Harold Good. Ipar Irlandako apaiz protestantea eta gatazkako bitartekaria

«Edozein desarmatze ekintza da sinbolikoa: nahia adierazten du»

Ipar Irlandako desarmatze prozesuak lezio garrantzitsu bat utzi zion Harold Good egiaztatzaileari: bidaia guztiak «urrats txiki» batekin hasten direla, eta ez zaiola keinu bakar bati ere garrantzia kendu behar.

Samara Velte.
Donostia
2014ko apirilaren 11
00:00
Entzun
IRA Irlandako Armada Errepublikanoak armak utzi zituenean, Harold Good apaiz protestanteak (Derry, Ipar Irlanda, 1937) egiaztatzaile lanak egin zituen Alec Reid zenarekin batera. Atzo, prozesu horri buruzko hitzaldia eman zuen Donostian Lokarriren eskutik, bake prozesua indartzeko Foro Sozialari buruzko liburuaren aurkezpenaren ostean. Keinuei garrantzirik ez kentzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari: «Edozein desarmatze ekintza da sinbolikoa: ekintza horren atzean dauden pertsonen nahia adierazten du». Euskal gizarteari, berriz, Madrilen erantzun «erdeinuzkoaren» aurrean ez etsitzeko eskatu zion: «Aukerak gal daitezke, baina hau ez da galdutako kausa bat. Gogorrago saiatzera bultza behar gintuzke, hurrengo aukera ez galtzeko».

Nola jaso zenuen ETAren desarmatzeari buruzko albistea?

Zirrara handia eragin zidan, banekielako denbora asko zeneramatela berri haren zain. Madrilek «tribiala» eta «teatrozkoa» zela esan zuenean, apur bat zapuztu zitzaidan zirrara. Jendeak gauza garrantzitsu eta serioak egitea nahi badugu, txalotu egin behar ditugu. Urrats bat egiten badute, txikia izanik ere, euren asmoen sinbolo bat da, eta horren arabera baloratu behar da. ETAren moduko erakunde batek halako pauso bat ematen duenean, oso zaila da atzera egitea, baina gerta daiteke euren keinuak etengabe gaitzesten badira. Baliteke barruko sektore batek esatea: «Ikusten? Bagenekien ez gintuztela aintzat hartuko; zertarako ahalegindu?». Horregatik, garrantzitsua da prozesuan sinesten duten guztiek lehen urratsa txalotzea.

Eta zer pentsatu zenuen Espainiako Auzitegi Nazionalak egiaztatzaileak deklaratzera deitu zituenean?

Nazioartean ospe handia duten pertsonak dira; horregatik, kanpotik bitxi samarra egiten zitzaigun inork mesfidantzaz trata zitzakeela pentsatzea. [Bat-batean irribarre egiten du] Baina akaso aukera bat izan zen Madrilgo gobernuari azaltzeko zertan ari ziren, eta istorioa ikuspegi positibo batetik kontatzeko. Baina bai, harrigarria iruditu zitzaidan. Gure armagabetze prozesuan, bagenekien gobernuaren babesa geneukala: mundu guztiak nahi zuen, eta denok geneukan konpromisoa hartuta, funtziona zezan. Auzitegietara bidali ordez, lehen ministroaren onespen gutun bat jaso nuen nik!

Prozesua ez aurrera eta ez atzera geratzearen arriskuez ohartarazi duzu, horrek gatazka mota berriak ekar ditzakeelako.

Gure historian ere ikusi dugu nola irauten duen gatazkak belaunaldiz belaunaldi. Pertsona batzuek kontatuko dizute nola oroitzen duten euren aitona edo aita, edo zenbait kasutan baita ama ere, kartzelan sartu zituztenekoa. Ziklo hori gelditu beharra dago. Bake prozesuan inplikatutako jendeak, baita borroka armatutik zetorrenak ere, esaten zidan ez zuela nahi bere seme-alabek gatazka hori jasotzerik, beraiek bezala bizitzerik: ihesean, edo euren bizitzako urterik onenak espetxean igarota. Eta nahiko ziur nago ETAren barruan ere badagoela desio hori, ez dutela beste belaunaldi bat horrela ikusi nahi.

Eta aurrekoen saioek huts egin zutela sentitzen badute?

Hori da arriskua. Gure prozesua geldirik zegoenero, paramilitarrek aukera baliatzen zuten esateko saioak ez zuela merezi izan. Eta behin, aintzat hartu gabeko su-eten baten ostean, atentatu handi bat gertatu zen: guztiok esnarazi gintuen. Beraz, arrisku gehiago dakar ezer ez egiteak, zuzen jokatzen saiatzeak baino.

Konponbiderako, ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko bake elkarrizketen alde zaude. Zenbateko aukerak ikusten dituzu Madril negoziazio mahaira ekartzeko?

Ez dakit askorik hemengo politikaz, eta ez nioke beste gobernu bati esan nahi nola egin behar dituen gauzak, baina uste dut Espainiakoaren interesekoa dela prozesu honetan inplikatzea. Ni agintean banengo, gustatuko litzaidake bakea lortu zuen hura izatea, zailtasun guztiekin bada ere. Hau guztia amaitzeko eskaera ukaezin bat dago hemen. Jakin nuenean Bilbon 115.000 lagun irten zirela kalera presoen auzia konpontzeko eskatzera —ez askorik, soilik giza eskubideak errespeta zitzatela—, izugarrizko zirrara eragin zidan. Nola da posible gobernu batek 115.000 pertsona ez entzutea beste milakaren ordezkari badira?

Zein funtzio bete behar lukete presoek gatazkaren konponbidean?

Ironikoa irudi lezake, baina Ipar Irlandan presoek izan zuten prozesuaren giltza, espetxean egon arren. Sarritan, haiek egiten zuten hausnarketa, eta kanpoko politikan zihardutenei esaten zieten: «prest gaude honetarako». Irten zirenean, haietako asko politikagintzan aritu ziren, eta haien lana ezinbestekoa izan zen hurrengo faseetara igarotzeko. Beraz, ez badituzu presoak kriminalizatzen —eta, gure kasuan, haietako gehienek ez lukete sekula kartzelan bukatuko gauzen alde politikoan sartu ez balira—, gaitasun handiko jendea topatuko duzu, bakea eraikitzeko klabe izan daitezkeenak.

Munduko hainbat bake prozesuk erakutsi dute ez dela nahikoa bi alderdi nagusiak mahai berean elkartzea; gizartetik ere bultzatu behar dela. Nolabermatzen da hori?

Garrantzitsua da prozesu oro ahalik eta zabalena izatea. Guk «bakearen trena» deitzen genion: abiatu aurretik, den-denak igo zitezen nahi genuen. Batzuek ez zuten nahi izan, eta haiek gabe abiatu behar izan genuen, gero harrapatuko gintuzten esperantzaz. Azken egunotan hemengo eragile batzuekin hizketan aritu naiz, eta badago abiatzeko tentazio bat, baina ahalegina egin behar litzateke guztiei itxaroteko, baita mesfidatiei ere. Aurrera egin dezakezu eta zuzen jokatu, baina gerta daiteke horrela komunitatea gehiago zatitzea, eta hori saihestu behar litzateke.

Dena ondo bidean, gaur egun haurrak direnek ez dute oroituko gatazka armatuaren garairik. Nola kontatuko diegu historia, inor ez dadin galtzaile edo garaile sentitu?

Gu lan handia ari gara egiten eskoletan, elizetan eta gizarte erakundeetan, eta gazteek eurek ere ez daukate historia berriro bizitzeko gogorik. Arazoa da etxera heltzen direnean eta guraso eta aiton-amonek kontatzen dietenean eurek nola bizi izan zuten. Baina gazteek jaso dutena baino zerbait gehiago nahi dute; ez dute lehen bezala bizi nahi, eta horrek indar handia ematen dit.

Amestu dezagun pixka bat. Nola irudikatzen duzu Euskal Herriko egoera hamar urte barru?

Esperantzaren gatibua naizela pentsatzea gustatzen zait: ezin diot itxaropenari ihes egin, eta ez dut amore eman nahi. Erabakitasun handia ikusten dut Euskal Herrian; etsipen eta ukazio guztien gainetik, energia handia dago, eta hori mantenduko da. Irlandan ere esaten zuten askok bakea ez zela inoiz helduko, eta begira non gauden orain. Bidaia ez da amaitu, baina jainkoarren, lehen geunden lekutik milioi bat kilometrora gaude. Denok irakurri ditugu aste honetako albisteak: Martin McGuinness, IRAko buruzagi ohia, Erresuma Batuko erreginarekin mahai berean eserita. Nork pentsatuko zukeen halakorik? Ez du esan nahi zailtasunik ez dagoenik, baina jendeak erabakita dauka ez duela historia berriro bizi nahi.

Eta zer egin behar da historian pilatutako herra guztiarekin?

Sentimenduak adierazi egin behar dira, eta jendeak argi esan behar du zer espero duen politikariengandik, zer nahi duen bere seme-alabentzat, presoentzat eta gatazkan nahastutakoentzat. Batzuek Nelson Mandelak bezainbeste denbora daramate espetxean: ez al da nahikoa? Brian Currinek asko lagundu zigun gure presoak askatzeko prozesuan. Gai gatazkatsua zen, biktimei min handia eragiten zielako. Behin galdetu zioten: «Eta justizia?». «Kontua ez da justizia», erantzun zuen: «Ezin duzu alargun batengana joan eta hari azaldu bere maitea hil zuena askatuko duzula justiziaren izenean. Kontua da alde guztiei berriz hasteko aukera ematea, merezi duten edo ez pentsatu gabe». Eta ez dut biktimen samina gutxietsi nahi. IRAren desarmatzetik itzuli nintzenean, galdetzen zidaten: «Ez al zinen biktimez gogoratzen arma horiek ikustean?». Jakina gogoratzen nintzela, etengabe gainera; haietako asko ezagutzen nituen. Baina biktimez pentsatzen nuena hildakoak gogoratzeaz harago doa: arriskuan egon zitezkeenengan neukan gogoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.