Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 3. Graduondokoa

Diaspora

Beñat Gaztelumendi.
2011ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
www.mondragon.edu/huhezi/ekt

Hemen» da Durango, «hemen» da Azpeitia, «hemen» da Leitza. Eta «hemen» da Boise, «hemen» da Uruguai, «hemen» da Argentina. Mendeetan joan gara Euskal Herritik kanpora konkistek, lanek edo politikak eramanda. Eta Euskal Herri txikiak eraiki ditugu munduko mila bazterretan. Euskal Herriak nolakoa izan behar lukeen imajinatuko dugu jaio ginen lekuetatik urrun. Eta, gure moduan haraino joandakoekin, bilguneak sortu ditugu; komunitateak osatzera heldu gara.

Benan Oregi eta Joseba Etxarri izan genituen asteazkenean Eskoriatzan, eta diasporaz hitzegin ziguten. Mundua euskal komunitate txikiz beterik baitago. Euskal Herritik urrun ere, beren kulturari eusten ahalegintzen dira milaka euskaldun egunero, beren nortasunari eusten. Eta horretarako elkartzea beste biderik ez dago. Hala sortu dituzte Euskal Etxeak; horregatik biltzen dira ospakizunetan. Belaunaldiz belaunaldi, beren hizkuntzari eta nortasunari heldu diote. Horregatik dauzkagu gaur euskaldun estatubatuarrak, euskaldun uruguaitarrak. Bi identitate elkarri lotuak, baina elkar jaten ez dutenak. Identitatea ez baitu nortasun agiriak bakarrik ematen. Bigarren belaunaldiko emigranteak ere euskaldun sentitzen dira gaur.

Baina nork erabakitzen du nor den euskaldun eta nor ez? Hizkuntzak? Arrazak? Odolak? Norberak erabakitzen al du? Edo ba al da baldintza objektiborik? Gauza bera al da «euskaldun» hemen eta Kuban? Beharbada ez, baina gure hizkuntza-komunitatea Aturri eta Ebro artean trinkotu zen, hemen egin zen indartsu, eta itsasoz bestaldeko euskaldunek hemendik elikatu beharko dute beren nortasuna.

Euskal uhartetxoz beterik dago mundua, egunero Euskal Herrira begiratzen duten leihotxoz beteta. Hemen gertatzen denak eragin egiten du han ere; hemengoa erreferentzia da hangoentzat. Baina, aldi berean, egunero lurralde arrotz batean beren kulturari eusten diotenek ere badaukate guri zer irakatsia. Kulturaz, hizkuntzaz eta kolorez betetako mundu honetan euskaldun izateko beste modu bat ikas dezakegu haiei begira.

Euskal Herria Espainiaren eta Frantziaren artean dagoen lur zatiari deitzen diogula entzun izan dugu maiz, eta ahaztu egiten zaigu uharteak ere baditugula munduan barreiatuta. Komunitatea ez baitu lurraldeak osatzen. Hizkuntzak ezartzen ez dituen mugak politikak ezartzen ditu maiz, ordea. Eta «hemen» da Nevada, «hemen» da Uruguai. Eta diasporak eraiki ditugu Maulen, diasporak Baionan, diasporak Barakaldon, diasporak Tuteran, diasporak…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.