Bertsolari Txapelketa Nagusia. Analisia

Ez dute aulkirik jarri nahi

Josu Goikoetxea.
2013ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Pasa den astean, final-laurdenetako kartelak finalaurrekoekin erkatu nituen, denbora-pasa, bertsolarien izenak aztertu nituen, eta neure baitarako esan nuen, «meh, ez dago ba hainbesteko alderik, eta ez dut uste hainbeste igarriko denik fase batetik besterako igarotzea».

Ni naiz Beñat Gaztelumendi bakarkakoan «agian» gaitik kanpora ibili zela idatzi zuen hura. Zergatik asmatu behar nuen oraingoan?

Klaro igarri dena. Eta nola gainera. Bi arrazoirengatik: final laurdenetatik sailkatu diren bertsolariek koska bat gorago egin dutelako beren jardunean, eta finalista biek (Arzallusek eta Iturriagak) balio erantsia eman dietelako bi saioei.

Tolosan denen buru, bertsolari txundigarri bat: Igor Elortza. Bikain zortziko handian, txikiko hasieran, puntuei zailei erantzuten, seiko motzean eta, ai, bakarkako lanean. Irakurri itzazue entzun ahala. Istorio txiki baten deskribapen handia, bera (Elortza aita) bertsoan sartzeko birgeria eta guzti. Finalean da Elortza (ejem), aurreko txapelketako hutsa konponduz eta, nik uste, inoiz egin duen finalik onena egiteko aldartearekin.

Zoragarri Mantxi, baita Elortzarekin ere. Izan ere, Mantxiren bertsoek egin zituzten handi Elortzarenak. Haren bertsoen goi-arnasari heldu beharrean, Mantxik lur azalean jokatu zuen. Imajinatzen biak aritu izan balira gauza handiak esaten? Aizue, ume batez ari zaretela! Bakarkakoan, istorio ederra ondu zuen zarauztarrak. Ohar bat halere, Mantxi eta gainerako bertsolariok: ken ezazue «bezero» hitza zuen errimategietatik, mesedez.

Sorpresa hartu nuen Unai Iturriagaren hirugarren postuarekin, bi poto (eta erdi) egin zituela pentsatu baikenuen. Oker nengoen, baina puntu erantzunetan zigorra jaso zuen. Lan guztiak, kartzelara arte, ezin hobeto egin zituen, bereziki aipatutako seiko motzekoa. Beste saio bat du, eta haserretuko zait, baina hemendik eskatu behar diot bakarkakoan berriz habaneran ez kantatzeko: «Gimme more, brother».

Lekuerekin (eta Agirrerekin) gauza bat gertatu zitzaidan: formulazioaren eta nire belarri txarraren erruz, ez nuen ondo ulertu seiko motzeko gaia eta pentsatu nuen gaitik kanpora aritu zirela. Orain Lekueren lana berraztertu eta ikusten dut gauza oso onak egin zituela, txikiko lehen bertso zoragarrian, puntu erantzun zailetan eta kartzelako lanean.

Azkenik Irazu eta Agirre. Nik egia esan, gorago nuen Irazu: bereziki gustatu zitzaidan zortziko handian egokitutako gai zailarekin erakutsi zuen jarrera. Txikian indartsu Iturriagarekin, eta puntada onak emanez mainontzin, nahiz eta ez biribildu.

Amaia Agirre, berriz, pixka bat kanpo ikusi genuen. Ondo hasi zen, baina pixkanaka itzaliz joan zen, burua beste norabait joan izan balitzaio bezala. Eta hala zen, seguru. Musu bat.

Amaitzeko, Inazio Usarralde zoriontzeaz gain, esan behar diot gai-jartzaile taldeari pixka bat findu behar duela gaien formulazioa. Eta ez naiz soilik ulertu ez nuen gaiaz ari. Barkatu hala esatea.

Eta bagoaz, badoa txapelketa, hartu du abiadura, eta honezkero ez da geldituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.