hego bat. Amak bazter utzia, errefusatua, ahal zuen moduan iritsi zen lur puska bakartu hartaraino. Versusek hartu zuen besoetan, Versusen haur besoetakoa izan zen denbora luzean. Hegoa sendatu zion, arrain goxoenez elikatu zuen, habia leun bat prestatu zion eztiki lo egin zezan. Versusek hitz egiten zion, bere minak eta pozak kontatu, eta ahateak, begietara begiratzen ziolarik, baietz bezala egiten zion lepo luzearekin, ulertzen zituela haren hitz hits guztiak. Horrela joan ziren egunak eta gauak, urtebete iragan zen arte. Ahatebeltz hegozuria sendatua zegoen dagoeneko, sasoi bete-betean, luma distiratsu eta haragi mardulak erakusten zituela. Versusek aspaldian emana zion askatasuna, baina hegaztia ez zen uhartetik mugitzen. Ilunabar batez, Versusek eskuetan hartu zuen ahatebeltz maitea eta, ia negarrez, lepoa bihurritu, hil, eta atsegin betean jan zuen, joan zedila esaten zion bitartean, aske zela hegan egiteko.
27
1983. urtea. Espainiako Itzulia. Zazpigarren etapa Sabiñanigon bukatzen da, Huescan. Borroka itzela dago Hinault eta Lejarretaren artean. Arazo politikoak direla medio, Itzulia ez da aspaldidanik Euskal Herritik pasatzen. Hala, txirrindularizale aparta baita Versus, Sabiñanigoraino hurbildu da etapa amaiera ikusteko asmoz. Bazter batean gelditu da, aldapa motz baina latz baten erdi parean. Badatoz. Autoak eta motoak ziztu bizian badatoz. Jendea gainezka dago errepide ertzean. Laster dira hemen txirrindulariak. Moto gehiago. Eta autoak. Abiada izugarrizkoan. Halako batean mutiko bat irteten da errepidera eta auto batek harrapatzen du. Lurrean etzanda gelditzen da, odoletan. Versusek, denborarik galdu gabe, arnasketa artifiziala eta masaje kardiobaskularra egiten dizkio. Bizitza salbatzen dio. Ekintza ausart hori eskertzearren, Itzuliak urrezko domina ematen dio. Bertan ipintzen du: al mérito deportivo-civil. Zergatik kontatzen dugun hau guztia? Bada, Versusek istripuaren aurretik gordetzen duen oroigarri bakarra domina huraxe delako.
28
Seigarren atalean adierazia gelditu zen gisa, Versus kleptomanoa izan zen. Autoak osten zituen. Miniaturak. 1:43 eskalan egindako arte-lanak. Ez edozein auto, ordea; bost modelo baino ez, bere kuttunak: 1962ko (bera jaio zen urteko) Ferrari 250 GTO-a, urte bereko Aston Mar- tin DB4 GT-a, Lamborghini Miura, Lancia Stratos-a eta 1965ean jaio zen Porsche 911. Bost modelo horiek: hiru italiar, alemaniar bat eta ingeles bat. Harrapatu zutenean, zortzi ale zeuzkan bakoitzetik bere gelako apalategian. Fabrikatzaile, kolore, jite desberdinetakoak, jakina. Orduak eta orduak pasatzen zituen auto haiei begira. Ez omen zen konturatzen ebasten zituenik. Bulkada mekaniko bat zen, barruan zeukan ahots gobernaezin bat. Gurasoek talde terapia batera bidali zuten segituan. Hiru hilabeteren buruan, sendatuta zegoen. Kleptomania esan nahi dugu, ezen ez bost auto horiekiko mirespena eta lilura. Hain zuzen ere, itzultzen denerako horixe du beste ilusioetako bat: bost auto horietatik bat erostea, zein aukeratu guztiz mingarria egiten zaion arren.
29
Izan gaitezen ausartak eta egin dezagun galdera: naufrago nekatu batek zer ikus lezake tristeziaren metro karratu baten mugetan? Versus bera mintzatuko zaigu orain: itsasoa mitxoleta berritan itoa; urrunak dakarren zuritasun ezinezkoa; belazean bilduta dagoen sua eta azukrea; ezereza mirarika heiagoraka musu-musuka; neskato ederrenen sexua piztia beldurgarrietatik sagasti eta muinoetara ihesi; Jainkoaren begi erraldoia paradisua zainduz; beste naufrago baten esku uzkur koralezkoa zeru gardenari eutsiz; amildegi ertzean sehaskatzen den haur inoiz jaio gabea; misterio abisalaren giltza; txori berde baten kantu espantuzkoa; min terminalen erietxea; poema ororen iturburu agor edo zikina; ostadarraren pandemia eta oroimenaren gotorlekua; sarrerarik gabeko labirintoa; marinel herratu guztien galmendia; begiez harantzago dagoen bizi osoa, bizi bakarra, bizi betea; eta, noski, eta batez ere, ilargiaren badaezpadako agonia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.