Arbelari begira

Orri zuri bat

Beñat Gaztelumendi.
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Estatu errepresoreek ekarri dute euskararen galbidea?». Galdera horrekin sartu zen Antton Narbaiza Eskoriatzara. Babelgo dorreari gero eta solairu gutxiago gelditzen zaizkion garai honetan, euskarari buruz loreak ez diren gauza gehiegi entzuten ditugun garai honetan, galdera horrekin sartu zen klasera. Eta azaldu zigun historiak bi estatu absolutista eta hizkuntza bakarrekoren artean jarri gintuela orain dela horrenbeste mende. Nola euskaldun elebakar askok hitza baino zerbait gehiago galdu zuten Amerika konkistatu nahian. Nola euskara bezain arrunta zen gaztelera latinaren mailaraino iritsi zen. Nola Euskal Herriko jauntxoek ere bat egin zuten hizkuntza kultuarekin. Eta nola euskaldun elebakarren administrazioak beste bi hizkuntza erabiltzen hasi ziren. Txirritak ere halaxe zioen:«Erdara ez zen bakarrik kapaz, euskarak lagundu dio». Akaso, errua euskarak baino euskaldunok izango dugu, ordea.

Hortik datoz norberarekiko konplexuak, norberarekiko mespretxuak. Hizkuntza ez da egindako etxe bat; orri zuri bat da, egunero idazten den zerbait. Baina idazten ez zekitenek hitz egiten zuten euskaraz. Eta, berezko asimilazio horretan, dominoko piezen moduan joan ziren eremuak eroriz eta eroriz. Frantsesek esango zuten euskarak ez duela balio mundu berrirako, ez dela iraultzaren hizkuntza. Iraultzak hizkuntzek egingo balituzte bezala. Horregatik eraiki ziren hizkuntza kultuak irakasteko eskolak; horregatik hasiko ziren eskoletan «eraztunaren zigorra» aplikatzen. Azkenean, berezko asimilazioarekin nahikoa ez eta legeak ere erabili zituzten, estatu handien oinetakoetan harri txintxarra ziren hizkuntza txikiak isiltzeko.

Gero sortu zen euskal nazionalismoa. Gero etorri ziren apologistak, euskararen aldeko loreak erdaretan botatzera. Euskal Herri bat eraiki nahi zen, baina hizkuntza besteengandik bereizteko tresna soila zen. Eta zaila da euskararen etorkizuna imajinatzea hizkuntza ideologiarik gabe.

Eta halaxe doa Antton Narbaizaren hitzaldia, power-pointeko orrialdez orrialde. Eta bat-batean «ad futurum» tituluko orri bat. Eta makina gelditu egin da, nekatuta. Baina airean nabarmentzen dira galderak: Eta orain zer? Konplexuek hor jarraitzen al dute? Posible al da bi hizkuntzetan bizitzea? Zein da gure helburua? Zer behar du euskarak, zazpi lurraldeetako hedapena edo indar-guneen trinkotasuna? Zer egingo dugu ETBrekin? Euskararen aldeko lanik egin al daiteke erdarazko hedabideetan?

Orri zuria betetzen jarraitzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.