Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 3. Graduondokoa

Zikloak

Beñat Gaztelumendi.
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
www.mondragon.edu/huhezi/ekt

Nolakoa da euskaldun bat? Abertzalea al da?, ba al daki euskaraz? Eta abertzale bat? Euskalduna al da?, edo, ba al daki euskaraz? Gauza bera al da euskalduna izatea eta euskaraz jakitea? Abertzale izan behar al da euskaltzale izateko? Eta abertzale izateko, euskaltzale ere izan behar da?

Hegemoniaz hitz egin zigun asteazkenean Mario Zubiagak. Hegemonia politiko abertzale bat eduki dugu Euskal Autonomia Erkidegoan; erakundeetara iritsi da, bere irizpideen arabera banatu ditu baliabideak; berak markatu ditu edukiak. Eduki horietako batzuk eztabaidaezin bilakatu dira, hegemoniko. Eta, neurri batean, euskarak aurrera egin badu, hegemonia politiko horrek izan du eraginik. Euskara ez da hegemoniko bilakatu, ordea.

Erakundetu den abertzaletasun horrek beste bat eduki du parez pare, bere edukiekin. Gizartea interes orokorraren adierazle bilakatu eta bere erakundetze alternatiboa osatu du. Euskalgintza hor kokatu izan da urte luzeetan. Baina, aldatzen ari dira garaiak. Aurrez aurreko borrokatik eraginaren paradigma batera igaro gara: euskara sisteman integratu da, eta sistemak kudeatzen du interes orokorra, bere irizpide «demokratikoen» arabera. Hala, «demokratikoki»erabakitzen da zenbat baliabide merezi dituen euskal kulturak eta zenbat Kulturak: «zuek hainbeste zarete, ba portzentaia bera jasoko duzue». Eta horrela garatu da euskal kultura neurri handi batean; erakundeen laguntzaz eta erakundeen aurka.

Ziklo amaieraz hitz egiten zaigu orain. Sistematik kanpo egon direnak sisteman integratzeko prest daude. Eta horrek kolore aldaketa bat ekarriko du, bai baliabide materialak banatzeko eta baita gizartea sinbolikoki elikatzeko ere. Edo, Mario Zubiagaren hitzetan esanda, botere-paradigmatik eraginaren paradigma batera igarotzekotan gaude. Mundu mailan ere gauza bera gertatzen ari da.

Eta, hemendik aurrera zer? Eraginaren paradigman mugitzen ikasi beharko du euskalgintzak. Baina, ziklo baten amaierak beste baten hasiera esan nahi du, eta paradigma guztietan mugitzen jakin beharra dago. Euskal Herrian identitate-arazo bat dagoela esan zigun Xabier Aierdik, eta euskal identitate hori euskaratik sendotu beharra egongo da datozen urteetan. Eta, botere-paradigma atzera joan bada ere, hurrengo belaunaldiak hezi egin beharko dira. Erakundeetatik kanpo asko hitz egiten da antiliberalismoaz, desazkundeaz, sostengarritasunaz... Hizkuntza ekologia eta euskara ere eduki horiekin elkartu eta hegemoniko bilakatzeko borroka egin beharko da. Baina, prest al gaude, benetan, euskara erdigunean jartzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.