urtzi urkizu
Donostiako 61. Zinemaldia. Basquewood

Ondo jatea, gauza ederra

2013ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Ez dakit nora eramango duten gaur Hugh Jackman bazkaltzera eta afaltzera, baina suposatzen dut otorduak ez direla nolanahikoak izango. Izarren afari gehienak, Michelin izarrak dituzten jatetxeetan. Zergatik da Donostia biztanleko Michelin izar gehien duen munduko hiria? Galdera horri erantzuten diote gure sukaldari handiek Javier Gutierrez eta Jon Arregi zuzendarien Euskadi, cocina en la cumbre dokumentalean. ETBrako egindako lan horretan errepikakorra egiten da behin eta berriz entzutea euskal sukaldaritza modernoa onena dela. Karlos Argiñanoren esaldi bera bitan ere ageri da, justifikaziorik gabe. Kontraste gutxiko dokumentala iruditu zaigu. Onenak gara leloa behin eta berriz entzutea gogaikarri bilakatzen da azkenerako. Eta onartuko dugu, bai, nazioarteari begira artista eta enbaxadore apartak dira Arzak, Subijana, Berasategi, Aduriz eta konpainia. Baina munduko txoko askotan eta askotan ederki jaten dela ere esan beharko da, ezta?

Dokumentaleko sukaldarien artean, apalenetakoa Eneko Atxa bizkaitarra iruditu zaigu. Atxa bera da protagonista Sormenaren bide ezkutuak Lara Izagirreren film laburrean. Bi prozesu kontatzen dira: batetik, Atxaren jatetxean postre bat asmatzeko prozesua. Eta, bestetik, zinemaren prozesua, Izagirre kamera aurrean freskotasunez ageri zaigularik. Lan atsegin honetan, Larrabetzuko sukaldeko gorabeherei buruz gehiago jakiteko gogoz gelditzen da ikus-entzulea. Hobe hori, ordea, asperduran eroriz gehiegi luzatzea baino.

Bere kolorea ematen dio Zinemaldiari Culinary Zinema: Zinema eta gastronomia sailak. Foku handietatik pixka bat oharkabean pasatzen da; Donostiara datozen kazetariek ez diote arreta berezirik jartzen. Film eta film artean, arreta jartzen dute, aldiz, pintxoz betetako tabernetako mahaietan. Epaimahaiko kideek ere jango zuten egunotan txipiroi pintxoren bat. Pintxoak gaitzat hartuz, film gustagarria egin zezakeen Todd Haynesek, David Byrneren soinu bandarekin. Aktorea behar badute, ni prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.