EAEko Euskararen Legeak 30 urte (eta VII). Aurrera begira

Hausnartzeko ordua

Bost hamarraldiko bidea eginda, euskara normalizatzeko estrategia ziklo berri baten aurrean dagoela sumatzen dute adituekJon Sarasuak nabarmendu du ez dagoela antzeko baldintzak dituen prozesurik

Euskaraz bizitzearen alde iragan larunbatean Donostian egin zuten manifestazioa. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
Donostia
2012ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako D ereduko ikasleen laurdenek euskara maila kaskarra dute, B ereduko %42k eta A ereduko %86k bezala; Lanbide Heziketan eta unibertsitatean, urrats berririk ez da egin aspaldian; euskaltegiek ikasleak galdu dituzte azken hamarkadan; lan munduan bidea egin den arren, enpresen %1 inguruk soilik dituzte euskara planak; administrazioko arlo batzuk euskalduntzeko prozesuak motelduta daude; euskarazko hedabide gehienak, kinka estuan; euskararen ezagutzak gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gazteen artean batik bat, baina erabilera indartzeko ezinak agertzen ari dira... Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legeak 30 urte bete dituelarik BERRIAk argitaratu duen artikulu sortan agertu dira kezka horiek. Ez dira berriak. Euskalgintzan, aspaldiko sentipena da estrategia batzuk agortzen ari ote diren, eta «bidegurutze» batera iritsi ote den euskararen normalizazioa.

«Garai interesgarrian gaude», Jon Sarasuaren esanetan. Euskalgintzak bost hamarralditako ziklo bat egin du. «Ziklo interesgarria izan da, eta harro egoteko modukoa». Baina orain, euskararen normalizazio estrategia «lausoaldi» moduko batean sumatzen du Sarasuak. Euskalgintzako eragileak nor berean eta nora jo ikuspegi argirik gabe ari ote diren susmoa du. Ikusten du, ordea, hedatzen ari dela hausnarrerako beharra: «Oraintxe da garaia datozen hamarraldietara begirako estrategiak berriz ere multzokatzeko: zeintzuk izango diren hurrengo pausoak hezkuntza arloan, hedabideetan, kulturgintzan...».

Iñaki Martinez de Luna soziologoak ere hausnarketarako premia sumatzen du, «lortutakoen eta egindako akatsen inguruan». Egin egin delako, baina ez delako gogoetan sakondu, bere hitzetan: «Ez gara oso finak izan ikuspuntu teorikoa lantzen. Kulturalki, herri ekintzailea gara. Murgildu izan gara ekintza dinamika batean, zertaz ari ginen eta nora jo behar genuen oso argi izan gabe».

Gogoeta hori egiteko datuak eta eskarmentua badaudela eta «hausnarketa zintzo bat» egin behar dela uste du Martinez de Lunak: «Oso zuhur eta oso zintzo jokatu behar dugu, ameskeriarik gabe». Baldintzak aintzat hartu behar direla ohartarazi du, leku baterako balio duena beste batean kaltegarri izan litekeelako: «Helburuak oso garbi eta tinko izanda, helburu horietara egin beharreko bide orri diferenteak markatu behar ditugu, lekuan lekuko baldintzei erantzun ahal izateko».

Legearen garrantziaz

Kale neurketek eta inkesta soziolinguistikoek azaleratutako datuetako bat da eskualdeen eta herrialdeen artean ezberdintasun handiak daudela. Legeek badute zerikusirik horretan, Iñaki Martinez de Lunaren esanetan: «Interbentzio eraginkor bat egin den eremuetan, aurrerapausoak antzematen dira. Eta interbentziorik egin ez den eremuetan edo sektoreetan, ez da mugimendurik antzeman, edo, kasu batzuetan, atzerapausoak eman dira». Euskarak nahikoa estatus baduen edo legea mugatua den eztabaida litekeela erantsi du Martinez de Lunak: «Baina lege estatus aldetik zerbait dagoen lekuetan egin diren programen emaitzak begien bistakoak dira». Nahiz eta euskaltzaleek nahi luketen bezain urrun ez dela heldu ere onartu duen, legeak aukera ireki du ekiteko.

Sarasuak baditu ñabardurak: «Legeak ez dira egin hiztun komunitate baten behar zentraletatik, ekologia linguistiko baten planteamenduetatik, baizik eta unean-unean posible ziren oreka politikoetatik. Oreka politikoek eman dezaketena eta hiztun komunitate baten garabide sendo batek behar duena ez datoz bat». Mugak muga, onartu du 1982ko euskararen legea munduko beste hiztun komunitate batzuentzat interesgarri izan litekeela.

Izan ere, munduko hainbat hiztun komunitaterekin lan egiten du Garabide lankidetzarako elkarteak, Amerikakoekin batik bat, eta han aritzen da Sarasua. «Zubiak» egiteko sortu zuten Garabide; besteak beste, horretarako abiatu zuen hizkuntzen berreskurapenerako aditu titulua. Urtero, atzerritik etortzen dira hizkuntzen normalizazio prozesuei buruz ikastera. Trukerako bide bat da. Aditu titulua sortzerakoan, gainera, hizkuntza normalizatzeko «estrategia nagusien sintesia» egiten aritu da Garabide, eta ohartu da euskaldunek ere egin gabe zutela «kontakizun hori», ohartu gabeak zirela, zenbait kasutan, egindako bideaz.

Gizarte ekimena

Eta zer da euskararen normalizazio prozesutik beste hiztun komunitate batzuek ikas dezaketena? Sarasua: «Uste dut gure kasua zerbaitean berezia izan bada, izan dela honetan: berreskurapenerako prozesu eta estrategia nagusiak gizarte ekimenetik sortu ziren. Ez instituzio publikoak geneuzkanean, baizik eta frankismoaren azken hamarraldietan egosi eta martxan jarritako prozesuak izan ziren». Euskararen batasuna, ikastolen sorrera, helduen alfabetatzea eta hedabideen sorrera aipatu ditu. Instituzio publikoek ere «lan handia» egin dutela onartu du, eta erantsi du etorkizunean instituzio publikoen eta gizarte eragileen arteko «lidergo partekatu» bat beharko dela. Baina euskara normalizatzeko estrategien oinarriak gizarte ekimenak jarri zituela berretsi du. «Munduan kasu bakarretakoa gara».

Munduko hiztun komunitate gehienak, «zoritxarrez», okerrago daudela uste du: «Gehienek atzetik begiratzen gaituztela iruditzen zait». Zehaztapena segituan egin du, hala ere: «Komeni da ñabartzea. Ematen du eredu izan behar dugula eta besteei erakutsi behar diegula. Baina ez gaude etxafuegoak botatzeko moduan. Gaixotasun serio bat daukan hiztun komunitatea gara, eta estrategia berri pila bat martxan jarri beharrekoak ditugu». Gainera, euskaldunek beste hiztun komunitateengandik ikasteko asko dutela erantsi du.

«Kanpora oso gutxi begiratzen dugu», gaztigatu du Martinez de Lunak: «Hori gure kulturan sustraitutako joera bat da». Uste du gainditu behar dela jokabide hori, euskal hiztunek ere badutelako zer ikasi. Adibide bat eman du: «Niretzat, deskubrimendu bat izan zen hizkuntzen ekologiaren kontzeptua, ez zena hemen garatu, baizik eta antipodetan. Eta horrek erabilera posible bat dauka gurean ere». Hori bai, argi du ezin direla ereduak eta ideiak «itsu-itsuan kopiatu».

Euskarak, nolanahi ere, «ispilu» gutxi dituela uste du Sarasuak. «Gu baino ganora gehiagorekin garatu eta normaldu diren hizkuntzek estatu bat izan dute atzean». Estrategia orokorretan, beraz, kanpotik ekartzeko eredu gutxi ikusten ditu. Kontu zehatzagoetan bai, ordea; adibidez, Katalunian nola egin duten katalanezko musika eta zinema sustatzeko. Nolanahi ere, ahalegina bertan egin beharko dela nabarmendu du: «Ez daukagu munduan eredu bat antzeko baldintzak dituena. Iruditzen zait gauza gehienetan guk atera beharko ditugula babak eltzetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.