Donostiako 61. Zinemaldia. Kritika. Perlak

Nora ezean

Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
'Gravity'

Zuzendaria: Alfonso Cuaron. Herrialdea: AEB. Iraupena: 93 minutu.

Alfonso Cuaron mexikarraren Gravity lan berriak sekulako ikusmina sortu du Zinemaldian; Viktoria Eugenia antzokiaren kanpoan zain zegoen jendetza ikusi besterik ez zegoen horretaz jabetzeko. Kasu gutxitan ikusten dira halako ilara luzeak. Venezian eta Toronton kritika onak jaso dituela antzematen da, jendea irrikaz baitago Y tu mamá también eta Children of Men-en egilearen azken lanarekin gozatzeko. Cuaron beraren proiektua dela azpimarratu behar da, zuzendaria izateaz gain, ekoizle, gidoigile eta muntatzaile lanetan ere aritu baita.

Gauza bat jakina da: ikusgarria dela ezin daiteke uka. Warner Bros ekoiztetxearen 80 milioi dolarreko produkzioa dela kontuan hartuta, argi dago esperientzia estetiko ahaztezina izango dela, teknikoki paregabea baita, eta soinuaren erabilera eta 3 dimentsiotan filmatutako irudien edertasunari esker espaziora egin daitekeen bidaiarik zoragarrienaren parte izatera gonbidatzen baitu ikuslea. Ziur aski, asko txundituta irtengo dira aretotik, zerbait izugarria eta berezia ikusi dutela sinetsita. Emozioetan eragitea du helburu mexikarrak, baina ideiei uko egin gabe, noski. Eredu klasikoaren tradizioari jarraituz, istorio argi eta ulergarria plazaratzen du. Bizitzako arazoei aurre egin behar zaiela helarazi nahi digu egileak, eta, hortaz, Hollywoodeko zineman ohikoa den moduan itxaropenaren aldeko apustu garbia egiten du. Ez da inoiz amore eman behar; hori esaten zaigu, ezta gauzak ezinezkoak diruditenean ere. Errusiarrek euren satelite bat leherrarazi ostean, Matt Kowalsky pilotu umoretsuaren eta Ryan Stone ingeniariaren bizia arriskuan egongo da, zatiak espazioan sakabanatuta geratu baitira. Bidaia benetan ikusgarria den arren, kontatu nahi zaigun istorioa ez da batere originala; hau da, edukiari dagokionez, ez da berritzailea, eta, hortaz, beste askori arrunta iruditu ahal zaio. Tamalez, ez du ezer apartekorik eskaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.