Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Analisia

Puntuen langa buruan

2013ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Donostiako Gaska kiroldegia mini-belodromo bilakatu eta jendez lepo bete zen igandean finalerdietako bigarren itzuliko bigarren asaltoan. Saioa, baina, gorabeheratsu xamarra izan zen, ez-dakit-zenbat-puntu lortu beharrak bertsolariak estu lotu izan balitu bezala-edo.

Igor Elortza izan zen guztien artean erregularrena, oso fin saio osoan zehar eta dizdiratsuegi aritu ez zen bertsoaldietan ere sendotasuna mantentzen asmatuz. Hamarreko handiko ariketan bikain sartu zen mojaren paperean, Jainkoari erreferentziak eginda sinesgarritasun handia irabaziz. Eta hala, haserako ariketan erakutsitako mailari eustea lortu zuen bukaeraraino, Alaiarekin egindako puntukako jardun epel xamarrean salbu. Bakarkakoan doinu berri bat plazaratu zuen eta bere ohiko estiloan puntu motzak eta luzeak maisuki kateatu zituen, lehenbiziko bi bertsoetan bereziki. Maulen kantatuko duten sei bertsolariek berak baino puntu gehiago batzeak bakarrik utziko luke durangarra finaletik kanpo, utopikoa dirudiena.

Alaia Martin eta Aitor Sarriegi sailkatu ziren Elortzaren atzetik, puntu kopuru ia berdinarekin biak. Joaneko eta itzuliko saioetan lorturiko puntuen batura, ordea, aldeko du Sarriegik. Beasaindarrak ez zuen bere saiorik onena egin, ezta gutxiago ere. Hamarreko nagusian eta hamarreko txikian eman zuen bere mailarik onena; 8ko txikiko ariketan, ordea, lehenengo bertsoa ez zuen nahi bezala borobildu eta ondoren hartu zuen bidea ere (kultura diputatu okupatua zela-eta emandako aitzakia) ez zen ofizioa lehertzen duten horietakoa izan. Puntukako jardunean, bestalde, Frediren enbata gainera etorrita nahikoa lan izan zuen aterkia irekitzen. Kartzelakoan bertsoaldi akatsgabea osatu zuen, maratoia korritzen ari den lasterkariaren azaletik kantatuz, nahiz eta agian guztiz beharrezkoa izan ez lasterkari horren karikaturizazioan bihotzeko gaitza izan zueneko ñabardura ere gehitzea. Sutara beti egur gehiago bota behar horretan erreta amaitzen ez ote dugun sarritan... Kontuak kontu, igandeko saioa baino lehen finaleko txartelaren erdia poltsikoan zuen Sarriegik eta saioaren ostean txartelaren bi laurdenak (!!). Hots, itxaron egin behar.

Igandeko saioan bigarren postua erdietsi arren Sarriegik baino koska bat zailagoa dauka Alaia Martinek BEC-en kantatzeko bere ametsa betetzea. Gipuzkoako txapelketan behe-behetik hasi ostean urrun iristea lortu du, eta pozik egoteko moduan da egin duen lanarekin. Donostiako saioan, esaterako, maila handiko bertso bat baino gehiago oparitu zizkigun. Bere anaiarenmoduan, bidenabar esanda. Bakarkakoan baino ofiziotako ariketetan aritu zen solteago Jon Martin. Puntukakoan, adibidez, Etxahun Lekuerekin bertsoaldi polita osatu zuen. Larrabetzuarrak ere kolpe politak eman zituen ariketa honetan; saio osoan zehar, bestalde, bere erregulartasuna agerian utzi zuen beste behin ere.

Bukatzeko, Fredi Paia. Atzo kantatu zituen bertso asko teknikoki zuzentzeko modukoak izan ziren, bistakoa da hori, baina botatako bertsoez haratago, jarrera bat isladatzen du Fredik, nola txapelketaren aurrean, hala bizitzaren aurrean. Kartzelan hartu zuen bidea harrigarria bezain arriskatua izan zen. Ez zuen borobildu. Hori bai, bide berriak urratu nahiaren meritua ez diogu behintzat kenduko... Gauzak horrela, Maule Lextarren ikusiko dugu elkar larunbatarekin. Biba Xiberua!

PD: Birritan aipatu zen bertsotan joan den igandeko saioan, bertsoaldi ezberdinetan gainera, Jon Agirresarobe, Torrotxo. Aldameneko batek «nor da Torrotxo?» egin zidan galde, ezizena entzun ahala. Kontuz horrelakoekin. Orain baino lehen Aritz Galarragak egunkari honetako Ekografiak atalean majo larrutu zuen Argia aldizkariaren webgunean txapelketaren aitzakian abian jarritako «Damutuko zaizute» saioa, saio horretan «gremioko jendearentzat soilik diruditen txisteak» egiten dituztela egotzita, besteak beste. Igandean, «gremiokoa» ez den jendeak nekez harrapatuko zituen Torrotxoren aipamen horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.