Albistea entzun

EAJ eta PP bozen osterako ituna prestatzen ari direla dio Pastorrek

PPko iturriek baieztatu egin dute Iñigo Urkullu Mariano Raxoirekin batzartuko dela aurki Moncloa jauregian

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2012ko ekainak 14

EAJ eta PP elkarlanerako ituna prestatzen ari direla uste du Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak. Horixe erakusten duela azkenaldian bi alderdiak izaten ari diren jarrerak, harremanek eta bilerek. Pastor sinetsita dago lanean ari direla Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJk irabazten baditu PP «lehentasunezko bazkide» izan dadin. Eta esan du horrexegatik bildu zela herenegun Iñigo Urkullu Antonio Basagoitirekin. Azken orduko ezustekorik ezean, EAJren lehendakarigaia izango da Urkullu, eta PPrena Basagoiti, eta, berri agentziek zabaldu dutenez, egoera ekonomikoari eta ETAren amaieraren kudeaketari buruz aritu ziren biak asteazkeneko bileran.

Baina ez hori bakarrik. Urkullu Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuarekin izatekotan den bilera ere prestatu zuten herenegun EAJko eta PPko buruek. Bi alderdien arteko akordioak lantzeari begirakoa izango da Urkullu eta Raxoiren arteko «bilera sekretua», Pastorren hitzetan. Eta harreman berezi hori bi esparrutara zabaltzekotan direla deritzo, gainera: EAJk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazten baditu PP hartuko duela bazkide, eta, aldi berean, EAJ Espainiako Gobernuaren lehentasunezko babesle izango dela.

Hala izateko saioan ikusten du Urkullu. PPren gobernua egiten ari den murrizketa bortitzen inguruan EAJ izaten ari den jarrera bigunak horri erantzuten diola uste du Pastorrek: «Raxoiren neurriak EAEren konpetentziak urratzen ari diren arren eta ongizatea zein autogobernua zauritzen ari diren arren, Urkullu ez da oso kritiko ari». Gauzak horrela, «hurrengo lehendakari izan nahi duenari», Urkulluri, dituen «lagun arriskutsuen» inguruan hausnartzeko eskatu dio.

Eskumako politika bera

Baina ez du uste EAJk norabidez aldatzeko asmorik duenik. Areago, «Espainia gobernatzen duen eskumaren eredu bera» duela iruditzen zaio. Hortaz, ohartarazi du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJk irabaziko balitu Urkulluk Raxoiren murrizketa guztiak berdin-berdin ezarriko lituzkeela: «Urkulluk Raxoiren politika ezarriko luke Euskadin, baina euskal labelarekin».

Beste aldean, Espainiako Gobernuak EAJ «nazio mailako politika gaietan, Espainiako ekonomiaren garapenean eta ETAren amaieraren kudeaketan» inplikatu nahi duela esan dute berri agentziek, PPren iturriak aipatuta. Urkullu Raxoirekin bilduko dela baieztatu dute, eta Moncloan izango dela batzarra, aurki.

Pastorrek, berriz, esan du lehendakariak ez duela agenda «EAJren eta PPren hauteskunde presengatik aldatuko», eta bozak «dagokienean» egingo direla.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA/ FOKU

«Herritarrek ez dute ulertuko PSEk eta PPk bat egitea»

Edurne Begiristain

Viterok ziurtzat jo du ekainaren 17an Gasteizko Udaleko aginte makila eskuratuko duela: «Guri dagokigu aldaketaren lema hartzea».

Ezker-eskuin, PSNko Maria Txibite eta Ramon Alzorriz, eta Geroa Baiko Pablo Azkona, Uxue Barkos eta Maria Solana. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Maria Txibite: «EH Bildurekin ez dugu gobernu akordiorik egingo»

Joxerra Senar

PSNko hautagaiak Geroa Bairi eta Zurekin Nafarroari adierazi die haiekin osatu nahi duela gobernua. Geroa Baiko kide bat nahi du Barkosek Nafarroako Parlamentuko lehendakari; Txibitek, PSNko bat
Eneko Andueza eta Andoni Ortuzar, artxiboko irudi batean. ©LUIS TEJIDO / EFE

«Lotu gabeko kontu batzuk» geratzen dira EAJ-PSE akordioa ixteko

Iosu Alberdi

Anduezak eta Egibarrek uko egin diote PPrekin gobernu akordio bat egiteko aukerari. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos elkarrekin batzartu dira, «gehiengo aurrerakoi bat» osatzeko asmoarekin

 ©Iñaki Porto / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...