Herrira-ren kontrako polizia operazioa

Herritarrek jarraituko dute Herrira-ren lanarekin

Mobilizazioak antolatu dituzte biharko, eta Nafarroakoak debekatu egin ditu gobernuko ordezkariak

Donostian hainbat eragilek egindako agerraldia. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2013ko urriaren 3a
00:00
Entzun
«Tantaz tanta, herri mugimenduaren indarrez, herri eta hiri bakoitzeko plaza euskal preso eta iheslarien aldeko itsaso bihurtu arte». Herrira mugimenduaren aurkako operazioari erantzuteko, haren lanarekin jarraitzeko konpromisoa hartzeko eta «Herrira-ren gisa» jokatzeko deia zabaldu dute dozenaka herritarrek. Plazaz plaza, herriz herri, «era guztietako ekitaldi ugari» iragarri dituzte ostiralerako, Irekialdia izeneko ekinaldiaren barruan.

Bat-batekoa izan zen astelehenean bertan operazioari emandako erantzuna, eta asteartean ere mobilizazioak egin ziren herri askotan. Batzuetan, gainera, atxiloketen aurkako eta euskal preso eta iheslarien aldeko aldarrikapen iraunkor bihurtu zuten herriko plaza. Mobilizazio uholde horri jarraipena emanez, herri mugimenduetako eta kultur nahiz kirol arloko lagunek hartu zuten atzo lekukoa, tanta urdin bana eskuan zutela. «Pozik eta harro» agertu ziren Herrira-ko kideekin, eta «bereziki», atxilotutako hemezortziekin «plazak eta kaleak, batzar asko, ekitaldi ugari, irriak, atsekaberen bat edo beste eta hitz-aspertu luzeak» partekatu izanaz: «Beraiekin emandako denboran konpromisoa, jarrera irekia, eta batez ere, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde erakutsitako grina eta ilusioa ezagutu ditugu».

Argia aldizkariko zuzendari Estitxu Eizagirrek eta Bide Ertzean taldeko musikari Imanol Ubedak irakurri zuten testua, Donostiako Bulebarrean bildutako herritarren babesean. Haien artean ziren, esaterako, Juanba Berasategi zinema zuzendaria, berriki Donostiako Zinemaldiko Zinemira saria jaso duena; Eider Rodriguez eta Jon Benito idazleak; Beñat Gaztelumendi bertsolaria; Ines Osinaga, Joseba Tapia, DJ Bull eta Andoni Tolosa musikariak; Mikel Astarloza txirrindularia; Luis Intxauspe Hernaniko alkatea, Andoni Gartzia Astigarragakoa, Ainhoa Zabalo Lezokoa, eta Mikel Izagirre Urnietako alkate ohia; Jose Mari Zubillaga, Manuel Fraile eta Karlos Sanchiz enpresariak; Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria eta Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria.

Eizagirrek salatu zuen herritar guztien askatasun demokratikoen aurkako «erasoa» izan dela Herrira-ren aurkako operazioa, eta agerian utzi du ez direla errespetatzen oinarrizko eskubide zibil eta politikoak. Hala ere, preso eta iheslarien eskubideen aldeko jarduera «isilaraztea» izan da operazioaren helburu nagusia, euren iritziz. «Baina ez dute lortuko. Guk, euskal herritarrok, Herrira-k egiten zuena egiten jarraituko dugulako. Herriz herri bakea eta askatasuna eraikitzeko lanean jarraituko dugulako».

Iruñean, manifestazioa

Iruñean ere, Herrira-ri babesa adierazi zien; besteak beste, EAk, Sortuk, Aralarrek, EH Bilduk, CGTk, ELAk, LABek, Stee-Eilasek, ESK-k, CNTk, Ahaztuak-ek, Andreak, Ernaik, AEK-k eta IKAko kideek. Miren Beitia IKAkoak eta Manuel Velasco CGTkoak «erabat» arbuiatu zuten «ekintza judizial, polizial eta mediatiko hau gidatu duen erabaki politikoa». Kezka agertu zuten, «legez kanporatzeen eta makrosumarioen aroa eguna jarri gabe luzatu» eta preso eta iheslarien auzia «gutxi batzuen arazo» bihurtu nahi duelako Espainiako Gobernuak.

Bihar Iruñean manifestazioa egingo dutela jakinarazi zuten, 20:00etan, Sarasate pasealekutik hasita. «Herrira-ren gisan jarraituko dugu lanean, tantaz tanta, guztion eskubide eta askatasunen defentsan». Altsasun eta Tuteran ere antolatu dituzte mobilizazioak, baina haiek guztiak debekatu ditu Carmen Alba Espainiako Gobernuaren ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.