martxelo otamendi
'Bateragune auzia'. Analisia

Errua koltxoiarena izango da

2013ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Joan den astean Arnaldo Otegiren gertuko senide batekin hitz egiteko aukera eduki nuen, eta Bateragune auziko bost espetxeratuak behin-behinean kalera ateratzeko aukeraz hitz egin genuen. Zaila ikusten genuen, Espainian oso garestia izango zelako horrelako erabaki bat, urteetan egindako adoktrinamendu lanaren ondorioz, herritarren zati handi batek oso jarrera aurkakoa eta irmoa zeukalako. «Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez dauka koltxoirik horrelako erabaki bat hartzeko», esaldia erabili genuen egoeraren zaila deskribatzeko.

Atzo Madrilgo erakunde judizial garrantzitsu bateko togadun aurrerazale batekin hitz egiten ari nintzela, iritsi zitzaigun Bateraguneko bostek kartzelan segitu behar duten albistea. Berriro koltxoia gure ahoetan, salto egin nahi zuten magistratuentzako koltxoirik ez zegoela Espanian, eta are gutxiago Auzitegi Konstituzionalean.

Askotan esan dugu, askok esan dute, Bateragunekoak Espainiako sektore politiko, judizial eta mediatiko batzuen bahituak direla, ETA erabat deuseztu ez izanaren ehiza trofeoak. Ikono dira Bateragunekoak sektore horientzat, Otegi eta Diez batipat. Mendekuaren irudiak, are gehiago, Bildu, Amaiur eta EH Bilduren emaitza onen ondoren. Zerrendak debekatzeko aukerarik ezean, mendekua lider poltikoekin.

Berdin da auziaren instrukzio oinarri gabekoa egin zuen Garzonek berak esan badu, idatziz eta ahoz, oso bestelako dela Bateragunekoak egin zuten lana; esanez bezala, hasierako akusazio haiek oinarri gabekoak zirela, eta garaiz zebilela justizia sartutako hanka ateratzeko. Berdin da itzal handiko epaile eta juristek esatea auzi horrek ez daukala ez buru eta ez hankarik. Ez ikuspegi juridikotik, eta gutxiago oraindik politikotik.

Komeni da gogoratzea zein izan zen gobernu sozialistaren garaiko fiskalaren jarrera akusazioa egiteko orduan. Bat egin zuen, inolako kritikarik egin gabe, Garzonen instrukzioaren akusazioekin, eta kondena gogorrak eskatu zituen epaiketan. Komeni da ez ahaztea, erru guztia popularrek eraman ez dezaten.

Rubalcabak eta konpainiak nahi izan balute, Bateragunekoak ez ziratekeen sekulan espetxean egongo. Baina, justiziaren oinarrizko baloreak eta irizpideak ederki zanpatuz, presio politikoa sartzeko baliatu zuten auzia politika eta justizia sekula ez direla nahastu behar aho betearekin esaten dutenek. Mezu bat eta iradokizun bat bidali zituen atzo Espainiako Konstituzionalak hartu zuen erabakiarekin. Mezua, denok ulertu duguna, kondenatuek kartzelan segituko dute helegitearen gaineko erabakia hartu bitartean.

Iradokizuna, epaileak ez dira helegitea onartu zaleak; horregatik ez dituzte Bateragunekoak kaleratu, kontraesana litzatekeelako, haien ikuspegitik, behin behinean kaleratzea eta kalean daudela, helegitea atzera botatzea berriro kartzelan sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.